Prozesionaria, bailarako pinuak jaten dituen izurritea

Leire Kortabarria 2011ko ots. 21a, 11:02

Saihesbidetik, errepideetatik, autobidetik… barrena autoz edo herrian bertan pinuen edo izeien inguruan oinez dabiltzanek igarriko zuten aurten zuhaitz horien adarretan eta adaburuetan itsatsita halako zaku txurixka batzuk. Betidanik izan dira Debagoieneko pinudietako paisaietako zati bat. Izurrite bat da: prozesionari edo pinu-beldar izurritea.

Aurten, horren hazitegi bihurtu da Debagoiena. Oñatiko Natur Eskolako Imanol Biainek hauxe esaten digu: "Azken bi urteotan asko ugaritu dira prozesionari-habiak. Negu leuna izaten gabiltza eta prozesionariek ez dute hemen etsai naturalik. Hemengo insignis pinua kanpotik ekarritako espeziea da, Mexiko iparraldetik, eta han baditu etsai naturalak, baina hemen, ez. Badaude txori mota batzuk, hemen ere, haren harrak jaten dituztenak, baina ez dira nahikoak".

Hala, indarrez zabaldu da pinu-beldarra aurten bailara osoan.

Beldar-habia. (Argazkia: Paolo Crosetto.)

Eguzki-begietan gusturen

Habiak dituen pinu, izei edo zedro horrendako zeharo kaltegarria da izurritea: pinuaren hostoak jan egiten dituzte, erabat biluzik utzi arte. Are gehiago, zuhaitz batzuen buruak zeharo erreta eta sikatuta daude. Arrasate Irratian elkarrizketatutako Fermin Lezeta basozainaren esanetan, izurriteak ez du zuhaitza hiltzen, berez, "baina galtzen joan daiteke, eta bestelako har edo zomorro batzuk joaten direnerako beharbada ezin izango da bere onera etorri". Bere esanetan, uda sikua baldin bada, "pinua ez da ondo osatzen". Izan ere, pinu-beldarrari eguzki-begiak eta epeltasuna gustatzen zaizkio. "Horregatik daude hainbeste errepide ertzetan, leku epelak direlako", esaten du Lezetak.

"Umeek uki ditzakete"

Gizakiondako, prozesionaria ez da bereziki arriskutsua. Hala ere, kaltegarria izan daiteke: "Gorputzean arantza antzeko batzuk dituzte, eta erresumina, hazkura handia sortzen duen sustantzia bat botatzen dute", esaten du Imanol Biainek. Animaliendako ere oso mingarriak dira. Beraz, ez dira ukitu behar, baina kontuz, inguruan ibiliz gero, batzuetan gainera jausten direlako harrak.

Bereziki adi ibili beharko dira paseatzen dabiltzanak. Aretxabaletan, esaterako, Santa Kurtz kaleko atzeko partean dagoen bidegorri alboko zuhaitzak hartuta ditu harrak.

Angel Loidi aretxabaletarra oso naturazalea da betidanik, eta kezkatuta dauka izurriteak: "Santa Kurtzeko izeiak etxebizitzen inguruan daude. Orain dela hiruzpalau urte jo zituen lehenengo aldiz izurriteak. Saihesbidetik beste aldeko zuhaitzek badute, eta handik ailegatu zaie", esaten du. "Herrian barrena badaude beste zuhaitz batzuk oraindik ondo daudenak, baina haietara ere zabalduko da, ez bada ezer egiten".

Bereziki kezkatuta dago Eskoriatzako Luis Ezeiza ikastetxe ondo-ondoan dagoelako zuhaitza zeharo gaixorik: "Umeak hasi daitezke harrekin jolasten eta haiek ukitu ditzakete", ohartarazten du. Bere iritziz, jendeak oraindik ez daki ze kalte egin dezaketen, eta horregatik ez dira neurriak hartu.

Beldar-habia ikastetxe pareko zuhaitzean.


Fumigatzearen polemika

Aretxabaletan, Udalak dagoeneko esan du neurriak hartuko dituztela, Joxe Anjel Antxia Ingurumen zinegotziaren hitzetan: "Bidegorri ondoan dauden sei izeiei adar-buruak moztuko dizkiegu". Gaineratzen du laster egingo dutela hori.

Foru Aldundiak zuhaiztiak fumigatzen zituen urtero, hegazkin txikiekin. Bergaran dagoen Eskualdeko Nekazaritza Bulegoko Mikel Azkaratek hauxe dio: "Iaz ez zuten fumigatu, aurrekontu murrizketagatik, baina aurten dagoeneko markatu ditugu fumigatu beharreko guneak".

Normalean, abuztu bukaeran izaten dira fumigazio-hegaldiak, eta bi produktu mota erabiltzen dira: bat, diflubenzuroia (Dimilin, izen komertziala) eta bestea, Bacillus thuringiensis delako zomorroaren toxinan oinarritutako produktu ekologikoa. Harrek horiek jaterakoan, produktuak haztea galarazten die. Mikel Azkarateren esanetan, gaur egun erabiltzen diren produktuak ez dira ekosistemarendako kaltegarriak.

Fumigazioak denetariko iritziak pizten ditu. Imanol Biainek hauxe dio: "Dimilin-ak akabatzen ditu espezie asko, tartean erleak, eta iturburuak kutsatu egiten ditu". Bere iritzia ere azaldu digu: "Hemen hainbeste pinu dagoen bitartean, prozesionaria izurriteak egongo dira. Pinudiak monolaborantzak izaten dira, eta hobe izango litzateke pinuak hemengo espezieekin tartekatzea".

Fermin Lezetak, aldiz, dio fumigatzeko produktuak "nahiko selektiboak" direla, baina onartzen du "beti" egongo direla beste lepidoptero edo tximeleta "batzuk", fumigatzeko produktua jaten dutenak eta kaltea izango dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak