Telefono mugikor enpresaz aldatzea egun bakarrean egin ahal izango da datorren urtetik aurrera. Zelan baloratzen duzue hori?
Euskaltelen ikuspuntutik, positiboa da portabilitate epeak laburtzea; azken finean, bezeroaren onerako baita, denbora gutxiago itxaron behar duelako operadore batetik bestera pasatzeko, erabaki hori hartu eta gero.
Bestetik, operadoreentzat ez diogu kalterik ikusten, azken finean arau berbera baita operadore guztiontzat. Egia da, azken urtean Euskadin Euskaltel izanik gehien hazi den operadorea, tramiteak laburtzea ondo datorkigula.
Bestalde, operadore birtual moduan, nola ikusten duzue telefoniaren merkatua gaur egun? Badago nahiko konpetentzia?
Bai, konpetentzia oso indartsua dago telefonia mugikorraren merkatuan. Agian, nazioarteko interkonexio tarifak (operadore batek beste operadoreei kobratzen diena bere sare lokala erabiltzeagatik beste operadorearen bezeroa atzerrian dagoenean) oraindik ere nahikotxo merkatu beharko lirateke roaming tarifak jasangarriagoak izateko azken bezeroentzat.
Zuen telefonia mugikor bezeroak zeren bila etortzen zaizkizue?
Bi joera desberdin daude. Alde batetik, bezero batzuek ahalik eta tarifarik merkeena nahi dute eta ez zaie axola telefono berririk ez oparitzea, baldin eta tarifa oso merkea bada. Multzo honetan, ikasle batzuk, erdi adineko emakumeak eta jende heldua (telefonoa ez dute aldatu nahi) daude, batik bat. Baita ere, telefonoa beren kabuz erosi dutenak (telefono libreak). Horiendako guztiondako, Euskaltel SIMple tarifa merkaturatzen hasi zen orain dela urtebete eta arrakasta handia izan du, 5 zentimo/minutuko tarifa da-eta.
Beste joera telefonoaren ezaugarrien bila datorren bezeroa da. Smartphone telefonoak gero eta gehiago eskatzen dizkigute, eta gazteentzako Blackberry telefonoak ere. Telefonoa dohain nahi izan ezkero, normalean tarifa lauak kontratatzen dituzte eta 18 hilabeteko permanentzia sinatu. Kasu honetan, Blackberry eta Iphone telefonoetaz aparte, orain dela urte batetik Android sistema operatiboa da etengabe gorantz doana telefono hauetan. Gaur egun, Euskaltelen bezero berrien %70ek smartphonea hartzen dute kontratua sinatzen dutenean.
Azkenik, bai batzuentzat eta bai besteentzat, tarifa merke edo terminal onak eskatuta, zerbitzu desiragarriena mugikorrean Internet edukitzea da: posta elektronikoa, prentsa, sare sozialak eta abar sakelako mugikorrean edukitzea. Kasu honetan, Euskaltelek erabaki estrategikoa hartu du eta, honen bidez, etxean Euskalteleko Internet duten guztioi, mugikorrean ere Internet dohain ematea erabaki du. M3GUSTA edo ATS3GIN dut izeneko zerbitzua. Sekulako arrakasta izaten ari da eta lehen bi hilabeteetan, 50.000 erabiltzailek dagoeneko aktibatu dute Internet beren Euskalteleko mugikorretan.