Sare sozialetan ezin asmatu ibili izan da Google orain arte baina sare sozial berriarekin bide onean dabilela ematen du. Kontaktuak interes ala harreman zirkuluetan antolatu eta zerbitzu gehigarriak erantsita (mezularitza WhatsApp ezagunaren estiloan ala taldeko bideo-txatak), zeresana eta interesa piztu da.
Facebookek, noski, egurra ematen du oraindik zifretan, 750 milioi profil dauzka, baina Google+ek aste pare baten lortutakoa ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Halere, zenbaki ofizialik ez dute kaleratu oraindik Googlekoek, erabiltzaile batek sorturiko algoritmo batekin kalkulatu da kopurua. Egiaztatuz gero, inoiz sare sozial batek bere hasierako asteetan izandako hazkunderik handiena da.