Ezker abertzalearen alderdi berria: gehienak "baikor eta itxaropentsu"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko otsailaren 7a

Indarkeria guztiak irmotasunez errefusatu du ezker abertzaleak alderdi berriaren ezaugarriak, estatutuak eta norabide politikoaren berri ematean. Alderdi gehienek txalotu egin dute ekimena eta urrats garrantzitsua dela onartu dute. Erreakzioak batu ditugu.

Rafa Uribarren, EAJ

"Legezko izan behar da ezker abertzale tradizionala eta gizarte osoak hautagai guztiak bozkatzeko aukera izan behar du"

"Balorazio positiboa da. Bazen garaia. Aspaldi eman beharreko pausoa zen, baina berandu etorri arren, gure ongi-etorria eman behar diogu. Legalizazioa honen guztiaren ondorioa izan behar da, ez dago dudarik ezker abertzalea legezkoa izan behar dela. Alderdi guztiok joko-zelaian jokatu behar dugu eta gizarte osoak bere hautagaiak hautatzeko aukera izan behar du, baita ezker abertzale tradizionala ere. Ez dugu inola ere ulertzen bakea behin betiko izateko aukera hau nola gal dezaketen batzuek, pentsatuz, mantendu behar dela jokoz kanpo. Uste dugu alderdikeriaz jokatzea dela eta alderdiko interesak bilatzen dabiltzala. Inongo zalantza barik pentsatzen dugu legalizatu egin behar dela ezker abertzale tradizionala eta gizarte osoak hautagai guztiak bozkatzeko aukera izan behar du".

Jose Antonio Pastor, PSE-EE

"Urrats garrantzitsua da norabide onean, eta musika ona dauka"

"Atzo entzun genuena ez da sekula entzun lehenago, eta musika ona dauka. Norabide onean egindako urrats garrantzitsua da atzo ezker abertzaleak emandakoa. Alderdiaren legeztatzeaz, justiziak hartu beharko du erabakia"

Oxel Erostarbe, Aralar

"Espero dugu Estatuak edozein ideiari bide ematea eta hauteskundeetan libre aurkezten lagatzea ezker abertzalea"

"Aspalditik dihardugu esaten aldebakarreko erabakia hartu eta bide berriari bekin ziola Batasunak eta, estatutuen aurkezpena eginda, pentsatzen dugu pauso garrantzitsua dela eta inflexio puntua ere bai, apurtu egiten delako lehenagoko mezuekin eta, lehenago, indarkeriaren inguruan eta, bereziki, ETAren indarkeriaren inguruan, zeukan jarrerarekin. Guretako, berri pozgarria da jarraitzea ekindako bideari, eta espero duguna da, beti espero izan dugun moduan, Estatuak edozein ideiari bide ematea eta libre aurkezten lagatzea".

Antonio Basagoiti, PP

"Promesekin eta estatutuekin ez dira 900 hilotz estaltzen"

"Ez dugu berritasunik ikusten eta, gainera, promesekin eta estatutuekin ez dira 900 hilotz estaltzen. Ezker abertzaleko kideak sinesgarri izango dira bozetan ez badaude, hautetsirik, dirurik eta bozgorailurik ez badute eta hala ere ETAtik berezi direla esaten badute".

Pello Urizar, EA

"Beste pauso batzuk ere egongo dira eta EA hor egongo da babesten eta laguntzen"

"Konpromiso bat dago etorkizuneko ibilbide politikoa soilik bide politikoetatik eta baketsuetatik egiteko eta, zentzu horretan, aurkeztu diren estatutu eta artikuluekin ez dago inongo arrazoi juridikorik ez baimentzeko ezker abertzalea legezkoa izatea. Hortik aurrera, uste dugu beste arrazoi batzuk egon daitezkeela, arrazoi politikoak, zoritxarrez, eta horrek argi erakusten du sortzen ari den egoera berri honek urduritasunak sortzen dituela eta ahaleginak egingo dituztela hori atzeratzeko. Gero eta argiago geratu da, eta gizarteak ere hala ikusten du, benetako konpromisoa dagoela atzera bueltarik ez duen prozesuan parte hartzeko, beste pauso batzuk ere egongo dira eta zentzu horretan EA hor egongo da babesten eta laguntzen".

Iñaki Galdos, Hamaikabat

"Ezker abertzalea legeztatu eta, berehala, Legebiltzarrerako hauteskundeak deitu beharko lituzke Lopezek"

"Ezker abertzaleak beste urrats bat eman du bere legalizaziorako bidean. Esanda zuen prest zegoela urrats hauek emateko, eta gaur garbi adierazi du borondate eta asmo horrekin segitzen duela. Berri ona da. Baina, hori esan ondoren, zalantzak dauzkagu ikusita alderdi sozialistako eta popularreko hainbat ordezkarik zelako adierazpenak egin dituzten azken egunotan. Zain egon beharko dugu. Ezinbestekoa da, normalizazioaren bidean, ezker abertzalea legeztatzea. Baina beldur gara ez ote den gauzatuko, ikusita, PPk eta Alderdi Sozialistak zelako jarrera duten aspaldian. Ezker abertzaleak egin ditu urratsak. Eta, orain, legalizazioa gauzatu eta, berehala, Patxi Lopezek Legebiltzarrerako hauteskundeak deitu beharko lituzke, ezinbestekoa izango da-eta, Eusko Legebiltzar berria osatzea ezker abertzalea barruan dagoela".

Mikel Arana, Ezker Batua

"Ez dago aitzakiarik alderdi berriaren izen ematea ez onartzeko"

"ETAren indarkeria esperesuki gaitzetsita,  ezker abertzaleak urrats garrantziutsua egin du. Dagoeneko ez dago aitzakiarik alderdi berriaren izen ematea ez onartzeko. Auzitegiek alderdi berria legezkotzat joko ez balute, argi geratuko lirateke PSOEk eta PPk hauteskundeei begira eta alderdiko interesei jarraika segitzen dutela".

Oskar Matute, Alternatiba

"Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko beharra dugu"

"ETAren jarduera era esplizituan ukatu dute, eta argi utzi dute bide politiko eta demokratikoen aldeko apustuak ez duela atzera egiterik. Zein arrazoi izan dezake orain edozein demokratak hauteskundeetatik kanpo segi dezaten eskatzeko? Arrazoi bakarra hauteskunde interesa da. Dagoeneko ez dago ETA justifikatzen duen indar politikorik. Hortaz, Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko unea da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak