Osintxu eta Elosua lotzen dituen antzinako ibilbidea ezagutzera emateko beste ekimen bat abiarazi dute osintxuarrek. Hain justu, bi auzoen arteko ibilbidea ezagutzera emateko, planoak eta liburuxkak kaleratu dituzte.
Bi plano
Planoak bi dira: bata, Osintxu-Elosua deitzen da eta hori Osintxuko hainbat gunetan jarriko dute: auzoko tabernetan, elkartean, ibilbidearen hasieran… Ibilbidea jasotzearekin batera, Elosuko hainbat lekuren argazkiak ere jasotzen ditu. Bestea, Elosua-Osintxu deitzen da eta Elosuko hainbat gunetan jarriko dute: auzoko tabernan, elkartean, kalean… Ibilbidea eta Osintxuko hainbat tokiren argazkiak batzen ditu.
Liburuxka ere bai
Ibilbidearen liburuxka ere egin dute: alde batetik ibilbidea eta beste aldetik bi auzoen gaineko informazioa jasotzen ditu: jaiak noiz diren, dauden zerbitzuak eta hainbat lekuren argazkiak. Liburuxka hori ibilbideko planoak kokatzen diren puntuan ipiniko dira eta ibilbidea egiteko asmoa dutenek eskuratu ahal izango dute.
Iazko ekainetik aurtengo ekainera, azterketa bat egin dute Osintxun. Azterketa horretan ekintza plan bat landu dute eta ekintzok aurrera eramateko hainbat lan talde osatu. Horietako bat Osintxuko mendi irteeren lan taldea da eta talde horrek bultzatu nahi dituen ibilbideen artean, Osintxu-Elosua dago.
ibilbidearen ezaugarriak
- Luzeera: 11.500 m (joan-etorria)
- Denbora: 3 h eta 30 m (joan-etorria)
- Osintxuko kota: 119 metro
- Elosuako kota: 556 metro
- Malda: %3,8
- Zailtasuna: **- - -