Baketik-ek aro berri bati ekingo dio zapatuan

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urr. 11a, 11:02

Bost urte joan dira Baketik sortu zenetik. Arantzazuko Gandiaga Topagunean du egoitza Baketik-ek. Bost urteren ostean, hausnarketa egin eta aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte. Horiek ezagutaraziko dituzte zapatuan, Arantzazun. Hain justu ere, bere egitasmo berriaren leloa eta dilema argituko dituzte. Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendariak argituko ditu horiek, Aldaketa pertsonalerako eta sozialerako izeneko berbaldiarekin. 11:00etan hasiko da ekitaldia.

Hiru helburu izango ditu Baketik-ek zapatuan, Arantzazuko Gandiaga Topagunean, antolatu duen ekitaldiak. Bosgarren urteurrena ospatzea, 2011-12 ikasturteari hasiera ematea eta Baketik-en egitasmo berria aurkeztea. Hori guztia, esan bezala, Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendariak eskainiko duen Aldaketa pertsonalerako eta sozialerako hitzaldiaren bidez egingo da.

Aldi berean, bertaratzen direnek Baketik berrabiarazi da adierazpena jasoko dute, berrikuntza-prozesuaren abiapuntuekin.

Baketik birdefinitzeko prozesua

Irailaren hasieran, Baketik-ek adierazi zuen bere egitasmoa berriro definitzeko prozesua abian jarri zuela. Ordutik, zapatu honetan aurkeztuko duen adierazpenerako testuak partekatu ditu blogbaketik.org blogean. Adierazpen horren helburuetako bat lelo bat adieraztea eta hitz bat ezagutaraztea zen.

Egitasmo berriaren espiritua irudikatuko lukeen lelo oso sintetikoa. Eta aldaketa pertsonalerako eta sozialerako beharrezko lehen urratsa adieraziko lukeen hitza, paradigma-aldaketarako hitza.

"Aste hauetako gogoetak hasierako planteamendua zehaztera eraman gaitu" diote Baketik-etik. Azkenean, zapatuan aurkeztuko direnak ez dira leloa eta hitza izango, leloa eta dilema baizik. Hitza dilemaren barruan sartu da".

Horrela, Jonan Fernandezek eskainiko duen hitzaldian zehar bi gako horiek argituko ditu: egitasmo berriaren filosofia nagusia irudikatuko duen leloa, eta aldaketa pertsonalerako eta sozialerako prozesuari ekiteko abiapuntu gisa eskaintzen den galdera osatuko duen dilema.

Intuizio batetik jaioa

Baketik duela bost urte aurkeztu zen jendaurrean, 2006ko urriaren 14an, hain zuzen ere. "Intuizio batetik jaio zen: bakea eta etika hitzen edukiaren, zentzuaren eta esanahiaren baturak emaitza emankorra eskain zekiekeen pertsonei eta gizarteari. Bi ideia horiek bere izenean islatzen dira tipografikoki: Baketik".

Aldi hori eta bere ekimen guztiak hari eroale berdin batek bideratu dituzte: bizitza, bizikidetza, hezkuntza eta elkartasuna hobetzen laguntzea etika abiapuntu duten bideak ibiliz.

Orain, ekimen desberdinen bilakaerak, eta "baita geure gizartearen lehentasunak eta bizitzen ari garen krisi orokorrak agerian uzten dituen kontraesanek eta baldintzek ere", Baketik-en "berrabiaraztea prestatzera garamatzate".

Baketik hiru erreferentzia dituen testuinguruan birkokatu nahi dugu: pertsona, mundua eta Euskal Herria.

Diagnostikoa bost ideiatan

Ikuspegi hirukoitz horrekin, Baketik berriro definitzeko erabakiak oinarrian duen diagnostikoaren laburpena ondorengo dela diote:

  • "Krisi orokorra. Bere jatorri nagusietako bat indibidualismo materialistenean oinarritutako zoriontasunaren ideologiaren nagusitasun osoa da. Ikusmolde horrek sistema politikoa, bizitzeko moduak eta sozioekonomia- eta garapen-ereduak baldintzatzen ditu. Horren emaitza sistema bidegabea eta kolapsorako joera duena da. Premiazkoa da gizarte eredu berriak bultzatzea.
  • Krisi pertsonala. Zoriontasun berekoiaren ideologia berak bizitzeko ereduak baldintzatzen ditu. Geure pentsamoldeetan sustraitzen da eta herritar bakoitza, neurri batean, bere eragile bilakatzen da beren borondatez edo nahi gabe. Zoriontasuna ulertzeko modu indibidualista hori bizitzaren zentzuari gizatasuna kentzen dion itxaropen faltsua bilakatzen da. Beharrezkoa da bizitzeko modu berriak bultzatzea.
  • Bizikidetza-krisia. Hamarkadetan zehar luzatu den gatazka biolento baten ostean, bizikidetzaren berradiskidetzea bultzatzea bakea sendotzeko, zauri pertsonalak sendatzeko, haustura sozialak konpontzeko eta etorkizunean zatiketa suntsitzaileak prebenitzeko lehentasun kritikoa da. Beharrezkoa da iraganaren inertziak gaindituko dituen bizikidetzaren berradiskidetzearen kultura berria erdiestea.
  • Bat etortzea. Hiru diagnostiko horien bat etortzea hiru kasuetan aldaketa behar dugula da; baina ez edonolako aldaketa. Aldaketa hori ez da soilik soziala edo politikoa edo ekonomikoa, ezta soilik pertsonala ere. Hiru diagnostikoen bat etortze nagusia aldaketa pertsonala eta soziala behar dutela da, betiere abiapuntu bezala etika izanik.
  • Borondatea. Hiru galdera dakarzkigu, nagusiki, azterketa horrek: lehendabizikoa, zertan lagun dezaket mundua aldatzeko eta hobetzeko eginkizunean?; bigarrena, zertan aldatu eta hobetu behar dut neure bizitza?; eta hirugarrena, zertan hobe eta alda dezaket geure herriaren bizikidetza? Bizizikasi pedagogia oinarri hartuta, hiru galdera horiei erantzuteko ekarri eraikitzailea egin nahi du Baketik-ek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak