Zero Zabor taldekoek alderdi sozialistak debagoiendarron buzoietan banatu dituen panfletoetan argitaratu dena salatu zuten atzo arratsaldean egin zuten prentsaurrekoan. Hala, adierazi zuten: "PSOEk boto batzuk eskuratzeko asmoz, atez atekoaren aurka egin, eta demagogia eta gezurrak erabili ditu. Gipuzkoarren osasunarekin eta diruarekin jokatuz, egindako kanpaina zikin hau ez dugu inondik inora onartuko".
Gaineratu zuten alderdi sozialistak proposatzen duen bosgarren edukiontzia ez dela erraustegi eta zabortegien arazoaren irtenbidea, eta zaborraren arazoaren aurrean, alternatibak proposatu beharrean, arazo berriak sortzen dituela erraustegia bezalako proiektuak bultzatuz.
Galdera zuzena ere egin zioten alderdi sozialistari: "Zergatik dago PSOE Madrilen erraustegiaren aurka eta hemen erraustegiaren alde? Eta Katalunian atez atekoaren alde eta hemen atez atekoaren aurka?". Horretaz gain, elkarrizketa ireki eta publiko bat egiteko gonbita ere egin zieten PSOEkoei.
Herritarrei, bestalde, Antzuolara joateko deia egin zieten, atez atekoa bertatik bertara ikusteko eta PSOEk esan dituenak "gezurrak" direla egiaztatzeko. Zero Zabor taldekoek argi esan zuten Zubietan egin nahi den erraustegiaren eta egungo zabortegien alternatiba eta irtenbidea dela atez ateko sistema.
Aurreratu zuten baita, bailarako etxe guztietan jasoko dugula alderdi sozialistak kaleratutako panfletoaren puntuz puntuko erantzun zehatza datorren astean.