Hamaika bider aurkeztu izan dute honezkero iPhoneari ostikoa ematera ei datorren telefono berria eta oraingoan ere iPhone 4Sa aurkeztu bezain laster, bi astera, Googlek eta Samsungek Galaxy Nexus aurkeztu dute, gailu potentea eta Androiden azken bertsioa, laugarrena, dakarren lehena.
Nukleoa eta pantaila
Galaxy Nexus telefono berriak 4,65 hazbeteko definizio altuko pantaila dauka eta prozesatzailea nukleo bikoitzekoa da. Kamera 8 megapixelekoa dauka eta lodiera 8,9 milimetrokoa. Neurri eta itxurak baino, ordea, sistema eragilearen zenbait bitxikeriak piztu dute arreta; esate baterako, aurpegi antzemateak. Hain zuzen, telefonoa desblokeatzeko sistema bitxia dauka Android 4ak, gailua aurpegiaren parean jarri eta errekonozituta desblokeatzen da. Ohiko eguneratze eta hobekuntzez gain, Android 4a NFC teknologiarekin dator, hau da, mugikorretik ordainketak egin ahal izateko eremu murritzeko sarearekin. Horrez gain, testuak diktatzeko teknologiarekin ere badator sistema eragile berria. Estatuan urte amaieran omen dira saltzen jartzekoak baina Samsungetik ez dute ez datarik, ez preziorik ezta banatzailerik zehaztu momentuz.