"Nire desadostasuna erakustea Kultura Sailak aurtengo saiakera irabazlearekiko hartu duen erabakiarekin"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 23a

"Mila esker Euskadi Literatura sariak banatzeko ekitaldira gonbidatzeagatik. Zoritxarrez gonbidapenari uko egin beharrean nago, arrazoia sendoa baitut horretarako: nire desadostasuna erakustea Kultura Sailak aurtengo saiakera irabazlearekiko hartu duen erabakiarekin". Ainhoa Larrañagaren berbak dira. Euskadi Literatura Sarien saiakera ataleko epai-mahai buruarenak. Gaur banatuko dira sariak eta Joseba Sarrionandiak ere jasoko du. Lehiaketako saria emango dio durangar idazleari ere, hasiera batean, saria erretenitzea erabaki ostean. Espainiako Auzitegi nazionalak idazlearen aurkako auzirik ez dagoela berretsi du.

Sarrionandiaren familiak Jaurlaritzaren jarrera “arbitrarioa” salatu du, "ezelako oinarri juridikorik izan barik, saria legez kanpo atxikitzeagatik".

Hona hemen, Ainhoa Larrañaga bergararrak Blanca Urgell Kultura Sailburuari igorritako gutuna:

"Saiakera ataleko epaimahaikide izan naizen aldetik, epaitzeko eskuratu zaizkigun lanen idazleek sariketaren baldintza guztiak betetzen zituztela jakinarazi zait. Eta nire epaia ere lan guztiak eta lan horien idazleak egoera berean zirelakoan eman dut. Lan horiei eta lanen idazleei buruzko aldez aurretiko erabakirik hartua zela jakinez gero, alde nahiz kontra, ez nukeen inola ere onartuko epai-mahaikide izatea.

Gainera, sariketa literario bateko epai-mahaikide izateko deia jasota, horixe onartu nuen eta ez besterik. Nik dakidala, sariketa literarioak sariak emateko daude, ez zigortzeko. Norbaitek zigorrik merezi duen ala ez erabakitzeko epaitegiak direlakoan nago. Saiakera sariketako epai-mahaikideon erabakiak berez jarri behar luke saria idazle irabazlearen eskuetan, are gehiago erabakia aho batez hartutakoa denean. Sariketara aurkeztutako lanen bataz besteko kalitatea jasoa izan den arren, zintzoki meriturik gehien biltzen zuenaren alde egin nuen, eta hala egin zuten beste epai-mahaikideek ere dirudienez.

Hortaz, inondik eta inora ezin espero nezakeen lan irabazlea saririk gabe uztea. Saria irabazleari ukatuko bazaio, ez da izango nire oniritziarekin.

Abagune hau baliatu nahi nuke Kultura Sailaren erabakia zuzen dadila eskatzeko ala, horrelakorik gertatuko ez bada, nire izena epai-mahaikoen zerrendatik kentzeko datozen deialdietarako. Halaber, irabazleari dagokion saria eskuratzen ez zaion bitartean, epai-mahaiko zereginagatik dagokidan ordain sariari uko egiten diodala adierazi nahi dizut".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak