Korrika 19

Euskalakariak Korrikarako motorrak berotzen hasi dira

Mireia Bikuña 2011ko mar. 28a, 15:11

Apirilaren 14an sartuko da Korrika Debagoienean: lehen kilometroak Elgetan egingo ditu 05:00etan. Egun handirako dena gertu dute gureko Korrikako arduradunek. Gaur aurkeztu dute egitaraua: musika, bertsoak, hitzaldiak, Korrika txikiak... izango dira nagusi datozen egunetan. Gainera, Patxi Uribarren euskaltzaina omenduko dute hilaren 14an. Korrikak 72 kilometro egingo ditu gurean. Atzerako kontaketa hasi da.

Dagoeneko badira 30 urte lehenengo Korrika egin zela; Oñatin hasi eta Bilbon amaitu zen edizio hura. Aurtengoa 17.a izango du. Apirilaren 7an hasita, Trebiñutik Donostiarako bidea egingo du, beti bezala, euskararen aldeko helburu garbiarekin.

Helburuak

Aurtengo Korrikaren leloa Euskalakari da eta euskara maitatzeko, ikasteko eta erabiltzeko deia izan nahi du. Korrikaren helburuetariko bat hizkuntzaren iraupena eta normalizazioa bermatzea da, baina badu bigarren helburu bat ere; Euskal Herri osoan zehar AEK-k dituen 100 euskaltegien jarduna finantzatzea.

Ibilbidea

Debagoienera apirilaren 14an iritsiko da; Elgetatik sartuko da 5:00etan, eta ondoren bailarako txoko guztietatik pasako da, Angiozar, Bergara, Antzuola, Oñati, Arrasate, Aramaio, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagatik.


Ver Korrika 17 Debagoienean en un mapa más grande

  • Elgeta: 05:06:03
  • Angiozar: 05:38:33
  • Bergara: 06:24:03
  • Antzuola: 06:56:33
  • Urretxu: 07:29:03
  • Zumarraga: 07:48:33
  • Urretxu: 08:08:03
  • Legazpi: 08:21:03
  • Oñati: 10:10:03
  • Arrasate: 11:28:03
  • Aramaio: 12:20:03
  • Aretxabaleta: 13:25:03
  • Eskoriatza: 13:44:33
  • Leintz-Gatzaga: 14:30:03

Korrika batzordeak eta egitarau zabala

Korrika, baina, ez da lasterketa ludiko hutsa, Korrikak makina bat ekitaldi antolatzen ditu gurean eta euskal kultura zabaltzeko ere aproposa da. Horiek antolatzen herri guztietan batzordeak lanean aritu dira eta euren lanaren erakusgarri da apirileko egitarau zabala.

Lan horretan parte hartzen ari diren guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete antolatzaileek eurek egin dutelako posible Korrikaren egitaraua; apirilean, beraz, gurean ere hainbat kantu afari, bertso afari, mendi irteera, antzerki emanaldi, Korrika txiki eta kontzertu egongo dira.

Euskaltzaindiari omenaldia

Ekitaldi horiez gain, Euskaltzaindia ere omenduko dute aurten; Arrasaten, apirilaren 14an Korrika herritik pasa ostean plazan egingo dute ekitaldia. Euskaltzaindiko ordezkari bezala, Aramaioko Patxi Uribarren omenduko dute. Uribarren omentzeko arrazoiak izan dira; bata, gure eskualdekoa dela, eta bestea, euskararen aldeko herri ekimenari egindako goraipamenak egitea.

Parte hartzeko deia

Bukatzeko, antolatzaileek deialdia egin diete herritar guztiei antolaketan parte hartu duten moduan, orain datozen ekitaldietan parte hartzeko, eta nola ez, Korrika egiten eta euskara erabiltzen jarraitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak