Tratu txarrak jasan dituen emakumea: "Dena aitortzean familiaren babesik jaso izan ez banu, ziur nago harekin jarraituko nuela"

Imanol Gallego 2011ko mar. 4a, 12:43

Tratu txarrak jasan dituen debagoiendar baten testigantza jaso du Egubakoitzeko Goiena paperak. Erreportaje zabal baten zatia da testigantza hori. Hemen elkarrizketa.

Emakume honek ez du ibilbide erraza izan; 10 urte luzean bikotekidearen zakarkeria, mespretxua, irainak eta zenbait kolpe ere jasan ostean, harekin ezkontzeko erabakia hartu zuen. Orain, begiak zabaldu ostean, bizitza berri bati hasiera eman dio. Oraindik momentu txar asko gogoratuko ditu, noizean behin atzera ere begiratuko du kalean barrean bakarrik doala ikusita, baina, horren guztiaren gainetik, bereak dituen bizitza eta duintasuna berreskuratzen dihardu.

Nola hasi zen guztia?
Ezingo nizuke lehen egoera bat deskribatu; eguneroko bizitzan eta ia era naturalean, nire senarrak bereganatu egin ninduen. Begirada gogor bat, garrasi bat, bultzada bat...  ohartu orduko haren menpe nengoen, eta, horrez gainera, biziki maite nuen pertsona da.

Ez da egoera erraza.
Guztiz kontrakoa, oso egoera zaila da, sentimenduak pentsamenduekin kontraesan konstantean daude, baina ni ez nintzen nire buruaren jabe. Hau gutxi balitz, nik hanka-sartze handia egin nuen. Honako hau: nire bigarren senarra da eta ez duzu bigarren ezkontza apurtzerik nahi. Batzuetan, gertakari oldarkor horien  erruduna nintzela pentsatzen nuen. Hau esatea gogorra egiten zait, baina bakarrik zahartzeari ere beldur nion. "Ez da senar perfektua izango, baina nire senarra da"; tankera horretako pentsamenduak izatera iritsi nintzen.

Kolpeek non egiten dute min handien, jasotzen zenituen tokian ala zure barrenean?
Barrenean, duda barik. Ubeldura bat egun batzuetan min egin ostean desagertu egiten da, baina nola ezaba dezakezu arrastorik utzi ez dizun kolpe bat? Kolpe bat jasotzea oso gogorra da, baina are gogorragoa da duintasuna galtzea. Denborarekin, haren emazte izatetik haren neskame izatera pasa nintzen. Etxea garbitu, janaria prestatu... sexuan ere horrela gertatzen zen, hark nahi zuenean eta nahi zuen eran egin beharra zegoen. Hura etxeko gizona zen eta hori aspektu guztietan argi uzten zuen, eta nik men egin behar nion.

Baina etxetik kanpo beste bat zen?
Etxetik kanpo, adeitsua zen arren, bere izaera noizean behin erakusten zuen. Batzuetan bere zakarkeria agerian uzten zuen, gehienbat nirekin. Festa batzuetako dantzaldian, han zeuden gizon guztiekin limurtu nahian ibiltzea egotzi zidan oso modu gogorrean; egoera ez ulertu arren, isildu egin nintzen eta egun hobe batekin egiten nuen amets.

Isiltasunak zure bizitzan pisu handia zuen?
Zuen eta dauka. Zorionez, nire etxeko paretak mardulak dira eta ez dut uste inork etxe barruan gertatzen zena sumatu duenik.

Horrenbesteko garrantzia dauka "zer esango dute?" horrek?
Niretzat bai. Salaketa jar dezakezu, etxetik bota, baina inguruak nola erantzungo du? Sinetsiko didate? Txorotzat hartuko naute? Jendea ez da parekoaren arazoetan sartzen. Nik badakit batek baino gehiagok zerbait susmatzen zuela, baina ez nuen erantzunik jaso, ez lehen, ezta orain ere.

Baina ez zinen salaketaren bat jartzera ausartu?
Ez zen ausardia kontua, edo akaso bai. Batetik, bakartasunari aurre egiteko gai zaren galdetzen diozu zure buruari behin eta berriro; eta bestetik, legeak zulo asko ditu. Epaiketan deklaratu ezean, epaiketak ez du aurrera egiten eta hura gehiago haserretzeko besterik ez luke balioko. Gainera, herri txiki eta tradizionaletan honelako arazoak ez dira ulertzen.

Dena den, behin lagun baten aurrean guztia aitortu zuen?
Ez zen guztia izan, zerbait puntuala izango balitz bezala azaldu zuen. Hala ere, nik laguntzat neukan horrek ez zuen erreakziorik izan, eta horrek min handia egin zidan. Laguntzat neukan eta ez zen laguntza eskaintzera ere ausartu. Are gehiago esango dizut, momentu hartan ez zion ezer esan hari ere, eta gaur egun lagun handiak dira.

Harrigarria.
Hipokrita, esango nuke, baina hura eta gizarte osoa. Zuk inkesta bat egingo bazenu, gizartearen %100ek genero indarkeria gaitzesten duela ziur nago. Baina haietatik, zenbatek egingo lukete zerbait? Gutxi batzuek. Jendeak ez du arazo gehiagorik nahi, eta, kalean irribarretsu eta alai agertzen den bitartean... etxe barrukoak ez du garrantzirik.

Haren lagunek nola erreakzionatu zuten zu ubeldura batekin kalera irten zinen hartan?
Lagunek galdetu egin zuten, baina nik gezur bat asmatu eta guztia bertan behera gelditu zen. Guztia honela gertatu zen: tabernara iritsi bezain laster, begiko ubelduragatik galdetu zidaten, eta nik esan nuen ate baten kontra jotako kolpe bat zela. Momentu hartan hura iritsi eta lagun batek esan zion: "Zer, orain emaztea jotzen duzu?". Nik behera begiratu nuen eta hark, barre algara artean, baietz esan zuen, beste hobbie bat izango balitz bezala. Horrek min handia egin zidan, harentzat kolpeak eta irainak jolas hutsak besterik ez zela erakutsi zidan, hark barrenean daukan portaera bat izango balitz bezala. Horrek, asko samintzeaz gainera, nik uste nuena baino arazo handiago baten aurrean nengoela konturarazteko balio izan zidan.

Horren guztiaren ostean, salaketa jarri beharrean, psikologo batengana joatea erabaki zenuten.
Erabakia nik hartu nuen. Lehen saioetan gauza asko atera ziren azalera. Hark kokaina kontsumoarekin jarraitzen zuela jakin nuen, eta aurrez geneuzkan arazoei gehitu zitzaien beste hau. Saio gutxiren ostean, psikologoa utzi, eta, aldaketa txiki batzuen ostean, betikoa izatera bueltatu zen. Horrela zen beti, momentu txar baten ostean, gizon berri bat izango balitz bezala azaltzen zen, baina luze jota, bi egunen ostean betikoa izatera bueltatzen zen. 

Kokaina hartzen duelako erru txikiagoa dauka?
Ez. Kokainak bere jokabide zakarra ageriago uzten zuen, baina horrelakoa da. Drogek egoera okertu bazuten ere, hura hasi zen gure artekoa okertzen. 

Hala ere, 10 urteren ostean harekin ezkontzea erabaki zenuen?
Bai, azken neurri moduan. Nire burua engainatu egin nuen eta ezkontza harekin guztia konponduko zela sinestera iritsi nintzen. Lelokeria izan zen eta badakit, baina norbait maite duzunean, lelokeria asko egiten dira, eta nik gizon horrekin gehiegitxo egin nituen.

Egun polita izan zen?
Egia esan, ez; ezkontza inguruko egunetan oso urduri egon zen eta irainak, mespretxuak... areagotu egin ziren. Askotan, emakumeok ezkontza eguna data polit bat bezala gogoratzen dugu; hori ez da nire kasua, ez zen egun tristea izan, baina polita ere ez.

Horren ondoren egoerak hobera egin zuen?
Guztiz kontrakoa. Haren kontrola areagotu egin zen. Dirua kontrolatzen zidan, nik etxean egon beharra nuen, ni pozik egoteak min egiten ziola zirudien. Astean zehar, nahiz aste bukaeretan, planak hark ezartzen zituen eta nik zerbait egiteko asmoa edukiz gero, asko haserretzen zen.

Zenbat aukera eman zenizkion?
Ezingo nuke zenbaki bat esan, baina gehiegi. Nik ez dakit hark maite ninduen edo ez, baina argi zegoen ez ninduela errespetatzen eta errespetu gabe... Hala ere, behin eta berriro barkatu nion eta mila formula ezberdin probatu genituen. Nor bere etxean, biok etxe berean, ezkonduta... dena probatu ostean, egun baten nahikoa zela ikusi nuen.

Nola izan zen egun hura?
Oso gogorra. Eguneko beste haserrealdiaren ondoren, nahikoa zela ikusi nuen. Telefonoa hartu eta haren amari deituko niola esan ostean, garrasiek gora egin zuten. Logelan giltzaperatu nintzen eta nire ahizpari deitu nion. Hark ez zuen ezer ulertzen eta nire senar ohia hemen zegoelako beldur handia ematen zion. Hark nire semeari deitu zion eta momentu hartan kontatu behar izan nion etxean gertatzen zen guztia. Ahizparen eta semearen babesa erabatekoa izan zen, eta argi daukat momentu hartan beste erreakzio bat izan balute, gaur egun harekin jarraituko nuela. Gaua bakoitzak logela baten igaro genuen, eta semeak nirekin egin zuen lo. Hurrengo egunean, semeak lanera alde egin bezain laster, barkamena eskatzera etorri zen. Niretzat azken barkamen horrek ez zeukan indarrik, faltsua zen, 13 urtean entzun behar izan ditudan ehunka gezurretatik beste bat. Gero hitz egingo genuela esan ostean maletak egin nizkion eta sarraila aldatu ostean, etxetik alde egin nuen inori ezer esan gabe. Ordutik hona ez dut harekin kontaktu gehiagorik izan, baina jendeak banaketa arrunt bat dela uste du.

Dena den, orain zure istorioa kontatzen ari zara?
Bai, niretzat katarsi bat da. Pasa dudan guztia atzean uzteko modu bat bezala daukat.

Hala ere, ez duzu zure daturik eman nahi?
Horrek lagundu egingo luke? Ez dut uste. Kontrako efektua lortuko nuke. Edota nire senar ohiaren haserrea piztea besterik ez nuke lortuko. Ez dut eredu izan nahi, baina hau irakurtzen duen bati etxean bizi duen infernutik ateratzeko balio badio, gauza on bat izango da.

Haren familiak hau guztia jakitean zer esan zuen?
Haren familiak ez nau ni babestuko. Gainera, badakite nolakoa den, baina ez dute... bat bezala ikusten. Arrebek izaera gogorra daukan pertsona bat bezala ikusten dute, baina gaur egun haren familiak ez nau arduratzen. Negar askoren ostean, haren inguruarekin moztea lortu dut. Lan handia daukat orain.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna?
Uf... modu askotan. Egia esan, hau guztia oso hurbil dago oraindik eta psikologo baten laguntzarekin nire sentimenduak ordenatzen dihardut; dena den, gaur egun, sentimendu kontrajarriak ditut. Batetik, aske nagoela sentitzen dut, ez dut alai nagoela esango, baina horrelako zerbait da. Bestetik, berriz, haserre eta saminduta egongo banintz bezala sentitzen naiz. Ez naiz nerabe bat, eta, neurri handi baten, azken 13 urte hauek nire ondoan egon behar ez lukeen pertsona bati opari egin dizkiot. Baina ziur nago, apurka-apurka, nire familiaren eta psikologoaren laguntzarekin hau guztia atzean uztea lortuko dudala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak