Bere hitzaldian Patxi Lopezek azpimarratu duenez, "Lanbide ezinbesteko tresna da lan merkatuan proaktiboak izateko". Iragarri du "datozen asteetan, enpleguaren aldeko hitzarmen kolektibo baterako xehetasunak" aurkeztuko dituela.
Bestalde, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak berriro adierazi duenez, "Lanbideren ardatza aurrez aurreko arreta eta laguntza pertsonalizatua dira, enplegua bilatzen laguntzeko". Euskal Enplegu Zerbitzuak orientatzaile profesional gehiago sartu ditu bere plantillan: 70etik 245 pasatu da, datozen zazpi hilabeteetan
62.000 enplegu-eskatzaile baino gehiagori enplegua lortzeko bidean aholkularitza emateko.
Debagoienaren kasuan, dagoeneko badago orientatzaile bat Lanbideren bulegoan (SEPEn, lehengo INEM), baina ez da nahikoa 3.000 lan-eskatzaileri zerbitzua emateko. Beste bi espero dituzte. Bailarako Lanbideko zerbitzuaren zuzendari Elena Mondragon pozik azaldu da iragarpen horrekin: "Bulegoan hiru orientatzaile izanda, espero dugu zerbitzu hobea emateko gai izatea". Horiei gehitu behar zaizkie Lanbideren zentro laguntzaileetan dauden orientatzaileak: Aretxabaletan, Bergaran, Arrasaten eta Mankomunitatean.
Egoitza nagusian, 140 langile
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren egoitza nagusia guztira 14.800 metro koadro dituen orube batean kokatzen da. Azalera erabilgarria 3.241 metro koadrokoa da (1.873 beheko solairuan eta 1.368 lehenengoan). Egokitzeko lanek 1,7 milioi euroko aurrekontua izan dute. Guztira, 140 profesional inguruk lan egingo dute Lanbideren zerbitzu zentraletan.