Google+ sare sozialaren trafikoa %60 jaitsi da erabiltzaile guztiendako irekita dagoenetik. Irailaren 20an ireki zuten, hain justu eta martxan hasita eta lau astera 25 milioi bisitari bakar izatera iritsi bazen ere, erabiltzaile basea gutxitzen joan da, sareko publizitatea aztertzeaz arduratzen den Chitika Insights enpresaren arabera.
Arrakasta ezaren arrazoiak
Enpresa horrek egindako azterketaren arabera, debut publikoa egin zen egunean goia jo zuen sare sozial horrek, baina handik gutxira, trafikoa %60 baino gutxiagora jaitsi zen, "erabiltzaileen interes faltagatik". Interesa falta horretarako bi arrazoi eman dituzte: batetik, gainerako sare sozialetatik ezberdintzeko beharrezkoa delako "nabarmentzea eta besteek eskaintzen dutenetik bereiztea"; eta bestetik, "sare sozial baten ezaugarriak izan behar direlako bakarrak eta konpetentziak bikoizteko nekezak. Hori ez bada ematen, abantaila konpetitiboa desagertu egiten da". Nahiz eta interfaz berri eta deigarria izan, aplikazio berriak jaurtitzeko azkartasuna eta erabiltzaileen elkarrekintzan zentratu, "badirudi Google+ ez dela gai erabiltzaile kopurua modu jasangarrian mantentzeko" dio enpresa horrek.