Hauxe da Jaurlaritzaren argumentua saria ez emateko: "Eusko Jaurlaritzak, legea betetzeko eta terrorismoa irmoki arbuiatzeko daukan konpromisoarekiko koherentziaz, oztopo larriak ditu berak babesten eta diruz hornitzen duen saria horrelako pertsona bati eman dakion, hau da, ETA organizazio terroristako kide izateagatik kondenatua izan den, kartzelatik ihes egin duen, 1985az geroz leku ezezagunean den eta bere militantziaz sekula damutu ez den pertsona bati".
Esan egiguzu, lehenbizi, zergatik saritu duzuen Sarrionandiaren lana.
Aktan hala jaso genuen eta hala esan behar dut: irabazlearena izan da, zalantzarik barik, eta aldearekin, sariketako lanik onena. Lan mardula, lan bikaina, oso ondo idatzita eta dokumentatuta dago. Ikuspegi anitzak jasotzen ditu, hausnarketarako iradokizun piloa ematen ditu. Bihar edo etzi, euskal literaturako klasiko bihur daiteke, gainera, lan hau. Euskara zainduz eta txukunez idatzia. Gaia oso originala da eta oin orri asko ditu. Argazkiak, gaia, hizkuntza…, dena dago ondo aurkeztua. Oso gomendatzeko moduko lana da.
Zenbat lan aurkeztu dira lehiaketara?
Dozena bat-edo.
Euskal literaturako beste izen ezagun batzuenak tartean?
Bai, irabazlea alde batera lagata, beste euskal idazle ospetsu batzuk ere aurkeztu dira, bai. Era askotako lanak aurkeztu dira.
Moroak gara behelaino artean. Zer kontatzen du?
Iraganera jotzen du. Hilario Sarrionandiarekin hasten da. Marokon dago kokatuta. Hizkuntza txikien, gutxituen, inguruko pasarteak, hausnarketak… egiten ditu. Euskaldunek Afrika iparraldeko gerratan izandako papera…; hango eta geure hizkuntzaren arteko parekotasunak, paralelismoak, egiten ditu, maisuki. Euskaldunon egoera alderatzen du mairuen egoerarekin. Identitatearen eta kultur aniztasunaren inguruan zer pentsatu ematen du. Entziklopedia txiki bat da, kontsultarako ere egokia.
Zela hartu duzu Eusko Jaurlaritzaren, antolatzaileen, erabakia, Sarrionandiari saria ez ematearena?
Polemika edo zeresana sortuko zuela bagenekien eta kezka hori esplizituki aitortu dugu epaia ematerakoan. Guri, halere, ez zitzaigun ezer komunikatu antolaketaren aldetik. Gainera, Sarrionandiak sariketara aurkezteko baldintza guztiak bete ditu. Hori esan ondoren, aipatu behar dut ez zaidala ondo iruditu Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia. Hedabideetan irakurrita enteratu naiz, gainera. Pertsona batek, bere berezitasun guztiekin, baldintza formal guztiak beteta, sariketara aurkeztu eta sariketa hori irabazi egin du. Baldintzarik ez badu betetzen saria irabazteko, sariketara aurkezteko ere ez.
Epaimahaiaren lana auzitan edo zalantzan jarri dela uste duzu?
Ez dut uste. Gure erabakia ondo oinarrituta eta azalduta geratu da. Baina, egia da, bestalde, sariketari kalte egiten diola Jaurlaritzaren erabakiak eta polemika honek. Ze, ez da serioa sariketara aurkezten laga ostean, saria irabazi, eta berau jasotzea ukatzea.