Kalejira denek batera
10:30ean hasiko dute eguna. Arrasatera etorriko diren dantza taldeei harrera egingo diete herriko plazan. Ondoren, kalejira egingo dute herriko kaleetan. Denek batera egingo dute kalejira.
Eguerdian alardea egingo dute. Dantzak izango dira: Agurra, Bizkaiko dantzak, Markiña-Xemein eta Gorulari, Gipuzkoako zinta-dantza, Lesakako dantzak, Itai dantzak eta Arabako popurria. Dantza batzuk denek batera egingo dute eta beste batzuk taldeka. Hala, Markiña Xemein eta Gorulari Oñatz dantza taldeak egingo du; eta, Itai dantza Antzuolakoak. Gainera, Bizkaiko dantzak eta Lesakako dantzak mutilek dantzatuko dituzte eta Gipuzkoako zinta-dantza neskek.
Arratsaldean, berriro
Sara Merenderuen bazkaldu ondoren, 18:00etan berriro egingo dute alardea. Jota Fandago (Arrostaitz), Korrontxi (Lore gazteak), Soinu zaharrak (neskak), Gipuzkoako dantzak, Uztai handia (neskak), Domingillo eta Gorulari, Tuterako jota eta Larrain dantza egingo dituzte. Aurtengo berritasuna Soinu zaharrak izango da: "Gipuzkoako pauso ezberdinekin muntatutako dantza da. Ikastaro baten izan ginen, soinu zaharrak ikasten", azaldu du Itziar Ruiz de Azua Lore Gazteak taldeko kideak. Oñatz dantza taldeko Jesus Irizar Txutxin-ek gaineratu du talde bakoitzak bere berritasuna izaten duela, eta horrelako ekitaldiak aprobetxatzen dituztela erakustaldiak egiteko. Izan ere, erakustaldiak egitea izan zen Dantzari Eguna antolatzen hasteko asmoa.
Ezagutzera ematea
"Erakustaldiak egitea eta dantza taldeak ezagutzera ematea izan zen Dantzari Eguna antolatzeko helburua", azaldu du Txutxin-ek. Izan ere, dantza taldeek ez zituzten herrian dantza erakustaldirik egiten. Hala, Dantzari Egunarekin zazpi talde hasi ziren; gaur egun, lau taldek jarraitzen dute: Oinarin, Oñatz, Arrostaitz eta Lore Gazteak. "Lanean bagabiltzala erakutsi gura diegu herritarrei", azaldu du Ruiz de Azuak. Herritarren aldetik harrera ona izaten duten ekitaldiak direla gaineratu du. "Baldintza bakarra euria izaten da. Euria eginez gero Uarkapen izango dira ekitaldiak eta horrelakoetan jende gutxiago batzen da" dio.
Orain dela bi aste Oñatin egin zuten entsegu orokorra dantza talde guztiek. Dena prestatuta dute, hortaz, Arrasateko kaleak dantza eta musikaz girotzeko.