Hitz Gurutzatuen binakako I. Txapelketa jokatuko da ekainean

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko mai. 11a, 17:29

Ekainaren 4an jokatuko da, UEMA egunaren baitan. Izenematea dagoeneko zabalik dago.

Bergaran ospatuko da aurten UEMA eguna. Ekainaren 4an ospatuko da eta egongo diren ekitaldien artean Hitz Gurutzauen binakako I. Txapelketa jokatuko da.

Txapelketa bikoteka jokatuko da eta bertan parte hartu ahal izango dute nahi duten euskaldun guztiek, baldin eta 16 urte beterik badituzte edo 2011n betetzekoak badira.

Izena emateko azken eguna maiatzaren 31 da, Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuan e-postaz (euskara@bergara.net), webgune bidez (www.bergarakoeuskara.net) eta 943 77 91 66 zenbakira deituta. Gehienez 40 bikote onartuko dira.

Sariak

Lehenengoa: 125 euro eta bertako produktuen sorta.
Bigarrena: 100 euro eta eta bertako produktuen sorta.
Hirugarrena: 75 euro eta bertako produktuen sorta.
Laugarrena: 50 euro eta bertako produktuen sorta.

Bestalde, partehartzaileen artean LUMA aldizkariaren harpidetzak zozkatuko dira.

Lehiaketa, goizean

2011ko ekainaren 4ko goizeko 10:00etarako bilduko dira lehiakide guztiak Bergarako Udaletxe aurreko plazan eta 10:30ean hasiko da saioa. Ez da hiztegi elektronikorik, ez eta ordenagailurik onartuko, bai ordea hiztegi-liburuak.
Hiru aldi izango ditu lehiaketak: sailkapena, finalerdia eta finala, eta honela banatuko dira ordutegian: 10:30–11:15, sailkapena; 11:30–12:15, finalerdia; eta 13:00-13:45, finala.

Sailkapenari dagokionez, kanporaketa izaerakoa izango da. Lehiakideek 12 x 12 lauki dituen hitz gurutzatu taula beteko dute 45 minutuko epean. Proba honetatik aurreneko hogei postuetan gertaturiko lehiakideak sailkatuko dira finalerdirako. Finalerdira igaro ahal izateko, ezinbestez bukatu beharra dago proba 45 minutuan.

Finalerdia ere kanporaketa izaerakoa izango da. Lehiakideek 15 x 12 lauki dituen hitz gurutzatu taula beteko dute 45 minutuko epean. Proba honetan aurreneko lau postuetan gertaturiko lehiakideak sailkatuko dira finalerako. Finalera igaro ahal izateko, ezinbestez bukatu beharra dago proba 45 minutuko epean.

Finala, agerian eta jendaurrean jokatuko da, hartara iritsi diren lau lehiakideek. Ez dira mahaian ariko, zutik jarritako paneletan baizik. Edonola ere, panelok bata bestearena ez ikusteko moduan kokatuko dira. Inguruan ibili ahal izango da publikoa panelez panel, finalak eskatzen duen isiltasunari begirune eginez. Lehiakideek 15 x 15 lauki dituen hitz gurutzatu taula beteko dute, jakinik horretarako gehienez 45 minutuko epea dutela.

Txapelketako jokoen gaineko xehetasunak

Osatu beharreko hitz gurutzatuak aurtengo honetarako espreski sortuak izango dira guztiak. Halatan, lehen mailako garrantzia izango dute haietan eskainiko diren definizioek edo azalpenek. Luma Taldeko kideak, LUMA hilabetekariaren egileak, arduratuko dira jokoen prestakuntzaz eta haien egokieraz eta zuzentasunaz, eta eskarmentu handiko idazle eta letra-jendearekin elkarlanean landuko dituzte lehiaketan aurkeztuko diren taulak.

Antolatzaileek txapelketa epaimahai bat izendatuko du eta epaimahai horrek erabakiko ditu txapelketan zehar suerta litezkeen gorabeherak.

Bazkaria

UEMA eguna dela eta, herri-giroko bazkaria egingo da egun horretan eta lehiakideek bazkaria kideko 8 euroan izango dute. Partaideekin batera letozkeen lagunek ere aukera izango dute taldean bazkaltzeko, kideko 15 euro ordainduta. Horretarako izena emateko momentuan adierazi behar da zenbat lagunek hartuko duten parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak