Euskaldunen sareak, kronika bat Euskal Informatikarien Biltzarretik bueltan

Usoa Agirre 2011ko mai. 13a, 16:00

Informatikari Euskaldunen Biltzarrean egoteak, aurreko eguenean, informatikari izan barik, estralurtar sentiarazi dakioke bati. Baina aurtengoan sare sozialak mintzagai izanda,  komunikazioaren arloan lanean dihardugunoi asko ikasteko aukera eman ziguten bertako hitzaldiek. Asko izan ziren bertan irtendako ideiak eta erakutsitako tresnak, eta hemen azpimarratu nahiko nituzke deigarri egin zitzaizkidanak.

Gorka Julio Teketen-en hitzaldia, ohi bezala, argigarria izan zen eta euskalduna moduko komunitate txikiek egin beharreko apustuak azaldu zituen. Garbi dauka hark, euskaldunok sare sozial propioa behar dugu eta aplikazioen bitartez sare globalarekin bat egin, kohesio eta barne zein kanpoko komunikazioa ekarriko du horrek. Euskara hizpide, Topaguneako Joxe Rojasek gomendatu zuen, ahal dela, euskal tuitak hiru hizkuntzatan zabaltzea komenigarria dela baina gakoa beti edukien interesa dela. Hark esan moduan, intereseko ekarpenak eginda, "hizkuntzaren langa" iragateko lana hartuko dute erabiltzaileek. "Sinpletasuna, umore eta naturaltasuna", hara, beste gako batzuk mezuak botatzerakoan.
Eider Fernandezek txanponaren ifrentzuari begiratu zion eta mezuak zabaltzeko tresna  ezinbestekotzak jota ere, "informazioa bilatzeko nora jotzen dute erabiltzaileek?". Bilatzaileek trafiko kalitate hobea ematen dute eta horietan sakontzea ere garrantzitsutzat jo zuen Fernandezek. Harentzat "Interneten egiten den guztia neurtu behar" da "jakiteko egiten gabiltzana ondo dagoen ala ez". Neurketen harira, Codesyntaxeko Josu Azpillagak Umap.eu tresna aurkeztu zuen, euskarazko tuitak aztertzeko neurgailua. 2.000tik gora erabiltzailek egiten dute euskaraz Twitterren;  %11k euskara hutsean.
Lankidetza sareez ere hitz egin zen, garrantzitsuak erabat, eta herritarren eskuetan daudena. "Demokrazia ez da politikarien monopolioa eta horretarako sare sozialek asko balio dute, ekintzaile izateko" esan zuen Mikel Ihidoik.
Horiek ideia batzuk; guztiak jarraitzeko #ieb11 gakoa duzue Twitterren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak