Zein da Hizkuntza Politikarako sailburuorde zarenetik esku artean izan duzun arazorik handiena, erronkarik potoloena, buruhauste handiena sortu dizuna?
Arazo handi bat daukagu, denondako komuna dena: ekonomia krisia. Horrek eragiten du gure jarduna ere. Helburuei eutsi nahiko genieke eta horiek aurrera ateratzeko baliabideei ere bai, baina nekez ari gara helburu horiek lortzen. Diru eskasiak sortzen dizkigu, hortaz, burukomin handienak. Oraingoz, ondo gabiltza, baina etorkizuna ez da baikor egoteko modukoa.
Eta poztasun handiena?
Asko izan dira. Euskalgintzaren alorrean egin dut lan beti. Ondo ezagutzen dut mundu hori. Lehen nengoen alde batean eta orain bestean. Baina neure posizio honetatik ikustea euskalgintzako jendeak zelan bizi dituen euskararekiko kezkak, arazoak, itxaropenak, erronkak… horrek betetzen nau, egunero dihardudalako euskara elkarte, talde, hedabide, enpresekin… lanean.
Korrika amaitu berri da eta arrakastaz burutu da aurten ere. Zeuk ere parte hartu zenuen?
Bai, Gasteizen egin genuen Blanca Urgell sailburuak eta biok. Eguraldi zoragarriarekin, ilunabarrean, oso pozik eta gustura. Aurtengo Korrikaren arrakastak denok poztu behar gaitu. Egon den atxikimenduarengatik, batasunagatik… guztiak ere indarberrituta atera gara euskararen alde lanean segitzeko.
Beharrezkoa da Korrika?
Bai, beharrezkoak dira euskararen inguruko aldaba jotze guztiak. Eta Korrikak betetzen du funtzio hori. Jendarteari gogoratu behar zaio euskararen egoera zein den, denon laguntza behar dugula, erabili egin behar dela…
Euskararen kontuan botila erdi beteta edo erdi hutsik ikusten duen horietakoa zara?
Baikorra naiz berez, eta, zentzu horretan, erdi beteta ikusten dut. Atzera begiratu eta ikusten badugu duela 30 urte zela geunden, zenbatek jakin edo erabiltzen zuen euskara, ze erreminta geneukan euskararen alde egiteko… Zalantzarik gabe, egin dugun ibilbidea izugarria da eta, alde horretatik, baikor egoteko moduan gaude. Baina, jakina, erronka garrantzitsu eta zailak dauzkagu esku artean eta horiei heldu behar zaie.
Euskara guztiona dela, inork ez duela patrimonializatu behar eta halakoak entzun izan ditugu sarri.Uste duzu batzuek berendako hartzen dutela euskara?
Denok egin behar dugu geure, guztiona da euskara. Horrela pentsatzen ez badugu, nekez egingo du aurrera euskarak. Iritsi baldin bagara iritsi garen tokira, da, euskal jendarteak eta euskal politikariek erakutsi dutelako euskara dela denena eta ez bakar batzuena bakarrik. Guztion ardura da euskara zaintzea, erabiltzea eta indarra ematea.
Lehendakariak esana da: "Biolentziak desagertzeak ahalbidetuko du euskara, azkenean, libertatearekin lotzea". Eta esaldi hori oso kritikatua izan da euskara lotzearren indarkeriarekin…
Euskararen Aholku Batzordean esan zituen berbok. Batzarraren hasieran esan zituen. Han batutakoen artean, inork ez zuen ezer esan. Eta, batzarraren ostean, iluntze aldera, hasi zen zalaparta. Horrek erakusten du testuingurutik atera zirela Lehendakariaren berbak. Hark ez zuen inor mintzeko asmorik. Argi eta garbi. Zer esan nahi zuen? Euskal Herrian, indarkeria desagertzearekin batera, denok aterako garela irabazten: turismoa, industria, eguneroko bizitzan…; eta baita euskara ere. Indarkeria desagertzeak denoi egingo digu mesede, baita euskarari ere.
Sozialistei kritikatu zaizue Euskara 21 egitasmoa zokoratzea edo, behinik behin, ez bultzatzea. Hala da?
Esan zitzaigun Euskararen Aholku Batzordea lurreratu genuela. Jaurlaritzara heldu ginenean, dena azkar egitea eskatu zitzaigun. Noizbait esan nuen, hain justu ere, Baztarrikaren legegintzaldian urte bi behar izan zituztela Euskararen Aholku Batzordea abian jartzeko. Eta, guk, horren erdia ere ez dugu behar izan batzordea berritu eta abian jartzeko. Tira! Euskara 21 akordioa oso garrantzitsua da eta adostasun ia erabatekoarekin onartutakoa da Legebiltzarrean. Ondo landutako akordioa da. Adostasunaren fruitua. Gertatzen da teoria mailan dagoela eta hori gauzatu egin behar dela orain. Gure egitekoa da hori edukiz betetzea.
Ze ekarpen egin diezaioke euskarari Jon Juaristik Euskararen Aholku Batzordean?
Harekin sortu den polemika antzua da eta ez dio ekarpenik egiten euskarari. Jakina, polemikak eta eztabaidak onak dira edozein alorretan eta baita euskaran ere. Aholku batzordean denetariko jendea dago. Egia da Juaristiri asko gustatzen zaiola mingaina dantzan jartzea, baina zarata bukatu eta lanean jarraitu behar dugu.
Hainbat lanpostu publikotarako euskararen eskakizun maila jaitsi izana egotzi zaizue sozialistoi. Hala da?
Esaten da halakorik eta kasu jakinen batean, agian, hizkuntza eskakizuna txikiagoa izango da, baina betiere legearen barruan egin da. Kontua ez da zuria edo beltza. Gaur izan gara Euskal Herriko pediatrekin eta dituzten arazo larrien berri eman digute. Arazo bat: ez dagoela nahikoa pediatra hemen. Bi: kanpotik etorri behar direla pediatra asko. Hiru: hemengo askok eta askok ez dituztela betetzen eskatzen zaien hizkuntza maila. Hortaz: zela bete pediatra postu horiek? Bada, beste mediku batzuekin, pediatrian espezialistak ez direnekin. Umeekin aritzeko, ze maila behar da? Ez gabiltza maila altuegia eskatzen?
Euskalgintzarekin zelako harremanak ditu Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak?
Derrigorrezkoa da guretako sektore honetako eragileei entzutea, haiekin batzea, etengabeko harremanak edukitzea iritziak konpartitzeko. Harreman ohiko eta onak dira.
Euskarazko hedabideak ezinbestekoak eta lagundu beharrekoak dira
Zalantzarik barik, beharrezko eta estrategikoak dira euskarazko hedabideak euskararen normalizaziorako. Horren erakusle da Jaurlaritzak banatzen dituen laguntzak sektoreari laguntzeko. Halere, esango nuke sektoreak badituela etxeko lanak egiteko. Sektoreak egin behar du gogoeta batez ere ereduak eta ohiturak aldatzen doazelako. Paperezkoak gero eta erabiltzaile gutxiago dituzte eta sarekoak gero eta gehiago… Zentzu honetan, Goiena da eredu eta besteek badute ispilu bat non begiratu.
Legealdia amaitzerako, zer lorpenengatik gogoratua izatea gustatuko litzaizuke?
Kementsu eta gogor jarraitu dugula euskararen alde lanean; entzun diegula eta aintzat hartu ditugula euskarazko eragileak… eta, euskararen aldeko normalizazioan aletxo txiki bat ipini izanagatik.