Jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak euskaraz inskriba daitezke

Mirian Biteri 2011ko eka. 10a, 12:50

Bergaran izan ezik, orain arte ezinezkoa izan da ume baten jaiotza, bikote baten ezkontza edo lagun baten heriotza euskaraz inskribatzea. Hori aldatzera doa orain, Debagoieneko udalek egindako eskaerari esker. Bailarako bake epaitegietan jakinarazi digute orain arte papereko liburu "ofizialekin" egin dutela lan, eta haiek ez zutela erregistroa euskaraz egiteko aukerarik eskaintzen, legeak aurreikusten bazuen ere.

Liburu "potolo" horiek desagertzear daude; ordenagailuak erabiliko dituzte aurrerantzean horretarako, eta Jaurlaritzak horietan jarritako programak herrialdeko bi hizkuntza koofizialetan egiteko aukera eskaintzen du; hain justu ere, euskaraz eta gaztelaniaz.

Arrasaten, datorren astean

Dena dela, bailarako hainbat herritan oraindik ez dago gertu hori. Aramaion, Antzuolan, Elgetan eta Arrasaten lanean dihardutela eta datozen asteotan egin ahal izango dela diote. Azken herri horretako bake epaitegian baieztatu digute hilaren 17an edo 18an jarriko dutela martxan; Eskoriatzan eta Oñatin, ostera, aste honetan bertan hasi dira sistema berria erabiltzen, eta hortaz, aukera dago inskripzioa euskaraz egiteko.

Leintz Gatzagan eskaera eginda badute ere, oraindik ez dakite noiz izango duten gertu. Bestalde, Bergaran bi urte daramatza funtzionamenduan sistema horrek, eta Aretxabaletan aurtengo martxoaren 2an inskribatu zuten euskaraz lehen umea.

Espainiako Estatuko Erregistroen Legeak 2005ean aitortu zuen haurrak bake epaitegian euskaraz erregistratzeko eskubidea. Kontua da gero praktikan ez dela horrela izan. Uemarekin eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek urteak daramatzate jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak euskaraz erregistratu ahal izateko duten oztopo zerrenda luzea salatzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak