Gureak Taldeak instalazio berriak inauguratuko ditu Bergaran

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abe. 12a, 21:05

Gipuzkoan pertsona ezgaituak lan merkaturatzea helburu duen Gureak Taldeak 2.000 metro koadroko lantegi berria inauguratuko du Bergarako Telleria Industrialdean eguaztenean. 3,8 milioiko inbertsioa egin du pabilioi Gureak Taldeak makineria eta instalakuntzen moldaketetan, Bergarako Labegaraieta Industrialdean duen lantegian.

306 debagoiendar

Gaur egun Gureak Taldean 309 debagoiendarrek dihardute lanean. %90eko ezgaitasunen bat duten pertsonak dira bertan lan egiten dutenak.

  • 134 arrasatear.
  • 92 bergarar.
  • 36 oñatiar.
  • 28 aretxabaletar.
  • 19 eskoriatzar.

Udaleko eta diputazioko agintariak

Inaugurazio ekitaldian honako hauek izango dira:

  • Iñaki Alkorta, Gureak Taldeko presidentea.
  • Jesus Mari Elortza, Bergarako alkatea.
  • Jon Lasa, Eskubide ekonomikoen, Haurren babesaren, Gizarteratzearen eta Enpleguaren Foru Aldundiko zuzendari nagusia.

Hitzarmena GKN Driveline-rekin

Gureak Taldeak hitzarmena sinatu zuen irailean automozio sektoreko munduko liderra den GKN Driveline-rekin. Akordioari esker, 40 lanpostu berri sortuko ditu Gureak Taldeak. Horretarako, Bergarako Labegaraieta industrialdean duen lantegia handitu egin du beste pabilioi berri bat eskuratuz. Pabilioi horretako instalazio berriak inauguratuko dituzte eguaztenean.

Gureak Taldeko industria adarrak GKN Legazpin forjatzen dituzten pieza guztiak berrikusiko ditu, biltegia kudeatuko du eta irteerak prestatuko ditu.

GKN Drivelinek Europako hegoaldean dituen lantegietara egunero 70.000 pieza banatuko dituzte Bergarako lantegitik. Hala, Erresuma Batura, Frantziara, Italiara, Esloveniara, Vigora eta Zumaiara banatuko dituzte piezak. Ondoren, beste planta horietan egingo dituzte mekanizatua eta muntaia.

16 milioi pieza

Aurreikusten dute Gureak Taldeak urtero berrikustea 16 milioi pieza Bergarako lantegian. Horretarako, "inbertsio ekonomiko inportantea" egin dutela adierazi dute Gureak Taldekoek, azpiegitura aldetik eta giza baliabideen aldetik, piezen berrikuspena "fidagarria" izan dadin.

Gureak Taldetik adierazi dute industria adarra berrindartzen hasi dela, krisiagatik moteltze edo geldialdia jasan ostean. Ondorioz, zerbitzu logistikoei dagokienez, merkatuan duten posizioa indartzen diharduela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak