Debagoieneko sozialistek diote "indar guztiekin" egingo dutela atez atekoaren aurka

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 23a

PSE-EEk Debagoieneko herrietan dituen zinegotzien bozeramaileek diote gure eskualdean "atez ateko zaborren kudeaketaren aurka" egingo dutela eta "iruzurra" iruditzen zaiela sistema hau. Hala diote Aritz Arrietak, Ainhoa Sabarribaik, Jose Luis Canterok eta Mari Carmen Barrenetxeak, hedabideetara bidalitako oharrean, eta Oñatiko Zero Zaborrekoei erantzunez.

PSE-EEk, "indar guztiekin" egingo duela atez atekoaren aurka diote oharrean. Zaborrak batzeko atez ateko sistema "garesti, desatsegin eta osasungaitza" dela diote eta "toleraezineko kontrol soziala" helburu duela; era berean, "ostalaritzari kalte larria" eragiten diola.

Zero Zaborrekoei

Bestalde, Oñatiko Zero Zabor plataformakoei erantzun nahi izan diote zinegotzi sozialistek. Diote, joan zen astean egindako prentsaurrekoan, Oñatiko Zero Zabor plataformakoek "deskalifikazioak eta irainak" baino ez zizkietela jaurti eta, horrek, erakusten duela plataforma horretakoen ezgaitasuna. "Zergatik ez diete azaltzen Debagoieneko 80.000 bizilagunei ze kostu izan behar duen atez atekoa ezartzeak?" diote, Zero Zaborrekoei buruz.

Konposta Iparraldera

Horretaz gain, Debagoieneko Mankomunitateari leporatzen die atez atekoa ezarri nahi izatea, baina, era berean, konpostaje eta biometanizazio planta "garaiz ez eraikitzea". Izan ere, diote, modu horretan, "zabor organikoa Iparraldera eroan beharko lirateke eta ez etxetik gertu dagoen konpostaje planta batera".

Era berean, diote, Zero Zabor plataformak darabilela Zubietako errauskailuaren eztabaida, benetako eztabaidaren gainean distraitzeko: "batetik, atez atekoa, etxe aurretan zaborrontzi eta pintxoak jartzen dituena, eta, bestetik, betikoa, edukiontziena".

Atez atekoa "iruzurra"

Atez atekoa "iruzurra" del diote. Izan ere, "atez atekoarekin lortzen den konposta ez baita edukiontzi marroitik lortzen dena baino kalitate hobekoa", baina azken hau "norberaren borondatezkoa" da eta atez atekoa, berriz, "behartua".

Zabor turismoa

Azkenik, atez atekoak "zabor turismoa bultzatzen" duela diote. Eta adibide moduan, Usurbil eta Hernani jartzen dute. Diote, Usurbilen zaborraren %25-40 desagertu dela eta Hernanin, berriz, %36-40. Eta, sozialisten ustez, "horrek erakusten du herritar asko atez atekoaren aurka daudela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak