Goienak jaso du aurtengo Rikardo Arregi Sari Nagusia

Usoa Agirre 2011ko uzt. 4a, 10:00

Zapatuan banatu zituzten Andoainen kazetaritzako XXIII. Rikardo Arregi Sariak. "Kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna" izan dira Sari Nagusia erabakitzerakoan epaimahaiak hartutako irizpideak. Hamar urteko ibilbidea da Rikardo Arregi Sari Nagusiarekin nabarmendu gura izan dutena baina, bereziki, Goienak iazko urritik aurrera sarea ardatz hartu eta hedabide multimedia integral moduan "hezurmamitu eta Interneteko webgunea berritu eta egokitzeko" ekimena saritu dute.

Euskarazko kazetaritzako sari nagusiak dira Rikardo Arregi sariak, aurtengoa XXIII. edizioa, eta kalitatea –bai "edukietan zein "diseinu eta estetikan"– eta berrikuntza –kazetari guztiak Sarea ardatz hartuta multimedian jarduteagatik– , biak, izan dira epaimahaiak behin eta berriz erabilitako hitzak.

Ikusi argazkiak pantaila osoan

Ignazio Arregiri ohore

Etxera etorritako sari bakarra, ordea, ez zen Sari Nagusia izan, Ohorezko Aipamena Inazio Arregi kazetari oñatiarrak jaso baitzuen zapatuko ekitaldian. Euskal irratigintzaren aitzindari izatea aitortu diote Arregiri (Oñati, 1931). Euskal irratia esatea Loiola Herri Irratia esatea zen garaietan jardun zuen lanean Ignazio Arregik, 1965 urtean esataritzan eta 1982ra arte, azken lau urtetan, zuzendari moduan. Haiek "euskarazko irratigintzaren zuzia bizirik mantentzeko hil edo biziko urteak" izan zirela aipatuz,  azpimarratu dute era guztietako kazetaritza egiten zela euskaraz. Loiola Herri Irratia eta gero, 1985 urtera bitartean, "Euskal Irratia, Radiodifusión Vasca" Sozietate Anonimo Publikoaren administratzaile eta zuzendari izan zen, hortik etorritako Euskadi Irratiaren oinarriak finkatu zituelarik. Saria jasotzerakoan hunkituta zegoela erakutsi eta "lotsatuta" zegoela ere esan zuen zapatuan Arregik, "kulturako hain izen  garrantzitsuen artean" aurkitzen zelako –parez pare zeukan Bernardo Atxaga, esate baterako – eta esker-hitzaldi laburra aprobetxatu zuen gogorarazteko "krisiek erakutsi dutela jakinduriari, kulturari eta hezkuntzari lehentasun osoa emanez erantzun behar" zaiola, "egiazko garapenaren giltza" baitira horiek.

Berekin batera eta "euskarazko kazetaritza modernoaren zutoinen eraikitzaile eta bide berrien bilatzaile" izateagatik Miren Jone Azurtzari (Donostia, 1933) ere eman zioten Ohorezko Aipamena. Zeruko Argia aldizkariari "arnas berria" eman eta sustatzaile eta zuzendari izanagatik saritu dute Izurtza. Gaur egungo kazetaritza lanak saritzen dira baina eta, horrela, Kazetari Berria saileko saria Igone Fernandezek eskuratu du Gaztezulo aldizkarian argitaratutako elkarrizketa eta erreportajeengatik. Epaimaihaiak, gainera, aurten sari berezia eman du; Berriako Ainhoa Oiartzabalentzat izan da, Nork hil zuen Begoña Urroz? (pdf) ikerketa erreportajearengatik. Azkenik Aitormen berezia Erlea aldizkariari egin dio epaimahaiak, "euskal literaturaren leiho" izan eta idazleak idaztera animatzeagatik.

Xabier Lete gogoan

Andoaingo Bastero kulturgunean egin zen ekitaldia zapatuan eta sariez gain Xabier Leteren memoria eta hari eginiko gorazarreak bete zuen aretoa. Haren hitzak gogorarazi eta abestiak Antton Valverdek kantatuta, goi mailako poeta, abeslari eta gizon konprometituari egin zitzaion omenaldia.

Eusko Jaurlaritzak eta Andoaingo Udalak ematen dituzte sariak urtero eta bi erakundeen ordezkari, ekitaldian izan ziren Blanca Urgell Kultura Sailburua eta Ana Carrere, Andoaingo alkatea. Epaimahaia Alazne Aiestaran, Allande Boutin, Odile Kruzeta, Joxe Rojas eta Arantza Urretabizkaiak osatu dute. Mahaiburua Estanislao Amutxastegi Andoaingo alkate ohia izan da eta idazkaria Patxi Baztarrika. Eguneroko bizitzan hedabideek duten indarra aipatu zuten behin eta berriz ekitaldian eta euskarazko kalitatezko kazetaritzak horretan duen garrantzia.

'Goiena.net'-en arrakasta, euskaldun guztion arrakasta

Komunikazioaren oraina eta etorkizuna Interneten dago, eta Goiena Komunikazio Taldeak ere apustu sendoa egin du horren alde. Goiena.net ataria 2003ko abenduan sortu zuen, baina iazko azaroan hartu zuen atariak benetako protagonismoa, itxura aldatuta eta, batez ere, eduki eta erabilgarritasun aldetik guztiz aberastuta aurkeztu zen-eta: herrika eta gaika sailkatutako albisteak, Goiena.net-eko blogak nabarmenduta, Arrasate Irratia eta Goiena telebista ikus-entzuteko aukera, Goienaren kolaboratzaileen iritziak irakurtzeko aukera… Azken hilabeteotan, protagonismo berezia eman zaie argazki galeriei eta bideoei, eta orain leku nabarmena dute, euren zutabe propioan; eta, bestetik, Twitter komunikazio-sarera jauzi egin du Goienak, jorratzen duen arlo bakoitzerako kazetari batek Twitter kontu bat daukalako eta horko titularrak eta albisteak tuiteatzen dituelako. Bada, tuit-ek euren leihoa dute Goiena.net-en: Goienako kazetariek zer txiokatzen duten irakur daiteke, eta, laster, Debagoieneko eta Debagoienaren inguruko beste twitterlari batzuen jardunak ere agertuko dira.

Internet apustu estrategikoa da Goienarendako: "Sarea da muina, eta Goiena.net da lehentasuna Goienan. Izan ere, sarea da oraina eta, batez ere, etorkizuna. Beste euskarri batzuen artean indarra hartuko du aurrerantzean, eta hala da Goienan ere", dio Goienako Ikus-entzunezkoen zuzendari Iban Arantzabalek.

Hala, Goienaren informazio euskarri guztiek Interneten dute konbergentzia eta ardatza.

Aurten, errekorra

Goiena.net-ek eten barik egin du gora azken urteotan. CIESek ez du neurtzen Goiena.net-en erabiltzaile kopurua, baina Google Analytics-en arabera, egunero, batez beste, 2.500 erabiltzaile zituen iaz.

Baina 2011. urtea da, duda barik, Goiena.net-en urtea. Google Analytics-en datuek diote aurtengo urtarriletik maiatzera %31,6 handitu dela bere erabiltzaile kopurua 2010eko epe berarekiko, eta %31,4, orrialde bisitatuen kopurua. 2009. urtearekiko bikoiztu egin da erabiltzaile kopurua, eta %57,1 handitu da orrialde bisitatuena. Iazko maiatzetik aurtengora bitartean, %39 erabiltzaile gehiago ditu Goiena.net-ek. Horrenbestez, aurtengo maiatzeko datuen arabera, batez beste 4.000 erabiltzaile ditu egunero, eta 17.500 orrialde ikusten dira egunero.

Atariaren mugarri handienak ere aurten izan dira: maiatzaren 23a, udal hauteskundeen biharamuna, izan zen Goiena.net-en bisitari eta orrialde bisitatuen inoizko errekorra: 41.410 orrialde bisitatu ziren eta 7.425 bisitari izan zituen. Beste egun hauetan ere bisita asko izan zituen Goiena.net-ek: Korrika (apirilak 14): 5.205 bisitari, 37.140 orri; Mundumiraren biharamuna (maiatzak 30): 4.668 bisitari, 22.893 orri; edo udal hauteskundeen eguna (maiatzak 22): 4.624 bisitari, 28.309 orri.

Argazkiak eta bideoak

Arrakasta handiena duten sailen artean, argazki galeriak eta bideoak daude. Bereziki garrantzitsuak edo jendetsuak diren ekintza, jai, gertaera edo albisteak iruditan ikusteko aukera dute erabiltzaileek. Argazkiak Goiena.net-en bertan edo Flicker webgune potentearen bitartez erakusten dira. Azkenaldian bisita asko izan dituzten galerien artean hauek daude: Mundumira jaiko galeriak (denetara, ia 15.000 bisita), Oñatiko Corpus prozesiokoa (6.300 baino gehiago), hauteskunde gaueko ospakizunena (5.600) edo hauteskunde egunekoa (5.200).

Twitterren bidez

Horrekin batera, Interneten berehalakotasuna, albistea gertatu eta momentuan jendeari helarazteko ematen duen aukera bete-betean aprobetxatzen da. Hala, dagoeneko zenbait gertaera zuzenean kubritu ditu Goienak: Goienaren 10. urteurrena, esaterako. Eta helburu horretarako, orain Twitter tresnaz ere baliatzen dira Goienako kazetariak. Horrekin eman zuten Gipuzkoako Batzar Nagusien eraketaren berri, adibidez.

Goienako edukiak herririk herri eta gairik gai (ekonomia, hezkuntza, kirola, kultura, osasuna eta teknologia berriak) banatuta daude, eta sail bakoitzeko arduradunak albisteak eta beste berri batzuk Twitterrera botatzen ditu.

Herritarren alde

Goiena.net-en aldeko apustua erabiltzaileen, herritarren aldeko apustua ere bada. Hala, Goiena.net-en edozeinek sor dezake erabiltzaile profila, parte hartzeko; edo Twitter edo Facebook kontuak Goiena.net-ekin lotu ditzakete, eta haien bidez sartu Goiena.net-era. Hainbat sail herritarrek eurek elikatu ditzakete orain: zorion agurrak, jaioberriak, agenda eta sailkatuak. Herritarrendako informazio praktikoak ere presentzia handiagoa du, egunero berritzen den agendarekin. Debagoieneko ekitaldien berri ematen du horrek.

Goienako kolaboratzaile batek egunero webcam bidez ematen du iritzia berak aukeratutako gai baten inguruan; eta blog gehiago zein Goiena aldizkariak jasotzen dituen iritzi-kolaborazioak irakurtzeko aukera hobea ematen du Goienaren Interneteko atariak.

Indartu egin da ere Goiena telebistak hartzen duen lekua Goiena.net-en. Hala, telebistak bere atala dauka, atal preferentziala, gainera, eta han, hainbat gauza egin daitezke: Goiena telebista zuzenean ikusi; Goienak azken egunotan eta asteotan eman dituen tarte edo bideo interesgarrienak berriz ikus daitezke; eta Goiena telebistaren programazioaren berri jaso ere bai. Azkenik, norberak bere bideoa Goienari bidaltzeko aukera du Goiena.net erabilita.

CC lizentzia dauka

Goiena.net-en arrakasta, azken baten, euskaldunon arrakasta ere bada, eta Goienaren eginkizun nagusian, euskara sustatzean eta bere egoera normaltzean, zeresan handia izango du Internetek.

Iban Arantzabalen hitzek adierazten duten moduan: "Islandiarra da teknologikoki ondoen prestatua dagoen hizkuntza, euskara bera baino txikiagoa eta, akaso, bihurriagoa. Tamainak ez du ezer erabakitzen hala ere, eraginkorrak egiten du aurrera eta euskarak egingo du. Aukeraz betetako bidea ireki zaigu Sarean, eta gure apustua ahalik eta euskaldun gehienon estrategia izan beharko lukeenari dago lotua: euskaraz sortzeari eta hedatzeari. Horregatik, besteak beste, Goiena.net-en barren-barrenean irakurri zenezaketen lizentzia: Creative Commons Aitortu-Partekatu. Lizentzia hau jarri dugu euskara gura dugulako agerikoago egin, gure edukiak Erabilpen Kultural Librerako Baimendu". Hortaz, Goiena.net-eko edukiak konpartitu egin daitezke, jatorria eta jabetza aitortuta.

Arantzabalek honakoa gaineratzen du: "Euskara agerikoago egiten ere lagundu digu Rikardo Arregi sariak, eta eskerrik asko Goienari egin diozuen aitorpenagatik. Saria zuekin partekatzea baino ez zaigu geratzen". Eta bukatzeko: "Eskerrik asko euskaldunon komunitate guztiari".

Codesyntax enpresa

Eibarko Codesyntax enpresa Goiena.net-en hornitzaile teknologikoa izateaz aparte Goienaren sorreratik bidelagun izan dugu eta Internet ulertzen eta erabiltzen lagundu digute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak