'Sinde' legea onartuta, eskubideen gatazka gera daiteke orain auzitan

Jon Berezibar 2011ko urt. 31a, 18:55

Iritziak:

  • Gorka Txamorro, Musikherria: "Kulturaren erabateko pribatizazioa bilatzen da"
  • Ainhoa Larrañaga, HUHEZIko Jabetza Intelektualeko irakaslea : "Beste eskubide batzuk urratzeko bidea zabaltzen da lege honekin"
  • Arkaitz Zubiaga, ingeniaria; "Diru gehien duten artistek are gehiago irabaziko dute"

 

Emendakin berri bati esker egingo du aurrera legeak, azkenean. Testu berrian, epailea prozesuaren lehen fasean sartzen da, baina funtsezko bestelako aldaketa gutxi dago, Gonzalez-Sinde ministroak berak baieztatu baitu "azaleko erreforma" dela. Urraketa egiten duten loturak ezabatzeko epea ere laburtu egin dute: 48 ordukoa izango da.

Kontuak kontu, aurreko bertsioan bezala, lege berriak Kultura Ministerioaren mendeko den batzorde bati ahalmena ematen dio euren irizpideen arabera egile eskubideak urratzen dituen webgune bat itxiarazteko, betiere, administrazioarekiko auzietako epaitegi baten baimena tarteko. Behin baimena jaso eta webgunearen kudeatzaileak ohartarazita, haiek 48 orduko epea izango dute lotura horiek borondatez ezabatu edo alegazioak aurkezteko. Estekak ez badira erretiratzen, hiru eguneko epean argitaratuko da epaia. 

Eskubideen arteko talka 

Eta hona hemen eskubideen arteko gatazkaren dantza: egilearen jabetza eskubideak, batetik, eta adierazpen askatasuna, intimitatea eta segurtasun juridikoa, bestetik. Interesen dantza ere, beraz, Ainhoa Larrañaga Huheziko Jabetza Intelektualeko irakaslearen ustetan "argi" baitago "egile eskubideen defentsaren izenean interes ekonomikoak" dabiltzala "babesten zenbait eskubide zanpatuta".

Bermeei dagokienez, askoren ustez, ezinbestean, gatazkan sakontzea ekiditen zaio epaileari eta, politikaz harago, "ikus-entzunezko enpresen lobby-aren eragina nabaria izan" dela dio lizentzia librean musika zabaltzen duen Musikherria egitasmoko kide Gorka Txamorrok, eta "azkenean, kosta ahala kosta, aurrera egin" duela legeak; interesa negozioa babestean egon dela, alegia.

Bi gatazka, baina lege bakarra

"Teknologiak aurrera egin ahala legea zaharkituta geratu delako" gertatu da hau guztia, Ainhoa Larrañagaren ustez, baina irakasleak argi eta garbi banatzen ditu bi debateak: "Gauza bat da egile batek bere obratik bizi izateko eskubidea bermatu ahal izatea eta bestea egile eskubideen izenean beste eskubide batzuk urratzeko bidea zabaltzea".

Lizentzia libreak

Gatazka horretan bestelako alternatibarik eskaintzen duenik ere badago; lizentzia libreena, kasu. Hain zuzen, Arkaitz Zubiaga informatikako ingeniariarentzat horixe da ihes egiteko era bakarra. Zubiagak dio "artista txiki bati oso ondo" datorkiola "lizentzia librearekin publikatzea, ze horrek oso zabalkunde erraza ekarriko baitio. Kontua da artista handiek ez dutela hori nahi eta euren asmo bakarra dela saltzea, saltzea eta saltzea, besterik ez".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak