Arrasaten Santa Ageda korua ibiliko da baserriz baserri eta kalez kale. Goizeko 8etan meza entzun ostean, 8:30erako abiatuko dira Bedoñarantz eta Musakolarantz.
Bergaran Aranzadi ikastolako umeak aterako dira 15:30ean eta iluntzean gurasoak ibiliko dira kalez kale. Bestalde, Alai Taldeak ere Santa Ageda koplak abestuko ditu kaleetan 18:30etik aurrera.
Oñatin eskolako neska-mutikoak aterako dira. 10:30ean Elkar Hezikoak trikitiaren laguntzarekin. 15:00etan, ostera, Errekaldekoak eta Txantxiku ikastolakoak. Herri eskolakoak auzuneetan ibiliko dira eta ikastolakoak herriguneko kaleetan.
Aretxabaletan, 18:30ean hasita, Leizarra musika eskolako hainbat ikasle eta irakasle eta Aretxabaleta Abesbatzako kideak. Azken urteotan hartu dute kantuan irteteko ohitura, betiere Santa Ageda neska-mutilei trabarik egin barik eta eskean ibili barik: "Kintoek doinu ezberdinekin abesten zituztela koplak konturatu ginen, eta gure asmoa da Santa Agedaren bizitzako pasarteak jasotzen dituzten bertso horiek herritarrei ezagutaraztea gure kaleetako giroa alaitu bitartean", jakinarazi dute abesbatzako kideek.
Bestalde, 1992an jaiotako neska-mutilak Santa Ageda kantuan eta eskean joango dira baserriz baserri, goizean goizetik hasita.
Eskoriatzan 1993ko kintoak ibiliko dira koplak abesten baserriz baserri. Bihar, Santa Ageda eguna, kalean ibiliko dira eskean. Eta ilunkeran, 19:00etan, dantzan egingo dute plazan. Etzi ere dantzaldia egingo dute kintoek.
Bestalde, Kinttada Eguna egingodute bihar lehen aldiz. Eguerdian adin askotarikokintoek poteoa egingo dute, trikitilarien laguntzarekin, eta, jarraian, kintada bakoitza bere aldetik joango dea bazkaltzera. Santa Ageda egunaren bueltan kintoek elkartzeko eta batera afaltzeko ohitura dutel zapatuan; aurten, herria "girotzeko" deialdia egin dute:. Gutxienez, 8 edo 9 kintada batuko dira. Txapela edo zapia janzteko gonbita egiten dute.
Antzuolan, goizean goizetik santa eskean ibiliko dira baserriz baserri eta etxez etxe herriko kintoak. Iluntzean ere kantuan egiteko aukera egongo da abesbatzarekin. 18:30ean elkartuko dira kalez kale kantuan aritzeko. Galartza auzoko Santa Ageda ermitan domekan egingo dute ospakizuna. 12:15ean meza esango dute eta ondoren hamaiketakoa egongo da trikitilariekin. Biteri, Unanue eta Lezeta izango dira giroa alaitzen.
Elgetan Herri eskolako umeak aterako dira kantura. Baserritar jantziak eramateko eskatu dute ikastetxetik. 14:30etik aurrera ibiliko dira kaleetan barrena koplak kantatzen. Aurreikusita dute herriko sei gunetan kantuan egitea. Ibilbidea honakoa izango da: Uruburu, San Roke, Lasao, Salbador, Torrealdea eta Herriko Plaza. Gurasoak ere kantuan egitera gonbidatuta daude.
Argazki galeriak
- Joxe Felix Diaz de Tuestak iaz Arrasaten ateratako argazki eder hauek ikus ditzakezue Atauri bere blogean.
- Aretxabaletako neska-mutikoak kalean kantari