Nola hasi zinen politikan?
Lau urtez Aramaion bizi ondoren, Bergarara etorri ginen, 1978an. Ordurako banuen kontaktua politikarekin, baina Bergaran eta batez ere Egin egunkariko arazoak zirela eta, Jose Luis Elkoro eta Juan Ramon Arangurenekin harremanetan hasi nintzen eta haiek animatu ninduten Herri Batasuneko zerrendetan joateko. 1983ko hauteskundeetan lau ordezkari lortu genituen; EAJ gobernuan zen bederatzi zinegotzirekin; PSOEk bi zituen; eta EEk eta EMKk, bana.
Oposizioan lan egin behar izan zenuten.
Bai. Niri Hirigintza batzordea egokitu zitzaidan eta oso oroitzapen onak ditut. Ordu asko sartzen genituen, ia astelehenero 17:30etik 22:00etara egoten ginen udaletxean batzartuta... Iñaki Osa zen batzordeko presidentea eta Retegi (EAJ), Garitano (EMK), Herzog (EE) eta ni neu alderdi ezberdinetako ordezkariak. Xabier Ieregi zen udal arkitektoa ordurako, Azpiazu ere etortzen zen... Niretako gai berria zen hirigintza, baina asko ikasi nuen. Akordatzen naiz zelan Jesus Mari Garitanok herriko bazter guztiak ezagutzen zituen. Elkarlanerako giroa zegoen. Esango nuke orduan finkatu zela nolabait nolakoa izango zen gaurko Bergara. Egitura urbanistikoaren irizpide nagusiak markatu ziren sasoi hartan.
Ez ziren garai errazak 1980ko hamarkada hasierakoak, ala?
Ez. Biolentzia armatua pil-pilean zegoen eta tentsioa izugarria zen. 1983tik 87ra GALek 23 atentatu egin zituen, ETAk gehiago... Udaleko momentu gogorrenak mozio politikoak aztertzen bizi izango genituen. Esaterako, Imanol Bolinagak osoko bilkura bertan behera laga zuen ETAk Diaz Arcocha Ertzaintzako superintendentea hil zuenean; Panti-ren estradizioa zela eta, giza eskubideen aldeko mozioa aurkeztu zuen Bolinagak berak eta onartu egin genuen, PSOEren kontrako botoarekin... Hamaika mozio politiko-sozial aurkeztu genituen eta sei izan ziren onartutakoak. Garai hartan hasi ginen HBko zinegotziok presoei bisitak egiten eta euskaraz jasotzen zituzten karten itzulpena (bost hilabete inguru) azkartzea eskatzen zuen mozioarekin EAJ ere ados azaldu zen...
Udalean egindako lanetatik, zein nabarmenduko zenuke?
Bergararen eskeleto urbanistikoa zehazteaz gain, bi gauza nabarmenduko nituzke: batetik, demokrazia parte hartzailearen alde egindako urratsak; eta bestetik, euskararen erabilera. Osoko bilkuretan eta batzordeetan euskararen presentzia erabat indartu zen agintaldi hartan.
Gauzatu gabe geratu zen ezer?
Arrizuriagari kultura erabilera eman eta parkeaz herriak disfrutatzea zen gure asmoa, baina EAJk han Ertzaintza kokatzearen aldeko apustua egin zuen. Pena horrekin geratu ginen orduan.
Politika hurbiletik jarraitzen duzu?
Bai, militante moduan. 2009an ezker abertzalearen barruan izandako hausnarketa prozesuan hartu nuen parte, eta gustatzen zait herriko kontuak jarraitzea.