"Partida Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren artekoa da", esan zuten atzo Amaiaurren bultzagileek, koalizio berriaren aurkezpenean. Era berean, "fase politiko berrian sakontzeko tresna gisa” ulertzen dituztela Espainiako hauteskundeak. Koalizioa osatu duten alderdietako kideez gain, beste hainbat herritar ere izan zen atzo Donostian egin zuten agerraldian.
Prozesuan sakondu
“Bakegintza eta normalizazio politikoa” izango dira, hortaz, Amaiurren helburuak, baina beste batzuk ere izango dituzte. Esaterako, "krisi ekonomikoa gainditzeko, euskal erakunde eta eragile ekonomiko eta sozialek enplegu eta gizarte babeserako politika burujabeak ezartzeko tresna eta eskumen juridiko izan dezaten", Lan Harremanen Euskal Esparrua eskatuko dute Madrilen. Eta, "enplegu duin eta kalitatearen" alde ariko dira. Horretaz gain, Hezkuntzan, osasunean, eta gizarte politiketan, eredu publikoaren alde egingo dute.
"Gaztelu baltz hori…"
Amaiur izena, sinbolikoa da Nafarroako Erreinuaren eta Euskal Herriaren historian. Duela 500 urte Fernando Katolikoak, Gaztelako Erregeak, hasitako konkistari aurre egin zion azkeneko nafar gazteluaren izena da. Baztango gaztelu beltza. Nafar eta euskal burujabetasunaren ikur.
"Soilik autodeterminazioa aldarrikatzea, porrota"
Bestalde, EAJk, amaitzera doan legealdiaren errepasoa egin zuen atzo Josu Erkorekaren eskutik. Hura izan da EAJren bozeramailea Espainiako kongresuan azkeneko urteotan. Batetik, "soilik autodeterminazioa aldarrikatzera doanak porrot egingo du", esan zuen, Amaiurri zuzenduz. Horretaz gain, EAJren lorpenak gogorarazi zituen eta gogoratu zuen autodeterminazioa aldarrikatu duela EAJk Espainiako kongresuan lehenago ere.
Gernikako Estatutuak azkeneko hogei urteotan izan duen garapena EAJri esker izan dela esan zuen. Eta Euskadiren autogobernuan sakontzeko lan egingo dutela. "Azken 34 urteotan egin duguna egiten jarraituko dugu" esan zuen.
"Egunero milioi bat euro"
Bestalde, esan zuen EAJk azkeneko legealdian PSOErekin Madrilen sinatu dituen itunei esker, "egunero milioi bat euro Euskadira ekartzea" lortu dutela. Kontzertu ekonomikoaren blindajea eta Gernikako Estatutua betetzeko geratzen ziren transferentziak Euskadira ekarri izana baloratu zituen EAJren lorpenen artean.
Azkeneko urteotan EAJkoak izan dira ordezkari abertzale bakarrak Espainiako kongresuan, Nafarroa Bairen parlamentari Uxue Barkosekin batera. Hainbat arrazoi tarteko: Espainiako auzitegiek ezker abertzalea legez kanpo utzi dutelako, hauteskundeetan parte ez hartzea erabaki dutelako, edo alderdi abertzale txikiek ordezkaririk lortu ez dutelako.
Hautagaiak
Uxue Barkosek esan du hura izango dela NaBairen (Zabaltzen eta EAJ, Nafarroan) hautagaia azaroaren 20koan eta Erkoreka izango da EAJren zerrendaburua Bizkaitik; Gipuzkoatik, seguruen, Arantza Tapia. Amaiurrenak aurki emango dituzte ezagutzera. Bestalde, Odon Elortza izango da seguruen sozialisten zerrendaburua Gipuzkoatik.