Garai baten Yahoo! liderra zen Interneten baina sare sozialen etorrerarekin erregetza galdu du gaur egungo alorrik puntakoenean. Aspaldi dabiltza Yahoo! saldu ala fusionatu guran baina oraindik ere pribilegiozko postua dauka Estatu Batuetan, batez ere albisteei eta kirol informazioari dagokionean. Publizitate kontuetan, adibidez, sarrera gehien dituen sareko enpresa da, Facebook eta gero. Mundu mailan nahi dute lidertza baina, eta Txinako bere sozioak, Alibaba delako enpresak, teknologia guztia erosi gura dio Yahoo!-ri Softbank, Blackstone Group eta Bain Capital enpresekin batera egindako eskaintza batekin.
Bideo zerbitzuetan interesa
Microsoft izan da historikoki Yahoo!-ren ezkongaia baina sekula ere ez dute elkar ulertzerik lortu. Hala ere, Bing bilatzaileak eta Yahoo!-renak teknologia bera darabilte eta emaitza berdinak erakusten dituzte. Etsai nagusia, historikoki, ordea, Google izan da baina borroka hori galdutzat emanda, bestelako zerbitzuetan egon da lanean Yahoo!, albisteetan eta informazioan sakonduz, estrategia nagusi moduan.
Orain begirada Internet bidezko bideoan dauka jarrita Yahoo!-k eta mota horretako zerbitzuetan sakontzea da helburua. Estatu Batuetan hasiko dira eta hango liderra izatea da helburua. Gainontzeko teknologia Txinako enpresa taldeari saltzea da posibleena.