Aramaioko Gazte Asanbladako kide zara. Noiztik? Nola sartu zinen?
Noiztik? Betidanik, esango nuke [Barre]. Dena orain dela zazpi urte –nola pasatzen den denbora!– hasi zen. Lehenago bazegoen beste asanblada bat, baina poliki-poliki desagertzen joan zen.
Diru kopuru bat gordeta zuten eta diru horrekin ezer antolatzen ez zutenez, nire belaunaldiko lagunak urte batzuk nagusiagoak ziren aramaioarrekin elkartu ginen eta asanblada berri bat egiteko proposamena egin ziguten. Guk baiezkoa eman genien eta handik gutxira gu bakarrik geunden asanbladan.
Gogoratzen dut gure lehen lana 2004. urteko herriko jaiak antolatzea izan zela.
Zeintzuk izan dira zuen lorpen handienak herriari begira?
Herria mobilizatu egin dugu. Herri txikia da Aramaio, baina sekulako aukerak eskaintzen ditu eta aukera horiek ustiatzeko lan egin dugu. Lan horretan Udalarekin izan dugun harreman ona ezinbestekoa izan da, elkarlanean aritu gara.
Zazpi urte pasa dira dagoeneko. Egun, nola dago asanblada?
Oraindik bizirik dago eta ekintza askotxo antolatzen dira, eta, oro har, herriko ekimenetan parte hartzen dugu. Baina egia esan behar badut, ez dago oso ondo, belaunaldi aldaketaren beharra du asanbladak. Odol berriaren beharra daukagu, hain zuzen.
Aratusteak ospatuko dituzue bihar. Asanblada ez da oharkabean pasako, ezta?
Goizeko poteoa eta herri bazkaria antolatu ditugu. Lan handia da, baina argi dago gura dugulako egiten dugula. Eskertzekoa da halako egunetan herrian mugimendua eta giroa izatea, herria bizirik egotea. Hala ere, errelebu falta dago eta betiko laurok aritzen gara lanean.
Udalaren argazki artxiboa osatzen ere bazabiltza. Nola doa?
Aurrera doa, eta ez da gutxi. Uste baino argazki gehiago daude baserrietako kartoizko kaxetan gordeta. Horietako asko ikaragarriak dira, sekulako altxorrak. Oso gustura nabil, lan handia izan arren: eskanerra eta ordenagailua eskuan dudala gora eta behera ibili, auzoz auzo, baserriz baserri eta elkartez elkarte. Eta gero, material hori guztia etxean txukun gorde eta artxibatu egin behar da...
Hala ere, badu ordainsaria. Hamaika istorio –politak eta tristeak– entzuteko aukera daukat eta benetan polita da ikustea emakume nagusiei, esaterako, nola aldatzen zaien aurpegia gaztetako argazkiak ikusten dituztenean eta lagun artean gaztetako istorioak gogoratzen dituztenean. Bestalde, Udalarendako garrantzitsua da herriko historia gordetzea. Harribitxi horiek betirako gorde behar dira, nondik gatozen ez dezagun sekula ahaztu.
Arrasaterekin lotura handia duzu, besteak beste, bertako taberna baten egiten duzu-eta lan. Nola eragin dizu bidearen mozketak?
Bidearen mozketa ezin da Abiadura Handiko Tren barik ulertu. Makro -proiektu horretan egin duten suntsiketa lotsagarria da.
Lurizia izan ostean interes jakin batzuk zeuden bide hori ez zabaltzeko, eta aramaioarrok jasan ditugu ondorioak. Izan ere, lotsagarria da 300 metroko obra bat gauzatzeko 13 hilabete egotea eta segurtasuna erabiltzea aitzakia moduan. Lotsagarria da segurtasuna aitzakia hartuta, herri oso bat sekulako buelta ematera behartzea bide alternatibo hori egon den moduan egonda.
Amaitzeko, zerbait gaineratu gura duzu?
Herriko gazte guztiei Gazte Asanbladan parte hartzeko dei egiten diet. Etor daitezela bileretara. Helburua, finean, bizi-bizi dagoen Aramaio bat lortzea da. Hori eginda, ezingo du inork esan herri txikia denez ez dagoela zer eginik. Animatu eta parte hartu!