1. Txan fantasma, Iholdi, Errusika… Kontziente izango zara lagun imajinario ugari sortu dituzula.
Denok izan dugu alter ego bat, zeinari zuzentzen gatzaizkion lagunak bagina bezala. Nire alter ego-a Iholdi izango litzateke; ni izan nintzen neskatora hurbiltzen da.
2. Edozein gai jorratu daiteke haur literaturan?
Bai, kontua da nola. Zaindu egin behar da hori, eta umorea izan daiteke baliabide nagusiena.
3. Berdina da orain 30 urteko eta egungo gazteendako idaztea?
Hasieran, nolabaiteko abileziak haurren testuak idazteko jarri nituen; nituen erreferentzia literarioekin idazten nuen. Egun, ez dut pertsona konkretuetan pentsatuta idazten: idazten dut idatzi gura dudan istorioa. Zuzenketetan hasten naiz moldaketekin.
4. Harry Potter: nola egin aurre?
Ez da lehiatu behar; zoritxarrez liburuak produktu komertzial bihurtu dira eta hori onartu behar da. Norberak bere bideari ekin behar dio, jakin arren ez dela komertzialena. Harry Potter ez da produktu txarra izan, eta jendea irakurtzera zaletu du.
5. Eskolak bisitatzean, zer da gehien galdetzen dizutena?
Galdera normalak dira, baina zailak ere berean. "Ideia nola sortu zitzaizun?" galdera da zailenetakoa, askotan idazlea berak ere ez daki-eta sorburua.
6. Helduendako zure liburu bakarrak kutsu autobiografiko nabarmena du. Katarsi beharra?
Ez, aspaldiko desioa. Guztiz autobiografikoa da, esandako dena benetan gertatutakoa da. Oso modu narratiboan idatzi nuen, jendeak eleberri moduan irentsi zezan.
7. Zer sentitzen da norbere lanak koreera itzulita ikustean?
Emozio berezi bat; gainera hainbat hizkuntzatan ez dut nire izena ezagutzen, beste alfabeto bat erabiltzen dute-eta.
8. Moskun egon berri zara zure lana aurkezten. Nolako esperientzia?
Nire lana aurkeztu nuen lekuetan jendea hurbiltzen zen, entzuten zuten... Harrituta geratu nintzen. Hango unibertsitateko mintegi baten ere hartu nuen parte, eta oso interesgarria izan zen; kultura handiko pertsonak aurkitu nituen. Halakoetan, Euskal herriko enbaxadore ere bazara.
9. Literatura egiteaz gain, irakatsi ere egiten duzu. Zer zailagoa?
Egitea, zalantza barik! Irakaskuntza, oso atsegina da: horrek dakarren komunikazioa, dakizun apurra transmititzea... Idaztea askoz nekagarriagoa da.
10. Asko harritu egingo dira euskaldun berria zarela jakitean.
Ez dut uste; nire belaunaldian askok egin genuen apustu gogorra euskara ikasteko. Onuragarria da aipatzea ikasi daitekeela.
-------------------------
Lehendakaria banintz: "Arazo askori egin beharko nieke aurre, baina genero bortizkeriari emango nioke lehentasuna. Emakume asko ari dira hiltzen, eta horrek erakusten du orain arte egindakoak ez duela funtzionatu. Zerbait egin behar da, bikoteak bestea hiltzea ez da da posible".