Tarifikazio bereziko telefono zenbakiak: diru iturri berriak

Asier Alkorta 2011ko abe. 14a, 01:00

Bezeroendako arreta zerbitzu pertsonalizatua, zuzeneko telefono zenbakia, guztiz doakoa… Mila modutara deitzen diete enpresek, baina guztiak dira 900 zenbakiarekin hasten diren telefono zenbakiak. Izen bat edo bestea jarri, zenbakiok tarifikazio bereziko telefono zenbakiak dira. Hots, beste telefono zenbakietara egindako deiak baino garestiagoak diren telefono lineak dira.

Legeak horrela dioelako, enpresa guztiak daude behartuta bezeroen arreta zerbitzurako telefono zenbaki bat jartzera. Baina doakoa den edo bestelako dei baten beste balio duen zenbaki bat jarri ordez, 901 edo 902 aurrezenbakia dituztenak hobesten dituzte. Zergatik? Bada, telefono zenbaki horiek tarifikazio berezikoak direlako eta kontsumitzaileak, deitzeagatik, ohi baino garestiago ordaintzen duelako deia. "Telefono zenbaki horiek luzaroan mantentzen dute bezeroa telefonoan, eta, ondorioz, enpresarentzat diru sarrera bat dakar horrek", dio Jose Manuel Urkidik, Gipuzkoako Kontsumitzaileen Batasuneko kideak.

Bada, lau zenbaki mota bereizten dira: 900 aurrezenbakidunak (hasiera baten, guztiz doakoak direnak), 901 aurrezenbakidunak (erabiltzaileak ordaintzen du deiaren kostu erdia eta beste erdia enpresak), 902 zenbakiarekin hasten direnak (deiaren kostu osoa deitzen duenak ordaintzen du) eta 903, 904, 905 edo 906 zenbakiekin hasten direnak (erabiltzaileak deiaren kostua ordaintzeaz gain, beste gainzerga bat ere ordaintzen du).

900 aurrezenbakiarekin hasten direnak, hasiera baten, doako moduan aurkezten direla aipatu dugu; izan ere, horren barianteak ez dira doakoak. Hau da, baliteke kontsumitzaile batek doako zenbaki batera deitzea, baina beste zenbaki bat markatzen badu, telefono deia beste zenbaki horretara desbideratzen da, eta hori ez da doakoa. "Hortik aurrera, kontsumitzailea hasten da ordaintzen".

Bateko zen besteko zenbakiekin hasi, garestienen artean garestienak 905 zenbakiekin hasten direnak dira: "Horien tarifak oso handiak izaten dira". Egoera horren aurrean, kontsumitzaileak babes barik sentitzen direla dio Kontsumobide Kontsumorako Euskal Institutuak. "Bezeroak ez daki noiz den doakoa eta noiz ez. Eta enpresak horrekin jokatzen du".

Tarifikazio bereziko telefono zenbakiak 1992. urtean sortu ziren. Hasiera baten, enpresa handientzat diseinatutako tresna moduan aurkezten ziren, baina, horien erabilgarritasuna ikusi eta gero, mundu osoko enpresetara hedatu da zenbakion erabilera. "Hain arrakasta handia izan dute, orain enpresa gehienek dute horrelako linearen bat", dio Urkidik.

Konbentzionalak, atzetik
Hala eta guztiz ere, erabiltzaile gehienek ez dakitena da tarifikazio bereziko telefono zenbaki guztien atzetik telefono konbentzional batek egon behar duela, derrigorrez. Normalean, aldiz, telefono konbentzional hori atzean, ezkutatuta, mantentzen du enpresak. "Telefono konbentzionalera deitzea estatu mailako beste edozein deik bezala balio du". Eta noski, gaur egun dauden tarifa guztien barruan sartzen da dei hori ere. "Normalean dituzten diru sarrerei telefono deien diru sarrera hau gehitzen diete enpresek. Horregatik jartzen dute nonahi euren arreta telefonoa. Dena dela, horren atzetik beste zenbaki konbentzional bat egoten da, doakoa dena".

Adibideak emate aldera, 902 zenbakia duten enpresek 0,003 euro jasotzen dute 3000. deitik aurrera. "Enpresak jasotako dei guztien artean 500 minutu baino gehiago pilatzen badira, orduan ere irabazien portzentajea goraka hasten da enpresarentzat". Horrek garbi erakusten du zer dela eta mantentzen duten kontsumitzailea telefonoaren bestaldean zain. Bestalde, telefono tarifa ezberdinek ez dute kontuan hartzen edo ez dute doako zerbitzu moduan hartzen 900 telefono zenbakietara deitzea. "Horiek ordaindu egiten ditu erabiltzaileak, berdin dio zein tarifa eduki; aparteko dei bereziak dira". Beraz, kontsumitzaileak galtzeko guztiak dituela diote kontsumitzaileen elkarteetakoek. "Arazo horren harira salaketa eta kexa asko jasotzen ditugu gure elkartean", gaineratu du.

Enpresa ezagunak tartean

Telefono zenbaki horiek gogora ekartzerakoan, kontsumitzaileek beti Teletienda eta bestelako telebistako lehiaketak ekartzen dituzte gogora, baina, adituen esanetan, horiek azkenak dira. "Betiko enpresak ere tartean daude", diote Kontsumobidekoek. Horrela, Gas Natural, Endesa, edota OCU Espainiako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak ere tarifikazio bereziko telefono zenbakiak dituzte euren webguneetan. Telefonicak, bestalde, arreta zerbitzua tarifikazio bereziko telefono zenbakiaren bidez zuen orain arte (902), baina aurten aldatu eta 900 zenbakiduna jarri du, guztiz doakoa dena.

800 zenbakidunak

900 zenbakiarekin hasten direnen aurrean 800 zenbakiarekin hasten direnak sartzen dira. Aldaketa hori duela gutxi egin da eta bata eta bestea desberdintzeko arrazoia telefonoaren bestaldean ematen den zerbitzua da. 803 aurrezenbakia, esaterako, linea erotikoen, tarotaren eta harremanak eskaintzen dituzten enpresentzako sortu zen. 806 zenbakidunak, aldiz, lehiaketetarako eta informazio orokorreko enpresendako dira. Horietan ere tarifak ez dira ez merkeak: minutua 0,28 eta 0,91 euro artean kokatzen da. "Baina guztietan minutu bat baino gehiago ematen du kontsumitzaileak; garesti ateratzen da".

Informazio-zenbakiak
Tarifikazio bereziko telefono zenbakiak, aldiz, ez dira kontsumitzaileen burukomin bakarrak. Izan ere, informazio orokorreko zenbakiek (11888, 11818...) ere tarifikazio bereziko telefono zenbakiak emateko joera dute. "Informazio enpresa horiek beti hobesten dute beste enpresari dirua emango dion telefonoa, eta atzean utziko dute telefono zenbaki konbentzionala. Argi dago enpresen arteko tratuak daudela; hori begi bistakoa da", azaldu du Urkidik.

Kontsumitzaileek, aldiz, zenbaki horietan asko sinesten dutela dio. "Jendeak konbentzituta deitzen du informazio zenbaki horietara eta han jasotzen duten zenbakira segituan deitzen dute; ez dute jasotako informazioa kolokan jartzen. Gainera, kontsumitzaile batek zerbitzu hau erabiltzen duenean presa handia izaten du eta ez du denborarik izaten beste telefono bat aurkitzeko". Azkenean, erabiltzaileak informazioa ematen duen enpresara deitzea ordaintzen ez badu ere, bestea garesti ordaintzen duela dio.

"Doakoak izan behar dute"

2005ean onartutako 424 Errege Dekretuak jasotzen duenaren arabera, enpresa guztiak doako telefono zenbaki bat edukitzera behartuta daude, baina gaur egun hori ez da errespetatzen. Dena dela, SMS mugikorreko mezuen edo MSM mezu multimedien kasuak arautu barik daude. "Informazioa eskatzeko telefono zebankiak diren heinean, zenbaki horiek doakoak izan beharko lukete. Eta legeak gaur egun gertatzen dena babestu eta onartzen badu, guk horren aurka joko dugu". Dena dela, lege aldetik "nahiko ondo babestuta" egongo direlakoan dago Urkidi bera: "Seguru nago legea ondo ezagutzen dutela eta alde horretatik euren burua babestuta edukiko dutela".

Babestuta edo ez babestuta, tarifikazio bereziko telefono zenbakiak gero eta gehiago agertzen dira. Eta kontsumitzaileek gero eta gehiago deitzen dute. Salaketak ere tarteko, telefoniaren mundua nagusi den gizartean, dirua ateratzeko beste iturri bat bilakatu dira zenbakiok.

-------------------------

Telebista, salaketa gehienen iturburua
Kontsumitzaileen elkarteek gehien jasotzen dituzten salaketak telebista bidez egiten diren lehiaketan gainekoak direla diote. "Salaketa eta kexa gehienak hortik datoz. Lehiaketa baten parte hartzeko mezu bat bidali edo dei bat egiten duzu eta hor dinamika baten barruan sartzen da kontsumitzailea", dio Urkidik. Lehiaketa horietako batera mezu bat bidaltzea edo dei bat egitea, gerora, deiak edota mezuak jasotzeko nahikoa dela dio Urkidik. "Hor poltsa baten sartzen zaituzte eta hortik aurrera bidaltzen dituzten mezuak hartzaileari kobratzen dizkiote". Egoera horren aurrean, kontsumitzaileek zer egin ez dakitela geratzen direla diote. "Mezu horiek amaitzeko zer egin dezaketen galdetzen digute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak