Aramaiokoa, beraz, zazpigarren edizioa izango da; Arrasaten hasi zen eta Debagoieneko herri gehienetan ospatu da dagoeneko. Aurten ere Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Bergara, Antzuola, Oñati, Soraluze –Debagoienean egon ez arren Trikitixa Egunean egon izan dira– eta Aramaioko trikitilariek hartuko dute parte. Gainera, aurten Zaldibarko trikitilariak ere gonbidatu dituzte: 400 trikitilari inguru espero dira guztira.
Laguntzaileei esker ona
Trikitixa Eguna ospatzen den herriko trikitixa taldeak antolatzen du. Hala, Aramaioko Trikitixa taldeak antolatu du aurten. Taldea duela 15 bat urte sortu zen, Aramaioko guraso batzuen bultzadari esker. Gurutze eta Josune Uribarren ahizpek hartu zuten irakasle lanetan aritzeko ardura. Egun 20 ikasle daude pandero klaseetan eta beste 21 trikitixa klaseetan. Bada, antolatzaileek nabarmendu gura izan dute maiatzaren 7ko Trikitixa Eguna antolatzeko "ezinbestekoa" izan dela, taldearen sorreran bertan gertatu zen moduan, Aramaioko hainbat gurasoren laguntza. Horrez gain, Udalari eta kolaboratu duten enpresa eta herriko taberna zein jatetxeei eskerrak eman gura dizkiete Trikitixa taldeak.
Hurrengoa, Eskoriatzan
Hurrengo Trikitixa Eguna Eskoriatzan egingo da. Hala, aramaioarrek trikitilari eskoriatzarrei lekukoa pasako diete ekitaldi nagusiaren amaieran.
Egitarau zabala, karpa eta guzti
10:45ean hasiko da jaia, talde ezberdinei egingo zaien ongietorrian. Talde bakoitzak toki zehatza izango du kalejiran aritzeko. Gero, 13:00etan, pilotaleku inguruan jarriko den karpa baten bilduko dira guztiak, eguneko ekitaldi nagusirako. Talde bakoitzak abesti bana joko du eta gero herri bazkaria egingo dute kiroldegian.
Bazkalostean, 17:30ak aldera, Gozategi taldearen kontzertua egongo da. Bestalde, hainbat sorpresa ere izango dira: zozketak, omenaldiak, dastatzeak...