Susa argitaletxea ere hasi da liburu elektronikoak saltzen

Jon Berezibar 2011ko aza. 7a, 12:34

Guztira 66 idazleren 142 lan eros daitezke, ale bakoitza 3,56 eurotan, Susa-literatura.com/ebook -en.

Gero eta zabalagoa da  euskaraz aurki daitezkeen e-book ala liburu elektronikoen eskaintza. Orain dela gutxi literatura unibertsaleko titulu ugari  ipini zituzten eskura, euskaraz, eta oraingoan euskal argitaletxe nagusietako bat izan da urrats digitala ematen hurrengoa. Susa argitaletxea, hain zuzen,  e-book formatuan hasi da bere liburuak eskaintzen. Susa-literatura.com/ebook helbidean aurki daitezke guztiak eta katalogo polita ipini dute, gainera, deskargatzeko moduan. PDF eta ePUB formatuetan jaits daitezke liburu guztiak. Poesia eta narratiba saileko bildumak dira.

3,56 euro liburuko

Liburu guztiak prezio berean dauzkate salgai, 3,56 eurotan eta jasotako dirutik, bi euro idazlearentzat dira eta euro bat argitaletxeak jasoko du. 56 zentimo zergak dira. Fitxategiek gainera ez daukate DRM babesik, hau da, kopiarako galarazpenik ez daukate e-bookek eta gako barik zabal daitezke fitxategiak.
Guztira 66 idazleren 142 lan daude deskargatzeko moduan, autore berri zein ohikoenen lan ugarirekin.
Aipatu beharra dago, era berean, Susak aurretik ere sarean Armiarma bildumako zerrenda luzea ere ipini zuela eskuragarri. Poesia kaierak eta argitalpen bereziek osatzen dute Armiarma bilduma eta doan jaits daitezke webgunetik bertatik. Horrez gain, GureBook izeneko liburu denda elektronikoa abian da iaztik. Proiektu honetan Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela, Ttarttalo, Txertoa eta Arrain argitaletxeek hartzen dute parte. 166 lan dituzte salgai eta horietatik %60 euskarazkoak dira. Prezio aldetik baina askoz ere garestiagoak dira webgune horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak