Elkargi: "Kreditu gutxiago emango dira, eta horien lorbidea zailagoa eta garestiagoa izango da"

Leire Kortabarria 2011ko ots. 21a, 18:14

Elkargi elkarrekiko garantia elkarteak abaletan 358,2 milioi euro formalizatu zituen 2010ean. Baliabide propioak, lehen aldiz, 100 milioitik gorakoak izan ziren, 106,8 milioikoak, hain zuzen, eta dagoeneko 11.494 enpresa dira Elkargiko bazkide. Horren berri eman zuten Victoriano Susperregi Elkargiko lehendakariak eta Jesus Alberdi kontseilari ordezkariak Elkargiren 2010eko ekitaldiari dagozkion datuen aurkezpenean.

Elkargik uste du 2011n enpresa finantzaketarako "kreditu gutxiago emango direla, horien lorbidea zailagoa izango dela eta finantza-kostua handiagoa izango dela".

Elkargiko arduradunen esanetan, "berankortasuna (morositatea) haztea ezaugarri nagusi" izan zen urtean, Elkargik bere kaudimena (solbentzia) areagotzea lortu zuen: %10,13tik %12,22ra pasatu zen. Zergen aurreko emaitzak 2,8 milioi eurokoak izan ziren.

Arduradunek uste dute Elkargiren balioa eta solbentzia ziurtatzera jo behar dutela aurten: "Aurreko urtean gertatu bezala, ekonomia eta finantzaren aldetik, eta enpresen aldetik egoera konplexua eta zaila denez, berankortasuna (morositatea) faktore erabakigarria izango da oraindik, eta horrek ezinbestean eskatzen du, oraindik ere, Sozietatearen balioa eta kaudimena bermatzera bideratutako duen kudeaketa eramatea, horregatik enpresen finantza-beharrei erantzuteari utzi gabe".

Euskadi, Eurogunearen pareko

Elkargik 2010eko egoera baloratu du eta 2011rako bere aurreikuspenak plazaratu ditu. Elkargiren esanetan, "herrialde garatu gehienak atzeralditik atereak dira, susperraldia motela eta luzea eta, nolanahi
ere, desberdina izango dela dirudien arren. NDFak egindako azken aurreikuspenen arabera, 2010ean munduko BPGa %4,8 igo izango litzateke, garatze-bidean dauden ekonomien hazkundea, berriz, %7,1an kokatuko litzateke, eta ekonomia aurreratuena %2,7an". Baina horren barruan ere aldeak egongo dira: AEBak %2,6 haziko dira; Japonia, %2,8, eta Eurogunea, %1,7.

"Espainiako Bankuak Espainiako ekonomiarako egindako aurreikuspenaren arabera, %0,1 jaitsiko da. Itxura guztien arabera, Espainiako ekonomiaren irteera krisialditik Europako beste herrialde batzuetan baino motelagoa eta luzeagoa izango da; egitura ekonomiko desberdina izatearen, defizit publikoaren mailaren eta langabezia-tasa altuen ondorioz", gaineratzen du Elkargik.

Euskal ekonomia zertxobait hobeto dago eta Eurogunearen antzekoagoa da: "Euskal ekonomiarako hazkunde-aurreikuspenak %1,4koak dira eta bi hiruhilekoz jarraian darama urte arteko tasa positiboekin (industria-sektorearen kanpoko saldoak eragina du BPGaren ekarpen positiboan). Aipatzekoa da euskal enpresa-ehuna
egiten ari den apustua dimentsionatzeko eta nazioartean hedatzeko, hori funtsezkoa baita haren etorkizuna bermatzeko".

Ohitura berriak finantzetan

Elkargik krisiaren amaiera ikusten du, baina "aldaketak" ekarriko dituela ohartarazten du, batez ere finantza-merkatuetan. "Ohitura berriak" etorriko direla esaten du, eta enpresak finantzatzeko moduan "eragina" izango dutela uste du Elkargik: "Iraganean onartutako zorpetze-mailak aurki ez dira onartuko. Arriskuarekiko gaitzespen handiagoko garaiari aurre egin behar diogu. Orduan, likidezia-arazoak argi eta garbi bereiziko dira ondare-arazoetatik, eta enpresek baliabide propio gehiago izan beharko dituzte". Horrenbestez, Elkargiren ondorioa da "kreditu gutxiago emango" direla, horiek lortzea "zailagoa" izango dela, eta kostu handiagoa izango dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak