Oihana Kortazar elgetarra eta Kilian Jornet kataluniarra nagusi, Aizkorriko maratoian

Julen Iriondo 2011ko mai. 30a, 00:24

Pronostikoak bete eta laugarren aldiz irabazi du Kilian Jornet kataluniarrak Aizkorriko maratoia: hori bai, oraingoan nahikoa estu ibilita, gertu gertu izan baitzuen uneoro Tom Owen taldekide britainiarra; 35 segundoko atzerapena baino ez zuen izan helmugan.

Jornetek ere aitortu zuen amaieran gauzak zail jarri zizkiola Owenek: "Behin eta berriz saiatu naiz ihes egiten, baina ez zegoen atzean uzteko modurik. Azken igoeretan ikusi dut bera baino zerbait hobeto nindoala, han jo dut eta balio izan du. Oso pozik nago berriz ere Zegaman irabazi izanagatik". Hirugarren Miguel Heras sailkatu zen, baina hau garaipenerako lehiatik urruti ibili zen, bost minututik gora galdu zituen-eta helmugan.
Aritz Kortabarria arrasatearrak lan ederra egin zuen –seigarren– eta Munduko Kopako bi lasterketa korrituta bera da sailkapeneko buru.

Emakumezkoetan garaipen bikaina lortu zuen Oihana Kortazar elgetarrak. Inon diren marka guztiak ondu behar ditu martxa honetan; izan ere, denboraldi honetan korritu dituen hamar lasterketak –mota eta luzera guztietako lasterketak irabazi egin ditu. Egindakoak are meritu gehiago du, gainera, kontuan izanda zenbait hilabetez lasterketak albo batera utzita egon eta gero ekin diola, berriz ere, lehiari.

Atzo, hasi eta bukatu, buruan egin zuen lasterketa osoa Kortazarrek. Ez zegoen, printzipioz, irabazteko faborito nagusien artean –kontuan izanda irteeran zirela, besteak beste, bien artean azken sei ediziotatik bost irabazi dituzten Emanuela Brizio eta Corinne Favre–, nahiz eta bazen hautagai, zelako denboraldia daraman kontuan izanda.

Ba Aizkorriko tontorrean (22,58 kilometroa) zazpi minutu ateratzen zizkion elgetarrak Briziori, azken bi edizioetako irabazleari. Horrelaxe planteatu zuen lasterketa, eta bete-betean asmatu zuen, ikusita azkenean minututik beherako aldea izan zela helmugan aurreneko bi sailkatuen artean: "Nahita igo naiz azkar. Aldea hartu nahi nuen, gero mendizerrako tartea eta jaitsiera teknikoa zetozelako, eta banekielako hor denbora kenduko zidala".

Gizonetan Miguel Heras espainiarra eta emakumezkoetan Maud Gobert frantziarra sailkatu ziren hirugarren.

Sailkapenak

Gizonezkoak

  1. Kilian Jornet. 3:57:39
  2. Tom Owens. 3:58:14
  3. Miguel A. Heras. 4:02:52
  4. Aitor Osa. 4:04:53
  5. Nicola Golinelli. 4:06:27
  6. Aritz Kortabarria. 4:13:04
  7. Cristobal Adell. 4:13:10
  8. Michel Rabat. 4:13:17
  9. Pere Aurell. 4:15:52
  10. Giovanni Tacchini. 4:16:52

Emakumezkoak

  1. Oihana Kortazar. 4:42:50
  2. Emanuela Brizio. 4:43:29
  3. Gobert Maud. 5:06:54
  4. Corinne Favre. 5:08:51
  5. I. Zubizarreta. 5:12:32
  6. S. Jimenez. 5:13:51
  7. Laia Andreu. 5:16:04
  8. Maite Maiora. 5:17:40
  9. Nuria Picas. 5:18:16
  10. Ragna Debats. 5:25:40

Debagoieneko gizonezkoak

  1. Aritz Kortabarria. 4:13:04
  2. Patxi Garcia. 5:08:35
  3. Jokin Garai. 5:09:11
  4. Josean Larrea. 5:34:29
  5. Aitzol Guridi. 5:45:55
  6. Jose Luis Barrena. 6:00:54
  7. Joseba Berezibar. 6:01:02
  8. Andoni Urtaza. 6:08:02
  9. Jon Altube. 6:12:48
  10. Josu Cascon. 6:18:26
  11. Xabier Iñurritegi. 6:46:18
  12. Arkaitz Sasiain. 6:53:45
  13. P. Arejolaleiba. 6:53:45
  14. Jon Urtaza. 6:58:37
  15. E. Gabilond. 7:13:36
  16. Ragna Debats. 5:25:40

Debagoieneko emakumezkoak

  1. Oihana Kortazar. 4:42:50
  2. R. Lasagabaster. 6:42:21

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak