1. Askotan erabiltzen duzun esaldia da "Buah, txabal!"?
Ez, baina entzuten dut: esaldi topikoa da, eta, nolabait, hori esaten duen jendea nolakoa ez den irudika dezakezu.
2. 13 urterekin, lehen plaza. Adin horretan, zeri buruz bota daiteke bertsoa?
Nik prestatutako bertsoak bota nituela bakarrik dakit; bertso eskola osoak prestatu genituen; beraz, ez zen oso debut bertsolaria izan. Urduri bai, baina plaza zer zen, arrastorik ere ez.
3. Gaztetan bertso saioak parrandarako aitzakia ere izango ziren...
Urte batzuetan hala ziren. Baina hori ere gero eta gutxiago, zure lanaren beste kontzientzia bat hartzen zoaz-eta. Garai baten, akaso, aurretik zegoen parranda saioa baino, baina gero aldatuz doa.
4. Eskarmentu handia duzu finaletan. Bada bereziki gogoratzen duzunik?
Bizkaikoetan lehenengoa, 16 urterekin itzela izan zelako hara heltzea. Nagusikoetan, 2005ekoarekin geratzen naiz, ez txapeldunorde izateagatik bakarrik, baita ere txapelketetan zaila dena gertatu zelako: egun on bat, bertsotan gustura...
5. Txapeldunorde izatea azkena izatea baino okerragoa da?
Ez, zoragarria izan zen. Aurretik ere esaten nuen, lortu ahal nuen postu onena zela niretzat.
6. Finaletako askotan Igor Elortza izan duzu aurkari. Laguntasuna egon da inoiz kolokan?
Ezta pentsatu ere! Ez dut uste gutako inork bestea aurkari moduan ikusten duenik. Are gehiago, modu egoistan, komeni zaizu ondokoa ondo ibiltzea, langa altuago jartzen dizu-eta.
7. Nola gogoratzen dituzu Zazpi Eskale taldeko garaiak?
Oso oroitzapen onak ditut, Gu ta Gutarrak proiektuarekin borobildu zirenak. esperimentazio bide bat izan zen, asko ikasteko eta lagun onak egiteko. Gainera, Hertzainak nire betiko taldea izanda, Josu Zabalarekin lan egitea amets bat betetzea bezala izan zen.
8. Literatura, antzerkia, telebistako gidoiak... Pizkundeko gizona zaitugu, antza!
Horrela ikus dezakezu, edo kontsidera nazakezu eguneroko ogia irabazi behar duen autonomo bat; gertuago sentitzen naiz hortik.
9. Patillak dira zure ikur nabarmenetakoa. Inoiz mozteko asmorik?
Ez dut sekula pentsatu, baina ez dut egingo Amurizak bizarrarekin moduko promesik: moztekotan, libre izan gura dut erabakitzeko.
10. Umeak ez omen dituzu oso gustuko.
Egia da eurekin harremantzeko erraztasunik ez dudala, baina ilobak agertu heinean, ikasten zoaz. Beti izan naiz dialektikoagoa, intuitiboa edo sentibera baino.
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Groucho Marxek esandako hitz batzuekin bukatuko dut esaldia: sekula ez nuke onartuko ni lehendakaritzat onartuko nauen herrialde bateko lehendakari izatea.
Ez dut nire burua paper horretan ikusten, ezta pentsatu ere!".