Min handia batean eta bestean

Julen Iriondo 2011ko urr. 21a, 11:17

ETAk jardun armatua behin betiko amaitutzat ematea erabaki ostean, gatazkaren ondorioak aztertu eta berradiskidetzea lantzeko sasoia doa irekitzera. Badago zer egin, baina etorkizun hobe batek merezi du.

70eko eta 80ko hamarkadetan izan ziren ETAren ekintza gehien eta ondorio larrienak utzi zituztenak Debagoienean. Guardia Zibila izan zen urte haietan euskal erakunde armatuaren jomuga nagusia. ETAk zortzi guardia zibil hil zituen Oñatin –eta Angel Astuy udaltzaina ere bai–, sei Arrasaten eta bi Aretxabaletan: hamasei guztira, hamaika erasotan.

Lehen atentatuak

Arrasaten izan zen Guardia Zibilaren kontra ETAk Debagoienean egindako erasoetan hildakoak eragin zituen aurrenekoa. 1974ko abenduaren 17a zen. ETAko hainbat kide zihoazen auto baten, eta Ferixaleku kalean metraileta tiroz josi zituzten Argimiro Garcia eta Luis Santos guardia zibilak; 50 urte zituen aurrenekoak eta 52 bigarrenak, jatorriz Salamancakoak biak.

Hildako gehien utzi zituen Guardia Zibilaren kontrako atentatua, baina, hurrengo urtean iritsi zen, 1975eko urriaren 5ean. Francoren azken arnasak ziren. Astebete lehenago –irailaren 27an– fusilatuak zituzten Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide komunista. Urriaren 5 hartan Arantzazutik Oñatirako errepidean behera zihoan Land Rover baten kontrako erasoa egin zuen ETAk. Lehergailua leherrarazi eta hiru guardia zibil hil zituzten, eta beste bi larri zauritu. Arrasateko kuartelekoak ziren; egun hartan bertan, ordu gutxira, beste atentatu bat ere gertatu zen Arrasaten.

Kanpanzarko ostatuan izan zen. Ostatuko jabe Iñaki Etxabe arrasatearra hil zuten tiroz –aurretik ere jasanak zituen hainbat eraso–, ETAko buru izandako Juan Jose Etxabe Haundixe-ren anaia. Iñaki Etxaberen hilketak, gainera, segida izan zuen. Astebete geroago hilda agertu zen German Agirre taxilari bergararra, Etxaberen hilketaren lekuko izan omen zena.

Zibilen hilketekin jarraituz, Bergarako senar-emazte batzuk ere badira zerrendan: 1982ko urriaren 16a. Maria Angeles Larrañaga eta Victoriano Agiriano metrailetaz hil zituzten Gasteizen, Segurtasun Indarrek Gamarran jarritako kontrol batean.

Zibil gehiagoren hilketak

Baina alde batekoek bakarrik ez zituzten zibilak hil sasoi hartan. ETAk ere hainbat atentatu burutu zituen herritarren kontra Debagoienean. 1978an Luis Candendo –Bergarako Labe Garaietako langilea eta Union de Centro Democratico (UCD) alderdiko militantea– hil zuten Antzuolan. Herri berean Jose Fernando Artola –hernaniarra sortzez– merkataritza ordezkaria hurrengo urtean –indar polizialen konfidente izatea egozten ziotela jaso zuten garai hartako egunkariek–, Luis Berasategi industriala Bergaran eta Juan Luis Agirreurreta Arrasaten. 1980an beste hiru zibil izan ziren erailak: Bergaran Luis Dominguez eta Ramon Ledo txapista eta Jose Artero marmolista Eskoriatzan.

Guardia Zibilek hildako herritarrez eta ETAk hildakoez gain, badira alde bietako erakunde armatuen arteko enfrentamenduan euren burua –nahi izan gabe– nahastuta ikusi zuten biktimak ere. Guardia Zibilaren eta Komando Autonomo Antikapitalisten arteko enfrentamenduan, kasu honetan: KAAko hiru kidek metrailetaz erasoa egin zuten 1978ko azaroaren 15ean Guardia Zibilaren Aretxabaletako kuartelaren kontra. Guardia zibilek jarraitu egin zieten, eta Arrasaten atzeman. Tiroketa izan zuten. Jose Mari Iturriotz Legorretakoa eta Roberto Aranburu arrasatearra hil ziren enfrentamenduan, eta hirugarren kidea larri zauritu. Gertakarien lekura Arrasateko kuarteleko guardia zibilak ere iritsi eta, erratuta, Aretxabaletakoei –kaleko jantzita zihoazen– tiro egin zieten. Tiroketa hartan Emilia Larrea herritarra harrapatu zuten tartean –etxeko atean zegoen, gertakarietatik 100 metrora–; hil egin zuten. Beste hiru herritar ere zauritu zituzten, kaleetan tiroka KAAko hirugarren kideari jarraitzen ari zirela.

ETAren azkena, 20 urtean

Oñatiko kuarteleko bi Guardia Zibil hil zituena izan zen –1987ko uztailaren 14an, beste bi ere zauritu ziren larri– hogeitik gora urtean –2008an, Arrasaten, Isaias Carrasco erail zutenera arte– Debagoienean hildakoak eragin zituen ETAren azkeneko atentatua. Antonio Lopez eta Pedro Calderas guardia zibilak hil ziren ekintza hartan.

Urte horietan guztietan gure bailaran izandako atentatuen artean, epaitegiek frogatutzat jo zuten hainbat kasutan egileak zeintzuk izan ziren, eta hilketetako batzuk ETAko militante debagoiendarrei egotzi zizkieten, eta urteetako kartzela zigorretara kondenatu zituzten ondorioz –beste zenbait kasutan, erakunde armatuko militante debagoiendarrak izan dira zigortuak bailaratik kanpo burututako odol-delituengatik–.

GALek eta poliziak hildakoak

Beste aldean, garaitsu hartakoak dira, baita ere, GALen azken ekintzak. Xabier Perez de Arenatza aretxabaletarra Herri Batasuneko militantea zen 1982an poliziak Gasteizen atxilotu zuenean. Espainiako Auzitegi Nazionalak libre utzi zuen denbora laburrera eta Perez de Arenatza Iparraldean errefuxiatu zen. GALek hil zuen, Biarritzen, 1984ko martxoaren 23an.

Aurretik, 1979an, Jose Manuel Pagoaga Peixoto ETAko buruzagi izandakoa larri zauritu zuten Donibane Lohizunen (Batallon Vasco Español eta Triple A erakundeek hartu zuten beren gain), eta Angel Iturbe –aurrekoa bezala arrasatearra– ere bai Angelun (BVE).

Baina badira ETAko kide debagoiendar gehiago bestelako egoeratan hildakoak:

Jose Luis Mondragon Moriko arrasatearra 1974an: Espainiako Segurtasun Indarren tranpan erori eta Hondarribiko hondartzan tirokatu eta hil zuten; Jesus Mari Markiegi Mutriku, arrasatearra hura ere, 1975ean: Guardia Zibilarekin enfrentamenduan hil zen, Gernikan. Markiegi etxean hartua zuten bi lagunak eta Guardia Zibil bat ere hil ziren tiroketan; Pakito Arriaran, beste arrasatear bat, El Salvadorren 1984an: Ameriketara ihes egin zuen, eta gerrillaren borrokara batu. Armadak hil zuen; Susana Arregi oñatiarra, 1990ean Irunberrin, Guardia Zibila tartean zela, oraindik guztiz argitu gabeko zirkunstantzietan hila.

Hamar urte lehenago ere, 1980. urtean, bi aldeetako kide bana ziren hilak Gaintzurizketako mendatean, nahiz eta modu desberdinean: Francisco Javier Arantzeta elgetarrak eta haren kideek autobusa abordatu zuten eta bertan zihoan guardia zibil bat tiroz hil. Han zegoen beste polizia batek Arantzeta hil zuen. Greba orokorrarekin hartu zuten hilotza Elgetan, baina gobernadore zibilak eta poliziak eragotzi egin zuten zerraldoa udaletxean hartzea eta ikurrina haga (asta) erdian jartzea.

Azken heriotza 1994an izan zen: Anjel Irazabalbeitia bergararrak eta ekintza-lagunek, euren atentatu asmoetan huts egin eta ihesi zihoazela, Ertzaintzarekin egin zuten topo. Tiroketa izan eta bertan hil zen Irazabalbeitia.

Gertakari haren aurretik, Angel Fernandez oñatiarra (1983an) esku artean zerabilen lehergailuak eztanda eginda hil zen; urte berean, antzerako gertakariz hil ziren Arrasaten Felix Badiola eibartarra eta Jose Garate elgoibartarra.

Josu Retolatza elgetarra, berriz, 1987ko maiatzean hil zen, etxean. Minbizia diagnostikatu zioten espetxean zela. Haren egoerak bueltarik ez zuela utzi zuten kalean.

Txomin Iturberen heriotza

Eta hildako ETAko kide debagoiendarren artean ezin aipatu gabe utzi Txomin Iturbe, erakunde armatuko buru arrasatearra. ETAren solaskide 1977an Txibertan, 1984an Felipe Gonzalez Espainiako presidentearekin Parisen eta 1986 eta 1987an Aljeriako aurreneko negoziazioetan –han egon zen deportatuta, 1986an Frantziako poliziak atxilotu eta gero–, aurreko urteetan Iparraldean hainbat atentaturen jomuga –Maite Ormaetxea emazte arrasatearrarekin eta bien semeekin batera–, 1987an hil zen Afrika iparraldeko herrialdean. Aljeriako Gobernuak emandako bertsio ofizialaren arabera, auto istripuan hil zen; Iturberen senitartekoek, baina, orain dela urte batzuk jakin zuten zer gertatu zitzaion: babesleku moduan erabiltzeko, kanpandorre bateko teilatuan omen zebilen lanean, zorabiatu eta goitik behera erori zen. Buruzagi "gogorragoen" aurrean negoziazioaren aldekoagotzat hartua izan zen Txomin Iturbe eta, egunetako tramiteen ondoren, haren gorpua Arrasatera ekarri zutenean milaka lagunek egin zioten harrera.

Txomin Iturbe eta aurretik aipatutakoez gain, beste hainbat debagoiendar ere izan dira ETAren buruzagitzan. Buruzagi izan eta poliziak atxilotutakoen artean daude Joseba Arregi Erostarbe Fiti oñatiarra eta Marixol Iparragirre Anboto eskoriatzarra.

1992ko martxoan ETAren kontrako operazio garrantzitsuenetakotzat hartua izan dena egin zuen Frantziako poliziak Bidarten, Lapurdin. ETAren buru nagusiak atxilotu zituzten, Arregi oñatiarra tartean. ETAren kontrako hurrengo "kolpe handia" 2004an izan zen: Marixol Iparragirre eskoriatzarra –Mikel Albisu, Mikel Antza, bikotekidearekin, hura ere erakundeko buru– atxilotu zuten Biarnon. Iparragirre Lyongo espetxean (Frantzia) dago preso; Arregi, berriz, Jaenen.

Bailaran 29 preso

Iparragirre eta Arregi dira gaur egun kartzelaratuta dauden 29 preso debagoiendarretatik bi. Espetxean dauden horien artean, dena den, izaera askotariko presoak daude: ETAko kide izateagatik atxilotu zituztenak, baita gazte erakunde edo bestelakoetako kide izateagatik kartzelaratuak ere. 29 preso horietatik 11 dira Arrasatekoak, zortzi Bergarakoak –Jose Luis Elkoro kontuan hartu gabe; espetxealdi arindu egoeran dago Elkoro–, lau Oñatikoak, hiru Eskoriatzakoak, bi Aretxabaletakoak eta bat Antzuolakoa.

Gaixotasun larri eta sendaezina izan arren, Espainiako Kode Penalaren 92. artikuluaren aplikazioa ukatuta, kartzelan jarraitzen du, gaur egun, Josu Uribetxebarria arrasatearrak. Bestalde, kondena 2006 eta 2007. urteetan bete zuten arren, Parot doktrina aplikatuta zigorra luzatu ondoren, preso daude (2018 urtera arte), baita ere, Jose Ignacio Gaztañaga –Arrasatekoa hau ere– eta Luis Mari Azkargorta Kanto bergararra.

Jon Agirre Elurtxuri aramaioarrari ere luzatu egin zioten zigorra. 2006. urtean atera behar zuen kartzelatik, baina aurtengo maiatzean irten da. Kartzelan denbora luzeen egin duen euskal presoetarikoa da Jon Agirre –30 urte egin ditu-–. Bada, dena den, beste debagoiendar bat kartzelan denbora luzeagoa daramana –barruan jarraitzen du–: Jesus Mari Zabarte Garratz arrasatearra 1984ko ekainaren 15a ezkero dago preso, eta aurretik 1973 eta 1977 artean eta 1978-79an ere egon zen. Joxepa Arregi amak, Etxerateko presidente eta presoen aldeko borrokaren ikurrak, ez zuen semea kalean ikusterik izan, iaz maiatzean hil zen-eta.

Natividad Junco, bidean hila

Joxepa Arregik ere errepidean makina bat kilometro egin zituen urte luzez semea ikustera joateko, euskal presoen beste ehunka senide eta lagunek bezala, dispertsio-politikaren ondorioz. Etxeraten arabera, familia bakoitzak, batez beste, 1.200 kilometro egiten ditu astero senide presoa ikustera joateko; asteko 400 euroko diru gastua dakar horrek, batez beste, familia bakoitzarentzat.

Istripuak dira, baina, hainbeste joan-etorriren ondorioz senideek jasan ditzaketen ondorio larrienak: 2007ko abenduaren 25ean Natividad Junco oñatiarra hil zen, Teruelgo espetxetik senide bat bisitatzetik zetorrela auto istripua izanda.

Uruguaiko gertaerak

Hori presoei dagokienez, baina badira, baita ere, errefuxiatu debagoiendarrak, izandakoak eta oraindik etxera itzuli ez direnak. Izandakoen artean, bere garaian oihartzun handia izan zuten gertaeren erdian izan ziren Uruguaiko errefuxiatuetan bat, Jesus Mari Goitia Manueltxo oñatiarra. 1994ko uda zen. Montevideoko La Trainera jatetxea zeramatenen eta bertan ibiltzen ziren bezeroen artean, 30 lagun atxilotu zituen Uruguaiko poliziak. Hauetatik, 13 errefuxiatu prozesatu zituzten azkenean, hamarrendako kartzela zigorra eskatu zuen Espainiak eta hiruren estradizioa agindu, Goitiarena tartean. Gose greba egin zuten errefuxiatuek aginduaren kontra, eta Filtro ospitalera eraman zituzten. Han zeudela, ehunka uruguaitarrek elkartasuna erakutsi zieten kalean, eta saiatu ziren estradizioak eragozten. 30.000 sinadura batu zituzten eta manifestazio handia egin. Poliziak, baina, indarrez erantzun zion protestari; gertakari haien ondorioz bi lagun hil ziren. Errefuxiatuak estraditatu egin zituzten azkenean.

Beste kasu bat, Xanti Iparragirrerena –eskoriatzarra, nahiz eta Errenterian sortua–. Iparraldean errefuxiatu, besteak beste bertsotan irakasten eskoletan zebilena –Hegoaldean ere ibilia zen, lehen bertso eskolen sortzaileetako bat izan zen–, poliziaren jazarpenaren ondorioz 1987an ezkutatu beharrean aurkitua eta lehengo langintzetara itzuli arren 2003an Eskoriatzara bueltatu zena, Espainiako Nortasun Agiri Nazionalik eta pasaporterik gabe, EHNA eskuan. "Erabaki nuen etortzen banintzen lasai bizitzeko izango zela eta hala nago", zioen Xanti Iparragirrek 2008ko elkarrizketa batean.

Hauek gertatu dira denbora honetan Debagoienean; hauek eta beste batzuk: Espainiako Segurtasun Indarren kontrako erasoak; politikarien kontrakoak; bizkartzainarekin ibili beharrak; enpresariei iraultza zerga eskaerak; komertzio txiki edo enpresen kontrako atentatuak; mota desberdineko erakundeen kontrakoak –Bergarako epaitegia (ETA) eta Elgetako udaletxea (Batallon Vasco Español)–; Segurtasun Indarrek, errepide kontroletan adibidez, tiroz zauritutakoak; ETArekiko lotura arrazoituta alderdi, gazte erakunde edo bestelakoetako kide izateagatik atxiloketa, kartzela zigor eta politikan jardun ezinak; tortura salaketak;... Min handia, batean eta bestean.

-------------------------

Etxabetarrak eta German Agirre

1975eko urriaren 5ean, ETAk Arantzazun hiru Guardia Zibil hil eta ordu gutxira, tiroz hil zuten Arrasaten Iñaki Etxabe, Kanpazar gaineko bere jatetxean. ETAko buru izandako Juan Jose Etxabe Haundixe-ren anaietako bat zen Iñaki. Juan Josek berak eta Jokin beste anaiak –errefuxiatuak biak– ere jasan zituzten hainbat eraso; eurek eta familiakoek –Iparraldean zituzten tabernen kontra ere egin izan zuten–. Horietako baten, 1978ko udan, emaztearekin batera tirokatua izan zen Juan Jose Etxabe; Rosario Arregi emaztea –arrasatearra hau ere– hil eta bera larri zauritu zen. Triple A deitutako taldeak aldarrikatu zuen ekintza. Rosario Arregi eraila, 1978an, Iñaki Etxabe hil eta hiru urte eskasera. Iñaki Etxaberen hilketak, gainera, segida izan zuen. German Agirre bergararra. Taxista Arrasaten. Etxaberen hilketaren testigu izan omen zen; ostatuan zegoen, antza, gertatu zenean. Zenbait iturriren arabera German Agirrek ezagutu egin zituen hiltzaileak, Arrasateko kuarteleko Guardia Zibilak omen; astebete geroago bera agertu zen hilda, Legution. Gertatu zena hain argi ez egonda, ETAren biktimen artean ere sartu izan dute German Agirre –polizien konfidente izan zitekeelakoan–, baina bere izena –Etxaberena ere bai– talde parapolizialek, ultrek eta bestelakoek hildakoen artean ageri da, Eusko Legegiltzarraren txostenean.

-------------------------

Irunberri: argitu gabe oraindik

Ekainaren 25a zen, 1990ean. Irunberriko arroilan Guardia Zibila eta ETAko komando bateko hiru kide, Susana Arregi oñatiarra tartean: Guardia Zibil bat eta ETAko bi kide hilak, eta hirugarrena larri zaurituta. Hildako Guardia Zibila, ETAko militanteekin aurrena topo egin zutenean. Errefortzuak bidali zituzten arroilara. Ekainaren 25eko iluntze hartan agertu zen, larri zaurituta, German Rubenach, ETAko kideetako bat. Susana Arregiren eta Jon Lizarralderen gorpuak hurrengo goizean agertu ziren, buruan tiroak zituztela. Bertsio ofizialaren arabera, komandoko kideek harrapatuta ikusi zuten euren burua, eta Rubenach izan zen lagunei tiro egin ziena: "Baimendutako homizidioa". Rubenachek amnesia izan zuen tiroketa eta gero; ezer gogoratu ez, hortaz. Baina Espainiako Auzitegi Nazionalak berak ere ez zuen bertsio ofiziala babestu, eta errugabetu egin zuen Rubenach. Gertakari haietan, Guardia Zibilak itxita izan omen zituen, ia egunbetez, arroilako sarrera-irteerak. Arregi eta Lizarralderen gorpuak Rubenach atxilotu zuten lekutik 15 metrora agertu ei ziren. Baina orduetara eman zuten aurkikuntzaren berri. Lizarralderen gorpuak –ibaian erdi urperatua agertu zen– ura omen zuen barrenean, eta Arregik bi tiro buruan.

-------------------------

Ortega Lara, Blanco eta Barajas

Gatazkaren historiako beste hiru gertakari. Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa Arrasateko tailer bateko zuloan izan zuen gatibu ETAk 532 egunez, 1996 eta 1997 artean. ETAk inoiz egin duen bahiketarik luzeena izan zen. Guardia Zibilak askatu zuen, 1997ko uztailaren 1ean. Askatzearekin bat lau lagun atxilotu zituzten: Jose Miguel Gaztelu, Bergarakoa; Jose Luis Erostegi Eltzikorta, Antzuolakoa; Xabier Ugarte, Oñatikoa eta Josu Uribetxeberria Arrasatekoa. Handik ordu batzuetara, Sabino Usandizaga atxilotu zuten Oñatin eta Emilio Arrizabalaga Arrasaten –egunetara beste bi kide ere bai–. Uztail hartan, hilaren 10ean, Miguel Angel Blanco PPren Ermuko zinegotzia bahitu zuen ETAk. Presoak Euskal Herrira hurbiltzea exijitu zuen, eta 48 orduko ultimatuma eman. Erail egin zuten. Erailketa haren ondorioz, zentsura mozioa aurkeztu eta Arrasateko alkatetzatik kendu zuten Herri Batasuneko Xabier Zubizarreta. 2008ko urtarrilekoa, azkenik. Guardia Zibilak Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotu zituen Arrasaten. Portu eta Sarasola kartzelan daude 2006ko abenduaren 30ean T4an egindako atentatuagatik. Atentatu harekin amaitu zen praktikan ETAren aurreko su-etena. Atxilotu zituztenean torturatuak izan zirela salatu zuten, eta lau Guardia Zibil izan ziren zigortuak.

-------------------------

ETAren azken biktima Debagoienean

Hogei urte pasa ziren, Debagoienean, hildakoak eragin zituen ETAren atentatu gabe. 1987ko uztailetik, eta 2008ko martxoaren 7a zen, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako bi egun falta, Loiolako elkarrizketek porrot egin osteko garaia. Arrasaten, tiroz hil zuen ETAk Isaias Carrasco, udalerrian alderdi sozialistako zinegotzi izana, kargurik gabea erailketaren unean, autobideko langilea, bidesaria kobratzen lan egiten zuena. Bizkartzaina eramateari uko egina zion, eta bizkarretik jotako hiru tirok hil zuten, Maria Angeles emaztea eta Sandra alaba aurrean zirela. Beste alaba bat eta seme bat ere bazituen Isaias Carrascok. "Nire aita erail dute askatasuna, demokrazia eta sozialisten ideiak defendatzeagatik", adierazi zuen Sandra Carrascok hilketa salatzeko egindako protestan. "Bihotzez" eskertu zuen "Arrasateko herriak familiari emandako babesa". Gertaera hartatik aurrera, Sandra Carrasco bera hasi zen joaten autobideko ordainlekura lanera, aitarena behar zuen lanpostura. Arrasate bilakatu zen egun haietan ETAren kontrako aldarrikapenen erdigune. Rodriguez Zapatero eta Rajoy eurak ere herrian izan ziren. Baina gertatutakoaren soka luzeagoa izan zen: Ino Galparsoro Arrasateko alkatea kartzelaratua izan zen bi hilabete eskasera; hiru hilabete egin zituen preso.

-------------------------

Gatazkaren hainbat mugarri

  • 1975eko urriaren 5a. ETAren Debagoieneko lehenengo atentatua –hildakoekin– aurreko urtean izan bazen ere, egun hartakoa izan zen gogorrena. Hiru Guardia Zibil hil zituzten Arantzazun. Ordu gutxira, Iñaki Etxabe hil zuten Arrasaten.
  • 1978ko azaroaren 9a. Luis Candendo UCDko militantea hil zuen ETAk Antzuolan. Erakunde armatuak bailaran hildako lehenengo zibila izan zen.
  • 1978ko azaroaren 15a. Aretxabaletako kuartelaren kontra atentatua egin eta gero, Guardia Zibilak KAA-ko bi kide –Roberto Aranburu arrasatearra tartean– eta Emilia Larrea herritarra hil zituen Arrasaten.
  • 1984ko martxoaren 23a. Xabier Perez de Arenaza errefuxiatu aretxabaletarra erail zuen GALek Biarritzen.
  • 1987ko martxoaren 3a. Txomin Iturbe ETAko buru arrasatearra hil zen istripuz Aljerian.
  • 1992ko martxoaren 29a. ETAren buruzagitza atxilotu zuen poliziak Bidarten, Joseba Arregi Erostarbe Fiti oñatiarra tartean.
  • 1997ko uztailaren 1a. Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa, ETAk Arrasateko zulo batean 532 egunez gatibu izan zuena, askatu zuen Guardia Zibilak.

  • 2007ko abenduaren 25a. Natividad Junco oñatiarra hil zen errepide istripuz, Teruelgo espetxetik senide bat bisitatzetik zetorrela.
  • 2008ko martxoaren 7a. Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi izandakoa erail zuen ETAk Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak