Bi fasetan ezarri nahi dute ibarreko herri guztietan atez atekoa. Lehenengo fasean, Oñati, Bergara eta, nahiko balu, Elgeta hasiko lirateke; bigarrenean, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga. Peredak ez du baldintzatu atez atekoa abian jartzea Epeleko konpostaje planta egin arte. Dio, 2013an hasi nahiko luketela atez atekoarekin.
Lanak datorren urtean
Epelen konpostaje planta egiteko lanen gainean zera dio: “orain arteko jabeei lurrak erosi zaizkie. Abendu bukaeran izango da notaritzan eskrituren sinadura-eta; pentsatzen dut datorren urtean hasiko direla lanak eta urtebete edo urte eta erdiko epean amaituta egongo direla. 2013 erdialderako edo agian lehenago bukatuta egongo den esperantza dugu, hori desio dugu”.
1.200 kilo konpost urteko
Konposta egiteko plantaren gaineko zehaztasun batzuk ere eman ditu. Dio aurreikusita dagoela 5.000 tona hondakin organiko hartzea urteko Epelek. “Errendimendua izaten da %20-25ekoa. Beraz, irtengo lirateke 1.200-1.300 kilo konpost urteko”.
Atez atekoaren gainean dio asmoa dela 2013an hastea ezarpenarekin. “Ez dugu argi konpostaje zentroa amaituta egongo den ordurako edo lehenago ezarriko den hondakinen atez ateko bilketa sistema”
Eta errefusa?
Atez ateko zabor bilketa selektiboak birziklatzen ez duen errefusaren gainean ere mintzatu da. Eta horrekin zer egin daitekeen galdetuta, zera dio: “Errefusa hori, zabor baino, hondakin da oraindik badituelako errekuperatu daitezkeen material batzuk. Eta geratzen den material horren toxikotasuna oso txikia da, eta, hala ere, badaude tratamendu termiko batzuk egonkortzea eragiten dutenak, fardelen kasuan- eta duten toxikotasun txiki hori ere bertan behera uzteko. Hortaz, aurreikusten direnak dira zabortegi txiki batzuk errefusa hori batuko luketenak; baina garbi utzi beharra dago errefusa hori inertea dela, ez dela toxikoa, beraz, horiek ezingo direla inondik inora alderatu gaur eguneko hondakindegiekin. Izango litzateke inerteen hondakindegi bat".
Hondakindegi hori Debagoienean jarriko litzatekeen galdetuta, erantzun du aztertzen ari direla “non jar daitekeen hondakindegi hori, baina oraingoz ez dago horren gaineko erabakirik”.