Ana Urrutia: "Aldaketa klimatikoa badago; nik nabaritu dut itsasoan"

Txomin Madina Milikua 2011ko mai. 26a, 02:00

Ohituta gaude Bakion bizi den 39 urteko bilbotarra isobara, borraska eta antizikloi artean ikustera; kamera aurrean ez badago, itsasoan aurkituko dugu, ziur aski, surf taulara igota.

1. Atzo eguzkia iragarri zenuen, eta gaur euria ari du. Bronka asko jasoko dituzu?
Bronka handiak ez, baina komentarioak, seguru! Lanean, kalean... Jendeak badaki iragarpena dela, baina beti bilatzen da erruduna, eta normalean, neu naiz!

2. Euskal Herrian dugun eguraldi aldakorrarekin, merezi du arriskatzea?
Bai, merezi du, eta, gainera, iragarpena asko hobetu da. Ez gara aspertzen: datu gehiago bilatu, gehiago zehaztu... Eskaria egon badago; ikusleak zorrotzak dira, eta guk maila eman behar dugu.

3. Pertsiana igotzean, ze eguraldi aurkitzea gustatzen zaizu?
Hego-haizea, tenperatura 20 graduren bueltan eta zeruak berdin du. Garrantzitsuena da depresio sakona egotea, Bizkaiko Golkoan olatu handiak egoteko!

4. Aldaketa klimatikoa: egia ala gezurra?
Aldaketa badago, nik nabaritu dut: hamar urtetan, itsasoaren tenperatura hiru gradu igo da neguan. Erosoena da ardura politikariei botatzea, baina denok egin behar dugu zerbait gure etxetik hasita.

5. Eguraldia euskaraz emateko gogorik, asmorik, itxaropenik?
Bai, baina euskaldun berria naiz eta ikasten ari naiz oraindik. Egunen baten ezinbestean egin behar bada, bai noski: hizkuntza horrela ikasi behar da, lotsa barik.

6. Eguraldia eta euskara erakutsi dizkizu Andoni Aizpuruk. Zer-nolako maisua da?
Oso ona, eta pazientzia handikoa! Laguna eta maisua izan da: hamabi urte daramatzagu ondoan lanean, eta beti dago umore onarekin. Burugogorra da, baina ni ere bai!

7. Buruz esaten omen duzu iragarpen osoa. Memoria lantzeko gomendiorik?
Amak esan dit txikitatik memoria handia dudala. ETBn teleprompter barik hasi nintzen naturalagoa izateko, irakurtzen ari bazara arraro geratzen da. Ez da memoria, plazara irten eta mapak ikusita hitzaldia botatzea baizik.

8. Surfa, noiztik eta zergatik?
10 urte nituenetik. Beti ibili naiz itsasotik gertu eta nire bost nebak surflariak dira; beti gura nuen eurek egiten zutena egitea. Orain surfa ez da kirol soila, droga hutsa da. 

9. Eta nolakoa da marrazo artean surfeatzea?
Beldur handia ematen du. Australia aldean egon ginenean eraso mortala egon zen, eta kezkatuta geratzen zara. Baina autokontrola egin behar da: ez pentsatu, uretara sartu eta, hori bai, uretan adi ibili.

10. Bi alabak gustura egongo dira duten ama martxosoarekin...
Bai; martxosoa, gaztea... Baina ama izaten jarraitzen du, eta amak bronkak ere botatzen ditu!

---------------------------------------------------------------------

Lehendakaria banintz...: "Gauza pila bat datozkit burura, baina, bat esatekotan, bizkartzain guztiak jarriko nituzke emakume mehatxatuak babesten. Nire ustez, gure gizartean dagoen arazo handi bat da: emakume asko daude beldurrarekin, eta horregatik ez dute salaketarik jartzen.".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak