Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademikoa zabaldu du sei unibertsitate-master berriren bidez

Asier Alkorta 2011ko uztailaren 8a

Guztira, 10 unibertsitate-master eskainiko ditu Mondragon Unibertsitateak, baita masterren berezko hogeita hamar titulu, aditu ikastaroak eta ikastaro aurreratuak ere. Duela hiru urte Bolognako prozesua aplikatu zuen lehen euskal unibertsitatea izan ondoren, proiektuaren bigarren faseari ekin dio orain unibertsitate-master berriak martxan jarriz.

Ikasturte berriko masterren aurkezpenean Vicente Atxa Goi Eskola Politeknikoko zuzendaria, Josu Zabala MUko errektorea, Lander Beloki Enpresagintza Fakultateko dekanoa eta Nekane Arratibel Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko dekanoa egon ziren.

Mondragon Unibertsitateak Europako araudi berrira egokitutako 12 gradu-titulu eta hamar unibertsitate-master eskainiko ditu datorren ikasturtean, baita unibertsitateko berezko hogeita hamar master, aditu-ikastaroak eta ikastaro aurreratuak ere, guztia bere sei campusetan banatuta. Gainera, ezaugarri berezi bat izango du 2011-2012 ikasturteak: bukatzen denean Bolognara egokitutako euskal ikasleen lehen promozioa irtengo da unibertsitatetik.

2011-2012 ikasturtean martxan jarriko dituen sei unibertsitate-masterretatik lau ingeniaritzaren alorrekoak dira, eta gainerako biak hezkuntzaren alorrekoak. Sei titulu berriok joan den ikasturtean eskaini ziren beste lau tituluak osatzera datoz: bi master enpresa-kudeaketaren alorrean, bat ingeniaritzaren alorrean eta hezkuntzaren alorreko beste bat.

MASTER BERRIAK:

  • Enpresa berrikuntzako eta proiektu zuzendaritzako unibertsitate-masterra: Arrasateko campusean dagoen Goi Eskola Politeknikoan eta Zamudioko Teknologia Parkean egingo da eta urte bateko iraupena dauka. Ingeniaritzako, Arkitekturako edota Zientzietako unibertsitate-titulua duteni zuzenduta dago eta industria-antolakuntzaren alorrean trebakuntza eta espezializazioa ematen duen prestakuntza-programa da.
  • Industria ingeniaritzako unibertsitate-masterra: Arrasateko campuseko Goi Eskola Politeknikoan egingo da eta bi urteko iraupena du. Industria ingeniaritza teknikoko adarreko titulua dutenei zuzenduta dago eta goi mailako prestakuntza jasoko duten profesionalak hainbat proiektu teknikoki nahiz ekonomikoki kudeatzeko gai izango dira.
  • Sistema txertatuetako unibertsitate-masterra: Arrasateko campuseko Goi Eskola Politeknikoan egingo da eta bi urteko iraupena du. Elektronikaren, informatikaren edota telekomunikazioen alorretako unibertsitate-titulua dutenei zuzenduta dago eta sistema txertatuetan oinarritutako produktuak berritu, diseinatu, garatu, ebaluatu eta mantentzeko gai diren profesionalak prestatzea du helburu.
  • Energia- eta potentzia-elektronikako unibertsitate-masterra: Arrasateko campuseko Goi Eskola Politeknikoan egingo da eta bi urteko iraupena du. Elektrizitateko, industria-elektronikako nahiz automatika eta elektronikako adarretan Ingeniaritzako unibertsitate-titulua dutenentzat nahiz Ingeniaritza, Arkitektura edota Zientzietako alorretako titulu desberdinak dituztenentzat da. Besteak beste, masterra eginez, ikasleak potentzia-elektronikaren aplikazioen analisi espezifikoa egiteko gai izango dira.
  • Testuinguru multikultural eta eleaniztunetako hezkuntzako unibertsitate-masterra: Mundu globalizatuak aldaketak eragin ditu hezkuntzan, testuinguru eleanitz eta multikultural berriak sortuz. Sortu berri diren behar horiei erantzutea da masterraren xedea.
  • Hezkuntza-instituzioetan berrikuntza metodologikoko proiektuak garatzeko unibertsitate-masterra: Hezkuntza-instituzioetan berrikuntza didaktiko-metodologikoko proiektuak garatu eta kudeatzeko unibertsitate-masterraren helburu orokorra berrikuntza metodologikoko proiektuak sortu eta kudeatzea da.

GAINERAKO MASTERRAK:

  • Enpresa kooperatiben kudeaketako unibertsitate-masterra: Oñatiko campuseko Enpresa Zientzien Fakultatean egingo da eta aurrez-aurre egiteko edo on line egiteko aukera dago. Masterrak urtebeteko iraupena du. Funtsean, Arlo guztietako unibertsitate-titulua izanda, lan-munduan txartatzen lagunduko dien titulu ofizial baten bidez euren prestakuntza handitu nahi duten pertsonentzat da.
  • MBA unibertsitate-masterra. Enpresa-zuzendaritzako unibertsitate masterra: Oñatiko campuseko Enpresa Zientzien Fakultatean egingo da eta urte bateko iraupena edukiko du.
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta hizkuntzan irakaskuntzan irakasle izateko irakaskuntza-gaikuntzako unibertsitate-masterra: Eskoriatzako campuseko Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egingo da eta urtebeteko iraupena du. Honen helburua irakasle izateko behar diren ezagutza nahiz gaitasun pedagogiko eta didaktikoak dituzten profesionalak prestatzea da.
  • Produktu eta zerbitzuen diseinu estrategikoko unibertsitate-masterra: Arrasateko campuseko Goi Eskola Politeknikoan egingo da eta bi urte iraungo ditu. Produktu, zerbitzu nahiz prozesu teknologikoetan berrikuntza sortu eta sustatzeko gai diren profesionalak prestatzen dira master honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak