Zein da euskarazko hedabide ez publikoen egoera gaur egun?
Nahasi samarra. Batetik, denek onartzen dute euskarazko hedabide ez publikoek sekulako garrantzia dutela euskararen normalizazio eta sustapenerako; bestalde, ikusten dugu alor ekonomikoan sektoretxoa osatzen dugula… Baina, hori guztia onartzen den neurrian, praktikan, sumatzen dugu erakundeen artetik behar adina baino babes txikiagoa.
Topagunearen barruan dauden hedabideen egoera?
Hor ere argi-ilun handiak daude. Batetik, 2007a ezkero gabiltza, hain zuzen ere, Jaurlaritzaren dirulaguntzei esker, audientzia neurketak egiten tokiko hedabide ezberdinetan. Eta ikusten ditugu oso datu positiboak. Euskaldungoaren ehuneko handi batengana heltzen garela eta erdaldunongan ere eragiten dugula. Baina, bestetik, euskarazko tokian tokiko hedabideek lan oso zaila egiten dute, baldintza zailetan dihardutelako, eta babes falta sumatzen da instituzioen aldetik.
Zenbat euskarazko hedabide daude Topagunearen barruan?
34 aldizkari, 6 irrati, bi telebista eta 22 agerkari digital. Azken hauek, sarritan, dira besteen osagarri. Paperean zentratuta, Gipuzkoan 22 dira, Bizkaian 8 eta Nafarroan 4.
Audientzia datuak zelakoak dira?
Paperezkoetan, 34 aldizkari horiekin iristen gara 210.000 lagunengana. Kontuan izanda euskaldunak garela 800.000 gutxi gorabehera, ez da datu txarra.
Topaguneko hedabideen artean paperezkoak dira nagusi. Baina, kontuan izanda paperak bizi duen krisia, ez da arriskutsua hori?
Analisia oso konplexua da. Audientzia neurketetan ikusi dugu sarearen garrantzia anekdotikoa dela oraindik tokian tokikoetan. Paperak dauka nagusitasuna oraindik. Gainera, papera krisian dago eta gainbehera dator, baina, gaur egun, oraindik ere, negozioa paperekoan dago. The New York Times-ek berak oraindik ez du asmatu zelan egin negozio sarekoarekin.
Tokian tokiko hedabideak sarean eta teknologia berrietan gehiago murgildu beharra ikusten du Topaguneak?
Bai. Papera baztertzearekin batera, sareak gero eta presentzia handiagoa izango du eta, gainera, oso bitarteko merkea da. Urratsak emteko azpiegiturak behar dira eta Ikerketa eta Garapenean inbertsioak egin behar dira. Esaterako, aipatu dugun The New York Times-en formulak balio dio euskarazko tokian tokiko hedabide bati? Ikertu beharrekoa da. Teknologia berrietan sakondu egin behar da, baina ezin gara mugatu besteek egin dutenera, baizik eta hurbilketa propioa egin behar dugu.
Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak dio hausnarketa egin behar dutela euskarazko hedabideek.
Egia da Arabako egoerak kezkatzen gaituela, besteak beste, Arabako ikurretako bat, Geu, desagertu egin delako. Egia da, edozelan ere, badabiltzala antolatzen beste zerbait sortzeko. Bestalde, Gipuzkoan tokian tokiko aldizkari asko dago, baina asko direla esatea ez zait oso egokia iruditzen, ze dauden aldizkari edo hedabideak ez baitira kapritxoz sortu, behar bati erantzuteko eta esfortzu handiarekin baizik. Prest gaude hausnarketa egiteko eta modu eraginkorragoan lan egiteko.
Debabarrenean lanean ari dira hango hedabideak elkarrekin zerbait egiteko. Hori da bidea?
Bai, batzea eta elkarlana. Komunikazioa areagotu… Elkarlanetik zertan irabaz dezaketen aztertu eta esfortzuak bateratzea da gakoa.
Euskarazko hedabide ez publikoek hainbat ekimen bultzatu duzue azkenaldian…
Bai. Autonomia Erkidegoko erakundeekin aritu gara, Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru aldundiekin. Eta alderdi politiko gehienekin ere bai.
Ze mezu helarazi diezue?
Batetik, gure egoera ez dela ona eta babes handiagoa behar dugula; sektore handia garela: zenbat lagun gabiltzan, zenbat diru mugitzen dugun… Eta, gero, bi eskaera zehatz egin dizkiegu: bat, erakunde publikoek zertan eta non inbertitzen duten publizitatean eta, bi, eskatu, publizitate instituzionalaren %25 euskarazko hedabideetan egitea. Bestetik, eskatu zaie dirulaguntza publikoa %25 igotzea datorren urtean, ze azkeneko urteetan murrizten joan baitira. Eta epeen gainean ere egin diegu eskera, ze, gaur egun, sarritan, urtea aurrera doanera arte ez baitugu jakiten ze dirulaguntza jasoko dugun eta noiz jasoko dugun.
Ze harrera izan duzue?
Modu orokorrean, ona. Denok hartu gaituzte ondo eta ulertu egin dute gure arazoa. Gainera, prest agertu dira euskarazko hedabideen sektorearekin batera hausnarketa egiteko. Borondatea eta gogoa, behintzat, badago.
Eta dirulaguntzetan?
Erantzuna ez da horren beroa izan: dirulaguntzei eustearekin nahikoa izango dela…
Erakundeek diruz lagunduta bizi zaretela entzun ohi da sarri.
Baina gaztelaniazko hedabideetara dirutzak doaz, ez dirulaguntza modura, publizitate inbertsio modura baizik.
Euskarazko hedabideen egoera jendartera hedatzeko publizitate kanpaina abiatuko duzue, ezta?
Bai. Mezua da hedabide hauek oso garrantzitsuak direla, eta ez dugula itxoin behar desagertu arte garrantzi hori aitortzeko.