Elgetako Estatutua onartu zela 75 urte

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urr. 7a, 09:00

Gaur, urriak 7, betetzen dira 75 urte Euskadik lehen Lehendakaria izan zuela eta lehen Jaurlaritza osatu zela. Gernikako arbolaren aurrean zin egin ostean, kargua hartu zuen Jose Antonio Agirrek. Lehen euskal gobernu hartako kide izan zen Telesforo Monzon bergararra ere, Gobernazioko sailburu, hain justu ere. EAJ, Izquierda Republicana, PSOE, PCE, EAE/ANV eta Union Republicana alderdiez osatutako kontzentrazio gobernua osatu zuten, II. Errepublikaren garaian; Francoren tropak matxinatuak ziren ordurako. 75 urte dira, era berean, Intxortako frontean, eta inguruan, Kanpanzarren-eta, Frankistei aurre egin zietela. Hori dela-eta, ekitaldia antolatu dute Elgetan domekarako.

Estatutua, Elgetako Estatutua bezala ere ezaguna, egun batzuk lehenago onartu zuten eta ondoren eratorri ziren Eusko Jaurlaritza eta Lehendakaria. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Estatutua izan zen; Nafarroa, kanpoan geratu zen. Nahiz eta, urte batzuk lehenago, Agirrek ahaleginak egin, lau lurraldeendako Estatutua osatzeko. Hala, hortaz, 1936ko urrian onartu zen euskal Estatutua.

Euzko Gudarostea

Indarrean zen II. Errepublikaren alde eta Frankoren aurka borrokatu zen Jaurlaritza, eta frankistei aurre egiteko Euzko Gudarostea sortu zuen. Telesforo Monzonen egitekoa izan zen hori.

Francok Espainiako Gerra irabazi ostean, erbesteratu beharra izan zuen Agirre Lehendakariak eta, harekin batera, Monzonek eta Jaurlaritzako beste kideek ere, milaka herritarrek bezala. Franco hil ostean, eta Espainian demokrazia eta Monarkia parlamentarioa ezarrita, 1979an, onartu zen bigarren euskal Estatutua, Gernikakoa, berau ere hiru lurraldetakoa, Nafarroa kanpoan uzten zuena.

Beste lau lehendakari

Agirreren ostean, beste lau lehendakari izan ditu Euskadik: Garaikoetxea, Ardantza, Ibarretxe eta Lopez. Guztiak EAJkoak, azkena izan ezik, gaur egungo Patxi Lopez (PSE-EE).

Eusko Jaurlaritzak omenaldia eskainiko die Gernikan, gaur goizean, lehen Eusko Jaurlaritza hura osatu zutenei. Eta, asteroko sailburuen kontseilua Gernikan bertan egingo du Jaurlaritzak. Elgetan, domekan, berriz, Intxortako frontean Frankoren tropen aurka borrokatu zirenei egingo diete omen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak