Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko ekainaren 23a

Aurreikusten zen legez, Martin Garitano bergararra izendatu dute Gipuzkoako ahaldun nagusi. Horretarako bi bozketa egin behar izan dituzte; lehenengoan gehiengo osorik egon ez denez, bigarrenean gehiengo sinplea lortzea nahikoa zen. Bigarren bozketan lehenengoan izan den emaitza bera irten denez, Martin Garitano izendatu dute ahaldun nagusi. Gurasoendako (Rosa Mari eta Pedro) izan dira ahaldun nagusiaren lehen berbak.

Gainerako alderdi politikoetako buruak -ahaldun nagusi izandako Markel Olano lehenengo- agurtu ostean, Bilduko batzarkideak agurtu ditu Garitanok. Eta, ondoren, Rufi Etxeberria eta Pello Urizar, beste batzuetan artean.

Martin Garitanok (Bildu) 23 boto lortu ditu lehen eta bigarren bozketan, Markel Olanok (EAJ) 14, Rafaela Romerok (PSE) 10 eta Juan Carlos Canok (PP) 4. Garitanok, bere taldeko batzarkideen babesaz gain, Aralarko Rebeka Ubera batzarkidearen aldeko botoa ere jaso du.

Garitanoren lehen hitzak

Garitanok, ahaldun nagusi izendatu eta gero, hitz batzuk esan ditu. Bertan, eskerrak eman die batzarkideei, egoera ez legalean daudenei ere eskaini dizkie hitz batzuk, bere gurasoak ere aipatu ditu eta koalizioko batzarkideei gogoratu die lan gogorra daukatela egiteko.

Lau ardatz

Goizean, hautagai guztiek egindako hitzaldian  Martin Garitanok esan du ahaldun nagusi izanda lehentasunezko lau ardatz garatuko dituela. Hauek dira ardatz horiek:

  • Bakea, normalizazioa eta eskubide zibil eta politiko guztiak onartuak izango diren egoera baten eraikuntza sustatzea Gipuzkoako Foru Aldunditik.
  • Krisi ekonomikoari irtenbide soziala ematea, gure aldatzea eta ongizatea bermatze aldera.
  • Emakume eta gizonen berdintasunerako politikak abiaraztea.
  • Gipuzkoako herritarrengana demokrazia zabaltzea, Gipuzkoako instituzioak irekitzea eta honetarako herritarren parte hartzea instituzioetan bermatzea.

Gainerako alderdien erreakzioak

Behin Martin Garitano ahaldun nagusi izendatuta, alderdietako bozeramaileek zera adierazi dute:

  • Goizeko hitzaldian Garitanok esan du bigarren indar bezala, EAJrekin lehentasunezko harremana lantzeko borodnate osoa duela. Honen aurrean, Aintzane Oiarbide batzarkide jeltzaleak esan du ikusi egin beharko dela hori, egunez egun, eta programa eta proiektuak alderatuta. Gaineratu du, gauza bat dela esatea, eta beste bat, esandakoak gauzatzea.
  • PSE-EEko Rafaela Romerok esan du espero duela ahaldun nagusi berriak akordioen bidez gobernatzea, eta baita ETAri desgertzeko eskatzea ere.
  • Aralarko Rebeka Uberak momentu historikotzat jo du eguna, bere esanetan lehen aldiz ezker abertzalea egongo delako Aldundian agintzen. Garitanoren alde eman duen botoa, aldaketaren aldekoa dela gaineratu du eta Aralar gobernuan egongo den edo ez galdetuta, Uberak esan du ez direla sartzearren sartuko, oinarri eta eduki batzuk adostuta erta akordio baten markoan baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak