Jon Artano: "Fakultatean gutxi ikasi nuen; nik lanean ikasi dut"

Txomin Madina Milikua 2011ko eka. 23a, 17:19

Oporretara joan berri den Hitzetik Hortzera-ko zuzendari eta aurkezlea da egun zestoarra, nahiz eta askok, baita guk ere, oraindik Sorginen Laratza-ren inguruan galdetu.

1. Bertsozalea, bokazioz ala lanbidez?
Bokazioa baino, afizioa da bertsozaletasuna. Ni lehendik nintzen bertsozalea; orain beste ikuspegi batetik bizi dut, baina aurretik ere banintzen.

2. Hitzetik Hortzera-n zeu zara zure zuzendaria. Nolako zuzendaria zara?
Nire buruarentzat txar samarra esango nuke: konformagaitza, zorrotza; loreak emateko zekena eta kritikak egiteko nahiko gogorra.

3. Hogei urtetik gora dituen programa baten, posible al da berritzailea izatea?
Uste dut baietz; gu horretan saiatzen gara behintzat! Pentsatuko bagenu berritu ezin dela, etxera joatea hobe genuke. Berritu daiteke, beste kontu bat da ez dela erreza.

4. Zer nolako elkarrizketatuak dira bertsolariak?
Euren jarduna jendaurrekoa izan arren, beste edozein bezain lotsatiak dira bertsolariak; baina beste alde batetik, oso mezu interesgarria duen jendea da.

5. Txapelketa barik, bertsolaritzak izango luke etorkizunik?
Nik uste baietz. Txapelketak egon aurretik, beste era bateko lehiak zeuden. Auskalo etorkizunean zer etorriko den! Bertsolaritza bera, osorik ari da aldatzen eta txapelketak eurak ere bai.

6. Eta bertso bat botatzea eskatuko banizu?
Kuadrilako bat eta biok ibiltzen gara, baina nahiko eskasak gara. Gainera, normalean, hasten garenean ez da burua argien izaten dugun momentua.

7. Fakultatean ikasitakoek, balio dute Sorginen Laratza bezalako programa baten?
Fakultatean gutxi ikasi nuen nik; nik lanean ikasi dut. Fakultateko urteei zukurik ez ateratzearen eta lanean goizegi hastearen damua dut. Nolakoa den halako programa baten lan egitea? Ez dakit, baina arrastoa uzten du: horren adibide, zuk galdera hau egitea.

8. Kamara aurrean edo atzean, non gusturago?
Erreta bukatu nuen kamara aurrean eta nahita ezkutatu nintzen. Orain ere, ia istripuz nago kamara aurrean: ez zegoen aurrez pentsatuta, eta ez nire erabakiz. Atzeko lana errazagoa da; aurreko lana ondo egitea ez da erreza.

9. Anaia bikiari zenbatetan eskatu diote autografoa zeu zarelakoan?
Autografoak eskatu ez dakit; baina beroa eman, dezentetan, inongo kulparik izan barik.

10. Udan non ikusiko zaitugu?
Georgiara noa bizikletan ibiltzera. Ia udaro goaz bizikletan ibiltzera. Oso Europa zalea naiz eta gustuko dut oraindik uniformizazioa heldu ez den tokietara joatea; iraganera joatea bezala da.

---------------------------------

Lehendakaria banintz... "Garbi daukat: galarazi egingo nuke sagardoa hotzegi ateratzea eta menuko postreetan gazta eta menbrillorik. eta horretaz aparte, arbolak landatu behar direla uste dut. Azken hori eskatu egiten diet alkate, lehendakari eta politikan dagoen jendeari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak