Iraitz Agirre: "Dagoeneko marraztu ditugun proiektuak gorpuztea izango da hurrengo erronka"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko urr. 11a, 02:00

Bagara elkarteak orain arteko ibilbidea jasotzen duen urteko memoria aurkeztu zuen orain dela aste batzuk. Prozesuaren gaur egungo egoeraz jardun dugu Iraitz Agirrerekin.

Urte eta erdiko lana txosten batean laburbiltzea ez da samurra izango.

Ez da samurra, eta, gainera, Bagararen konplexutasuna zelakoa den ikusita, ildo ezberdin pilo bat hartzen dituela, baita sektore ezberdinak... ba, hori txosten batera ekartzea ez da lan samurra izan.
Lan oso sintetikoa dela esan daiteke, argazki panoramikoa egiten duena Bagarak urte eta erdi honetan egin duen lanaren inguruan. Hartzen ditu: Bagararen definizio egokituagoa, urte eta erdiko prozesu honetan lantalde ezberdinetan egindako lanen laburpena eta baita etorkizuneko erronkak ere. Esan bezala, argazki panoramikoa da.

Helburua azken urte eta erdian egindakoa azaltzea izan da?

Bai; modu baten, bi aurrekariri erantzun dio aurkezpenak: alde batetik, orain dela urte eta erdi lehenengo ekitaldia egin genuen Amaia antzokian. Ekitaldi jendetsua izan zen eta gauza mordoa esan genituen. Memoriarekin gura izan dugu orduan hasitako fasea pixka bat borobiltzea, eta ibilbideko lehenengo fase honetan egindakoak; bestetik, Bagararen bueltan ibili garen 50 lagunek ekainean batzar bat egin genuen, eta han, parte-hartzaile izan direnei kontatu zitzaizkien elkartearen nondik norakoak, eta horren emaitza ere bada gaurko memoria. Oso memoria xumea da, ez da teknikoa, baina bi mugarri horiei erantzuna ematen die.

Zer da Bagara eta nondik nora sortutakoa da? Lortu du hasierako helburua?

Hazia orain dela urte asko jarri zuten. Debagoien mailan gizartegintzako eragileetan urte luzez ibilitako jendea (hezkuntza, unibertsitatea, kooperatibagintza…) biltzen hasi zen momentuan konturatu ziren behar eta kezka partekatuak zituztela. Debagoienaren inguruan egiten duten ikuspegia edo gogoeta partekatua dute. Kezka da autogestionatutako eragile asko dagoen bailara honetan gestio modu horrek gizarte eredu ezberdin bat garatu duela.
Ikusten dena da denek elkarlanean eta norabide bat zehaztuta indarrak batu eta gauza batzuen bueltan elkarrekin pentsatu eta elkarrekin proiektu batzuk aurrera ateratzeko potentziala egon badagoela.
Bailarak lau oinarri dituela uste dugu, edo eduki beharko lituzkeela: euskalduntasuna, elkartasuna, autoeraketa eta iraunkortasuna. Lau oinarri horien inguruan hasten da Bagararen ibilbidea. Hiru esparru aukeratzen dira, gizartean eragina dutenak eta gizartearendako garrantzitsuak direnak: hezkuntza, batetik, modu zabalenean ulertuta, jaiotzetik hil arteko tarte horretan dagoen hezkuntza; kooperatibagintza biziberritzeko esparrua, bestetik, kooperatibagintza Debagoieneko ezaugarri bat badela eta eraldaketara begira potentzial garrantzitsuak dituela kontuan hartuta. Etorkizunean gizarte moduan erronka oso potoloak ditugu. Mende berriko erronkak seguru ez direla aurreko erronken berdinak izango, eta horiei heldu behar diegu; eta, azkenik, ekimen komunitarioen sustapena egongo litzateke. Gizarteari eragiten dioten esparru ezberdinak landu ditugu: etxebizitza, kulturagintza, nekazaritza… horren inguruan jendea gogoeta ezberdinak egiten ibili da. Gogoeta izan da zelan batu ditzakegun eragile ezberdinak eta zelan burutu genezakeen egon ez eta sortzea interesgarri ikusten duguna, beti ipar norabide horretara begira. Ekainean bukatu dugun prozesuan lantaldeak ibilbideak marrazten ibili dira.
Marrazki horiek errealitate egitea izango litzateke erronka, den-denak ezin dira, baina ahal diren horiek gauzatzea izango da asmoa. Puntu horretan gaude: marraztutako proiektu horiek gorpuzteko saiakera egiten. Bagara moduan epe motzera eta ertainera ikusten ditugun erronkak marrazten gabiltza.

Teorian aztertutakoa praktikan jarri gura duzue. Aurrera begira jarrita, ze helburu dituzue mahai gainean?

Asmoa dugu 2011-2012 urteetan proiektu posible batzuk egiteko. Badaude hiruzpalau proiektu potentzial. Jende ezberdina gaude, kultura arloan proiektu bat dago, etxebizitza arloan beste proiektu baten aukera dago… seguruenez, epe luzera gauzatuko dira, baina, behintzat, lehenengo pausoa eta gizarteratzea egingo dira. Esandako eta amestutako guztitik pausotxo bat ematea eta proiektu zehatzetan gorpuztea gogoeta horiek; hori da asmoa.

Bagaran parte hartu gura duenak badauka aukerarik orain sartzeko?

Bai, noski. Parte-hartzea erronka garrantzitsuenetako bat da. Paperetik ekintzetarako salto horretan, ekintza eta Bagara ulertzen dugun modu horretan ulertuta eraginkorra, mesedegarria eta baliagarria izango da ahalik eta jendeak parte hartzen badu. Baina prozesuan parte hartzeko nolabaiteko parte-hartze aukera batzuk zabaltzen ditugu. Helburua da 2012ra begira beste ikerketa eta gogoeta talde batzuk martxan jartzea. Formazio saio batzuk ere emango dira: gazteetatik hasi eta bestelako oinarrietan ere bai. Iraunkortasunaren inguruan ere egingo dugu formazioa. Uste dugu formatzea beti dela garrantzitsua eta oinarri partekatu batzuk izatea gero elkarlanean jartzeko.
Azkenik, proiektu zehatzetan badago parte hartzeko aukera. Pertsonak animatzen badira parte hartzera, guztiz zabalik gaude. Abaniko zabala dago parte-hartze moduari dagokionez: formazioa hartzaile moduan, gogoetarako taldeetan eta ekintza zehatzetara begira dauden taldeetan.

Herri mugimendutik sortutako taldea izanda, herritar guztiak dira balekoak. Ez dago zertan ezagutza maila bat izan?

Ez, ez dago zertan. Aipatutako lau ipar horiek partekatuta eta nolabaiteko norabide batean aurrerapausoak egin behar direla kontuan hartuta, jende guztia da balekoa. Izan ere, batzuk adituak izaten dira eta beste batzuk ekinean baliozkoak izaten dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak