QR kodigoak Goienan

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 13a

Badira aste batzuk Goienak QR loturak erabiltzen diharduena. Goiena papereko bi edizioetan argitaratzen ditu QR horiek eta laukitxo itxurako kodigo horietan arakatuz gero, zuzenean Goiena.net webgunera eroango du erabiltzailea. Han, paperekoaren informazioa osatuagoa aurkituko duelarik: argazki galeriak, ikus-entzunezkoak eta abar.

Baina, zer da QR (Quick Response Barcode) bat? Bada, URL (Uniform Resource Locator) deitzen direnak identifikatzeko barra kodigo moduko bat litzateke. Informazioa batzeko puntukako matrize bat. Bistara, iruditxo bat da, lauki batean sartuta.

Eskaneatu eta sarera

Eta laukitxo horren gainean, smartphone batekin edo interneterako konexioa duen gailu batekin arakatuz gero, zuzenean eroango gaitu lauki horretako kodigo horretan ageri den webgunera, di-da batean, lotura zuzena eginez webgunera, helbide luzea eskuz sartzen ibili beharrean. Horretarako, aplikazio bereziak behar dira, doanekoak, eta erraz jaitsi daitezkeenak Internetetik eskuko telefonoetara edo beste gailu batzuetara.

Balio erantsia informazioari

Goienak aste batzuetatik eskaintzen du zerbitzu hori, gure erabiltzaileei, irakurle, ikus-entzuleei, gauza berriak emate aldera, informazioari beste balio erantsi bat eskainiz. Hala, paperean, espazioa mugatua denez, albiste, elkarrizketa, erreportaje edo delakoen ondoan jartzen dugu QR kodigoa, han arakatuz gero, Goiena.net webgunean albiste, elkarrizketa, erreportaje edo delakoekin lotutako informazio gehigarria eskaintzeko: argazkiak, bideoak…

Papereko iragarkietan ere erabiltzen du eta baita, noizbehinka, Goiena telebistan ere, telebista eta Internet lotzeko.

Era honetan, teknologiak ahalbidetzen dituen azken baliabideak gure erabiltzaileen eskura utziz.

Goiena papereko bi edizioetan argitaratzen ditugu QR kodigoak, artikulu jakin batzuetan.

Topatu dituzu? Erabili dituzu?

Gaiari buruz idatzi du Iban Arantzabalek bere blogean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak