Joxe Amiama: "Ikasle asko kexatzen dira duten lan karga arazoaz"

Edu Mendibil 2011ko ots. 1a, 01:03

Joxe Amiama tolosarra (45 urte) pedagogia eta psikopedagogia irakaslea da Donostian, EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Orain dela hiru urtetik Mondragon Unibertsitateko kolaboratzailea ere bada. Ikasleen etxeko lanen gaineko tesia gertatzen dihardu; DBHko 18 ikastetxe aztertu ditu. Otsailaren 9an Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean izango da; ikasleen gurasoendako saioa eskainiko du, 18:30ean.

Nolatan etxeko lanen gaineko tesia?
Familiaren eta eskolaren arteko harremana betitik interesatu zait eta are gehiago aita izan nintzenetik. Irakasleekin eta familiekin egin izan dut lan eta etxeko lanena izaten da askotan aipatzen den gaia. Eta unibertsitatean doktoregoa egiterakoan, tesia gai horri buruz egitea pentsatu nuen, besteak beste, askotan erabiltzen den errekurtsoa izan arren ikerketa gutxi dagoelako horren gainean.  Tesia aurten aurkeztea da asmoa. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 18 ikastetxe izan ditut kontuan eta datuen analisiaren fasean nago orain. DBHko 700 bat ikasle, 500 familia eta 250 irakasle ingururen iritziak jaso ditut. Ikerketa estratifikatua izan da eta denetik hartu izan dut kontuan: ikastetxe publiko zein pribatu, modelo ezberdinak (A, B eta D) eta bestelako barianteak. Aztertutako ikastetxean artean Debagoieneko bi daude: Elkar Hezi eta Bergarako Mariaren Lagundia.

Zure ikasle garaitik hona asko aldatu da etxeko lanen kontua?
Ez dakit. Hasierako inpresioa zera da: gero eta etxeko lan gehiago bidaltzen dituztela. LOGSE legearen sasoian, 1990. urtean, eskola asko etxeko lanen kontra azaldu ziren, eskolako lanarekin nahikoa zela adieraziz. Baina ematen du gaur egun etxeko lan dezente izaten dituztela ikasleek. Hipotesia, hau izan daiteke: nola eskolek beste gai batzuk hartu dituzten bere gain (bideko hezkuntza, sexu hezkuntza eta bestelakoak), geletan landu beharreko plus hori etxeetara bideratzen dela. Eta horrela matematika, fisika edota hizkuntzetako ariketak etxerako izaten dituzte askotan.

Gainera, ikastetxetik kanpoko jarduerak nabarmen gehitu dira azkenaldian, ala? Kirola dela, musika dela, ingelesa...
Oso interesgarria da gai hori. Izan ere, ikasle askok aipatu izan dute gai hori egindako inkestetan. Beraien ustez, irakasle asko eta asko ez dira konturatzen, eskolatik aparte gaztetxoak beste hainbat jardueretan dabiltzala. Egin ditudan inkestetan, bukaeran, ikasleek aukera zeukaten nahi zutena gehitzeko. Normalean jendeak ez du ezer gehitzen, aurretik nahikoa idatzi dutelako. Baina bitxia izan da askok aipatu izan dutela nolabaiteko lan-karga horren arazoa. Askotan ikasleen motxilari erreparatzea besterik ez dago. Gehiegizko pisua eramaten dute eta hori izan da hain zuzen ikasle askok azpimarratu duten arazoa.

Beharrezkoak al dira etxeko lanak?
Ez da erraza horri erantzutea. Batzuek eskolako lanarekin nahikoa dela esaten dute eta beste batzuek etxeko lanak errefortzu modua erabiltzearen garrantzia aldarrikatzen dute. Badira ohikoak ez diren etxeko lanak ere, derrigor eskolatik kanpo egitekoak: esaterako, aiton bati elkarrizketa egitea, haren bizimodua nolakoa izan den ezagutu dezaten. Planteamendu ezberdinak daude gai honen inguruan baina argi dago osotasun baten barruan aztertu behar direla etxeko lanak. Irakasleen helburuak zeintzuk diren, ikasleen ikuspuntutik zenbat denbora inbertitzen duten eta familian etxeko lanen kontua nola bizi duten kontuan hartu behar da. Tesiaren helburuak azken baten bi dira: batetik, ezagutzea gaurko errealitatea zein den (Euskal Herri mailan gauza handirik ez daukagu zentzu honetan), ikerketa exploratiboa esaten zaiona. Eta bestetik, ea zer ikasi dezakegun hortik egoera hobetzeko.

Izan ere, gatazkaren jatorria izaten dira etxeko lanak askotan.
Bai, etxeko lanak ezberdin ikusten direlako perspektibaren arabera, normala denez. Eskolak umea ikusten duen tokian, familiak semea edo alaba ikusiko du. Irakasleak ez dira guraso, baina gurasoak ere badira irakasle askotan. Gai gatazkatsua da etxeko lanena eta behin baino gehiagotan konprobatu izan dut hori, guraso asko segituan berotzen direlako gai hori ateratzen den bakoitzean. Gatazkaren jatorri izatea saihestu behar da beti.

Nolakoa saioa egingo duzue Oñatin, otsailaren 9an?
Etxeko lanen helburuak, onurak, eta ondorioak eta arriskuak ere bai aztertuko ditugu. Lehen hezkuntza, DBH zein Batxilergoko ikasleen gurasoak daude gonbidatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak