Atzo, azaroak 1, sartu zen indarrean 9/2011 Errege-Lege Dekretua, eta, horren bitartez, medikuek printzipio aktiboaren edo izen generikoaren arabera bidali beharko dituzte botikak, eta farmaziek dagokion motako botika merkeena saldu beharko dute. Helburua farmazia eta osasun gastua txikitzea da.
Medikamentuak printzipio aktiboaren arabera bidaltzen hastearekin batera, eta hori aurreko neurri batzuei gehituta, 27,43 milioi euro aurreztea espero da farmazia-arloan, 2011n. Kalkulu hori honela banatuko da:
- 5 milioi euro datozen bi hilabeteotan.
- 5,8 milioi euro, 2011ko ekainean.
- 11,37 milioi euro, erreferentziazko prezioengatik (2011ko martxoa) eta prezio txikiagoengatik (2011ko iraila).
- 5,26 milioi euro: farmazia gastuari eusteko neurriak.
"Tratamenduak seguruagoak izango dira"
Oraingo Errege-Lege Dekretuak eragiten dituen aldaketa horiek egiteko, Osakidetza eta Osasun eta Kontsumo Saila egokitzen ari dira Medikamentuak Agintzeko Sistema Unibertsalera. Horretaz gain, Osasun eta Kontsumo Saila eta farmazialarien elkargo ofizialak adostasun-agiri bat hitzartu dute medikamentuak printzipio aktiboaren arabera emateko eta fakturatzeko.
Aldaketa nagusia da medikamentua printzipio aktiboaren izenarekin aginduko duela medikuak, hau da, medikamentuaren osagai nagusiaren izenaren arabera. Horrek esan nahi du pazienteak, botika beste formatu batean jaso dezakeela, hau da, formatua desberdina izan dezakeela orain artekoak duenetik, baina horrek ez du esan nahi dosia, ordutegia eta modua aldatu behar dituenik.
Osasun Sailaren esanetan, "medikamentuak agintzeko modu berri honek badu abantaila bat: pazienteak medikamentuak zer printzipio aktibo duen jakingo du. Horrek bikoiztasun-akatsak saihestuko ditu, eta, horrenbestez, tratamenduen segurtasuna hobetuko da".