Hori zen esaterako Bergarako Amillaga kaleko, San Lorentzo industrialde inguruko kasua. Han Deba ibaia oso betea zetorren arratsaldeko azken orduan, eta Udaltzaingoa gauean gainezka egingo zuen beldurrez zegoen.
Lur-jausiak arazo
Errepidetan hainbat lur-jausi izan ziren atzo arratsaldean. Larriena iluntzeko bederatzietan gertatu zen GI-627 errepidean, Bergaratik Soraluzerako noranzkoan. Ondorioz errepidea moztu egin zuten. Gainera, Deskargako mendatea, Zumarragatik Antzuolarako noranzkoan ere itxita egon zen iluntzean, euriaren ondorioz.
Autobidean ere bai
Foru Aldunditik berri eman dutenez, domekan, 21:40an, luizia izan zen AP-1en, Arrasaten, hegoaldeko Ikastaundiko tunelaren parean, Eibarrerako norabidean. Zuhaitz bat erori zen errepidera, eta lau autok haren kontra jo zuten. Kalte materialak baino ez ziren gertatu eta 23:44rako konponduta zuten arazoa.
Horrez gain, Oñatin, Zañartu auzoan Olatera bidean errepidea moztu behar izan zuten beste lur erorketa batengatik. Lehenago, Bergara eta Osintxu artean lur-jausia izan zen, hala ere, ez zen errepidea mozteko adinakoa izan. Leintz Gatzaga gainean, Gasteizera bidean ere izan zen lur erorketa bat 20:00rak inguruan.