1. Rajoy ala Raxoi, zein izango da Espainiako hurrengo presidentea?
Real Academia Galegaren buruari galdetu behar zenioke hori... Niretzat, ohituraz, Rajoy, jabetzaren erregistratzailea delako; baina onartzen dut Raxoi ere izango litzatekeela... Dena den, euskal toponimian ez da agertzen.
2. Erakunde bateko buru zaren heinean, zer aholkatuko zenioke?
Ahal duen neurrian Espainiaren arazoak konpontzeko. Baina tentu handiz; presaka ibiltzea ez da ona.
3. Euskaltzainburua eta, gainera, notarioa zaitugu, ala alderantziz?
Dudan adina kontuan hartuta, bata zein bestea, ez dakit zeinek duen lehentasuna. Garai baten, argi nuen; gaur, gero eta nahasiago daukat.
4. Arauak etengabe aldatzen dituzuen sentipena dute askok...
Nire ustez, topiko okerra da. Katalunian 100 urtean eta Espainian 300 urtean egindakoa guk 40-50 urtean egin behar izan dugu, euskarak berak gizartean duen gero eta presentzia handiagoarekin eskatu duelako hiztegia, gramatika, toponimia eta beste finkatzea.
5. Euskaltzainen bileretan, nork eroaten ditu pastak?
Kudeatzaileak; baina gero eta gutxiago, aurrekontua murritzagoa da-eta. Azken urteetan erabat aldatu dira bilerak: eztabaidatzea baino gehiago da biltze eta laburtze lana egitea; batzordeetako lanari errepasoa eta arau maila ematen diogu.
6. Euskara, ez erabiltzea baino, hobe gaizki erabiltzea. Ados?
Ez. Erabili egin behar da, ahalik eta modu onenean, nork bere naturaltasunetik. Hori ez da txarra edo makurra; naturaltasunak naturala izan behar du, kasuan kasu eta lekuan leku.
7. Zer da zailagoa: nazioarteko legeak euskaratzea ala gazteendako euskara lantzea?
Ez bata, ez bestea, ez dira errazak. Lehenengoan, hainbat kontzeptu zail samarrak dira euskararendako. Gazteendako erregistroak euskararen beraren iturburuetatik sortu beharko lirateke.
8. Irakasle ere bazaren neurrian, euskaran, zein nota jarriko zenieke euskarazko hedabideei?
Batzuei bikain, beste batzuei nahikoa eta justu samar. Klase guztietan daude gorago ibiltzen direnak eta narratsagoak.
9. Ikasgelan edo bulegoan ez bada, non harrapatuko zaitugu?
Akaso, ibiltzen: Europan, Euskal Herrian... Gustuko ditut bidaiak, baita herri bakoitzeko kultura eta liburugintza ezagutzea ere...
10. Neur dezagun zure bilbotartasuna: zein da munduko txokorik politena?
Txoko politena ez dago Bilbon, Bilbo oro har da erakargarria. Baina lanagatik eta familiagatik, ez ditut sekula ahaztuko Lea-Artibai eta Urdaibai. Nire bilbotartasuna futbolean mamitzen da batez ere.
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Euskal Herrian berradiskidetzea bilatuko nuke; eta horrekin lortuko bagenu, esaterako, krisi ekonomikoari aurre egitea, makilatxo horrek sekulako lana egingo luke. Hirugarren nahi bat ere badut: Euskal Herriaren etorkizuna ahalik eta garbiena izatea. Baina horretarako, makilatxoa beharrean, lana behar da".