Sony eta Play Stationeko milioika erabiltzaileren datuek kolokan jarraitzen dute

Jon Berezibar 2011ko mai. 4a, 12:35

Azken hiru asteetan hiruna segurtasun galera larri izan dituzte dagoeneko multinazional japoniarrean. Play Station kontsolaren sarea eta Sony Online Entertainmentekoa bertan behera daude uneotan, arazoa konpondu artean. Bi sare izanda ere, erasoa bakarra izan dela diote Sonytik eta lehen erasoaldia ikertzen hasitakoan jabetu direla aurrez uste baino larriagoa izan dela atakea. Guztira, agerian geratu dira 25 miloi erabiltzaileren datuak mundu osoan.

Apirilaren 20ko astean hasi zen amesgaiztoa Sonykoentzat. Orduan konturatu ziren Play Station kontsolaren milioika erabiltzaileren datuak ostu zizkietela Play Station 3 kontsola “pirateatzea” lortu eta gero.

Hain zuzen, ustezko eraso bat aztertzeko sarea etetean ohartu ziren lehenengo lapurretaz. Sare horrekin on-line jolastu, Interneten nabigatu edota eduki multimediak deskargatu ditzakete erabiltzaileek.
 
Hala, berehala etorri ziren erabiltzaileen kexa eta salaketak eta hori gutxi balitz zenbait hedabidek dagoeneko esan dute hackerrek eskuratutako datuok salgai daudela sarean. Izan ere, ikerlarien arabera, zenbait forotan erabiltzaileen kontu korronte zenbakiak saltzeko eskaintzak aurkitu dituzte eta iturri berberek diote erabiltzaileen datu horiek 68.500 euroren truke saiatu direla saltzen; 2,2 milioi erabiltzaileren izen, helbide eta kontu korronteetan berri jasotzen da datu horietan, guztiak Play Station Network izeneko sareko erabiltzaileak. Estatu Batuetan, San Diegon, dauka egoitza Sonyk eta bertako zerbitzarien aurka egin ei dute erasoa.


Hala eta guztiz ere, Sonyko zuzendarietako batek gezurtatu egin du aipatutako foro horietan idatzitako edozer, azalduz Sony bera saiatu zela eskainitako hori erosten. Aldi berean, erabiltzaileak lasaitu gura izan dituzte esanez kontu korronteen datuak zifratuta daudela.  

Erasoak baina ez dira hor geratu eta Sonyrentzat PS-ko datuen lapurreta amesgaiztoaren hasiera besterik ez da izan. Atzo bertan Sony Online Entertainment filialeko  Espainia, Alemania, Herbehereak eta Austriako 10.000 bat bezeroren banketxe-kontuak geratu ziren agerian, 2007 urteko datu base baten gordeta zeuzkatenak, hain zuzen.

Europatik kanpoko beste 2.000 bezeroren datuak ere eskuratu dituzte lapurrek. Kasu honetan ere bezeroak lasaitu gura izan dituzte Sonytik abisatuz kontu korronte zenbakia izanik ere, datu base hartan ez zeudela jasota kreditu txarteletako atzealdeko segurtasun kodeak. Horrekin batera Sony Online Entertainmenten izena emandako 24,6 milioi konturen izen, helbide posta elektroniko, pasahitz eta telefono zenbakiak ere ostu dituzte ez, ordea, kontu zenbakirik.

Azkenik bezeroei ere luzatu diete oharra eskatzeko erne ibil daitezela sareetako kontuetan gerta daitekeen “edozein mugimendu arrarorekin” eta gogorarazi diete Sonyk sekula ere ez dituela datuak posta elektroniko birtartez eskatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak